11. gantzuketa-olioa eta santutegirako intsentsu usaintsua. Nik zuri agindutakoaren arabera egingo dute guztia».
12. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
13. «Esan israeldarrei: Errespetatu nire larunbatak, hauxe baita belaunez belaun nire eta zuen arteko loturaren ezaugarria, jakin dezazuen nik, Jaun honek, aukeratu zaituztedala.
14. Errespetatu, beraz, larunbata, egun sakratua baita zuentzat. Larunbata profanatzen duenak heriotza-zigorra izango du; egun horretan lan egiten duena herritik bota egingo dute.
15. Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarren eguna larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du.
16. Beraz, israeldarrek belaunez belaun errespetatuko dute larunbata, betiereko konpromiso gisa.
17. Nire eta israeldarren arteko loturaren ezaugarri izango da, sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak eta zazpigarrenean lanari utzi eta atsedena hartu baitzuen ».
18. Jaunak, Sinai mendian Moisesekin hitz egiten amaitu zuenean, legearen bi harlauzak eman zizkion, Jainkoaren behatzez idatziak.
1. Herriak, Moises mendian luzatzen ari zela ikustean, Aaronengana bildu eta esan zion: —Ea, egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri.
2. Aaronek erantzun zien: —Kendu zeuen emazte eta seme-alabei urrezko belarritakoak eta ekarzkidazue.
3. Kendu zituzten herritar guztiek urrezko belarritakoak eta Aaroni eraman zizkioten.
4. Honek jaso, urrea urtu eta, zizelez landuz, zekor-irudia moldeatu zuen. Orduan, israeldarrek esan zuten: —Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!
5. Hori ikusirik, aldarea eraiki zuen Aaronek zekor-irudiaren aurrean, eta honela egin zuen oihu: —Bihar jai eginen dugu Jaunaren ohorez.
6. Biharamunean, goizean goiz jaiki eta erre-opariak eskaini zituzten eta elkartasun-opariak aurkeztu. Gero, otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.
7. Jaunak esan zion Moisesi: «Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu.
8. Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”»
9. Jaunak esan zion, gainera: «Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!
10. Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko».
11. Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: «Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?
12. Hara zer esango luketen egiptoarrek: “Asmo txarrez atera zituen Jainkoak, mendian hilarazteko asmoz, lurrazaletik ezabatzeko”. Ezti ezazu zeure haserre-sumin hori, egizu atzera herriari halako kaltea egitetik.
13. Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob zeure zerbitzariak eta haiei eman zenien zin-hitz hau: Zuen ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta zuei agindu dizuedan lurralde hau betiko ondaretzat emango diet».
14. Hala, Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.
15. Moises menditik jaitsi zen, legearen harlauzak eskuetan zituela. Harlauzak bi aldeetatik idatziak zeuden:
16. Jainkoak berak eginak ziren eta haietan idatzia ere Jainkoak berak zizelkatua zen.
17. Herriaren oihuak entzutean, Josuek esan zion Moisesi: —Entzun, guda-oihuak kanpalekuan!
18. Moisesek erantzun zion: —Ez dira garaileen oihuak, ezta garaituenak ere; festa-oihuak dira entzuten ditudanak.
19. Kanpalekura hurbildu ahala zekorra eta dantzak ikusi zituenean, haserre-sutan jarri zen Moises, eta harlauzak, eskuetatik jaurtiz, mendi barrenaren kontra puskatu zituen.
20. Zekorra hartu, sutara bota eta xehe-xehe egiteraino erraustu zuen; gero, errautsa uretan nahastu eta israeldarrei edanarazi zien.
21. Eta Aaroni galdegin zion: —Zer egin dizu herri honek? Nola eginarazi diozu halako bekatu larria?
22. Aaronek erantzun zion: —Ene jauna, ez zaitez sumindu. Ongi dakizu herri hau okerrera emana dela.
23. Zera esan didate: «Egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri».
24. Orduan, nik esan diet: «Ba al du inork urrerik?» Haiek urrea bildu eta ekarri egin didate; nik sutara bota eta, hara, zekor hau atera da!
25. Ohartu zen Moises Aaronen zabarkeriagatik herria bere onetik aterata zebilela, etsaien barregarri,
26. eta, kanpalekuan zutik, oihu egin zuen: «Betoz niregana Jaunaren aldekoak!» Lebitar guztiak bildu zitzaizkion.
27. Moisesek esan zien: «Honela dio Israelgo Jainko Jaunak: Har beza nork bere ezpata eta zeharkatu kanpalekua, aterik ate jendea hilez, nahiz eta anaia, laguna edo auzokoa izan».
28. Bete zuten lebitarrek Moisesen agindua, eta hiru milaren bat gizon hil ziren egun hartan.
29. Moisesek esan zuen, orduan: «Gaur Jaunari sagaratuak izan zarete, ezbairik gabe semea nahiz senidea hil duzuelako. Jaunak, beraz, bedeinkatu egin zaituzte gaur ».
30. Biharamunean, Moisesek esan zion herriari: «Bekatu larria egin duzue. Orain, Jaunarengana igo behar dut, ea barkazioa lortzen dizuedan».
31. Hala, Jaunarengana itzuli eta esan zion: —Benetan bekatu larria egin du herri honek, urrezko jainkoa eginez.
32. Baina otoi, barka iezaiozu; bestela, ken nire izena idatzia duzun biziaren liburutik.
33. Jaunak, ordea, erantzun zion: —Nire aurka bekatu egiten duena bakarrik kenduko dut nire liburutik.
34. Zoaz orain, eraman herria esan dizudan lekura. Nire aingeruak gidatuko zaitu. Baina iritsiko da zigor-eguna: orduan zigortuko ditut beren bekatuagatik.
35. Jaunak zigortu egin zuen herria Aaroni zekorra egiteko eskatu ziolako.
1. Koru-zuzendariarentzat. Daviden salmoa.
2. Jauna, pozik dago erregea zure indarrarengatik! Benetan alai, garaipena eman diozulako!
3. Desiratzen zuena eman diozu eta eskatua ez diozu ukatu.
4. Bedeinkapenez eta mesedez bete duzu, urre garbizko koroa ezarri.
5. Bizia eskatu dizu, eta zuk eman, amaigabeko egun luzeetan.
6. Zure garaipenaz, handia da haren ohorea; aintzaz eta ospez estali duzu.
7. Izan ere, betiko bedeinkazioa ematen diozu, zeure presentziaz pozarren jartzen.
24. Beraz, ene seme, entzun, adi egon nik esandakoari.
25. Ez bedi zure bihotza horrelako emakumearen atzetik abia, ez zaitez berarengatik galbidean jar,
26. asko izan baitira berak hondatuak, ugari, heriotzara eraman dituenak.
27. Harekin dabilena Hildakoen Egoitzarako bidetik doa.
31. «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.
32. Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala,
33. eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu.
34. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
35. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen;
36. biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”.
37. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman?
38. Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi?
39. Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?”
40. Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
41. «Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.
42. Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez;
43. arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”.
44. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?”
45. Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”.
46. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)