1. Betzalelek akazia-zurezko kutxa egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora.
2. Urre garbiz urreztatu zituen barne eta kanpoaldeak, eta urrezko hegala ezarri zion inguru guztian.
3. Urrezko lau eraztun urtu zituen kutxaren lau oinentzat, bi eraztun albo baterako eta bi besterako.
4. Akazia-zurezko hagak egin zituen eta urreztatu,
5. eta kutxaren bi alboetako eraztunetatik sarrarazi, kutxa eraman ahal izateko.
6. Urre garbizko estalkia egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal;
7. estalkiaren bi ertzetan bi izaki hegaldun egin zituen, urrez landuak,
8. bata ertz batean eta bestea bestean, estalkiarekin gorputz bat bera egiten zutelarik.
9. Hegoak zabalik zeuzkaten estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru zeuden, estalkiari begira.
10. Akazia-zurezko mahaia egin zuen: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora.
11. Urre garbiz urreztatu zuen eta urrezko hegala ezarri inguru guztian.
12. Zortzi zentimetro zabaleko uztai batez hornitu zuen, eta urrezko ertza egin uztaiari.
13. Urrezko lau eraztun egin zizkion eta lau oinen ertzei erantsi,
14. uztaiari atxikiz; haietatik hagak sarrarazi zituen mahaia eramateko eran.
15. Mahaia eramateko hagak akazia-zurez egin zituen eta urreztatu.
16. Mahaiko tresnak ere egin zituen: isur-oparietarako azpil, erretilu, katilu eta pitxerrak; urre garbiz egin zituen.
17. Urre garbizko argimutila egin zuen, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egiten zuten;
18. bi alboetatik sei beso ateratzen zitzaizkion, hiruna beso albo bakoitzetik.
19. Argimutilaren gerritik ateratzen ziren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti;
20. gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti.
21. Argimutilaren gerritik ateratzen ziren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa zuen behealdean.
22. Beso eta kopek gorputz bat bera egiten zuten argimutilarekin. Guztia urre garbiz landua zen.
23. Zazpi kriseilu egin zituen urre garbiz; su-hatzak eta errautsontziak ere urre garbizkoak ziren.
24. Hogeita hamabost kilo urre garbi erabili zituen argimutila eta hornigaiak egiteko.
25. Akazia-zurezko intsentsu-aldarea egin zuen, karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egiten zuten aldarearekin.
26. Urre garbiz estali zituen gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta urrezko hegala ezarri inguruan.
27. Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarri zizkion, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko.
28. Hagak akazia-zurez egin zituen eta urrez estali.
29. Sagarapenetarako gantzuketa-olioa eta intsentsu usaintsu garbia ere prestatu zituen, lurringileek egin ohi duten eran.
1. Akazia-zurez egin zuen erre-oparien aldarea, karratua: bi metro eta erdi luze-zabal eta metro eta erdi gora.
2. Lau adar egin zizkion lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea.
3. Egin zituen aldarerako tresnak ere: txingar-ontziak, palak, isipu-ontziak, sardexkak eta errautsontziak, brontzezkoak guztiak.
4. Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-ertzaren azpian ipini, aldare erdiraino jaisten zelarik.
5. Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetarako, haietatik hagak pasarazteko.
6. Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen,
7. eta aldare-alboetako eraztunetatik sartu zituen, aldarea eramateko. Oholez egin zuen aldarea, barrua hutsik.
8. Uraska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeen ispiluetako brontzez baliatuz.
9. Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurrituzko oihalak, berrogeita hamar metro luzekoak;
10. hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak;
11. iparraldetik, berrogeita hamar metro luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;
12. mendebaldetik, hogeita bost metro luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;
13. ekialdetik, hogeita hamabost metro luzeko oihalak:
14. sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin,
15. eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin.
16. Atari inguruko oihal guztiak liho-hari bihurrituzkoak ziren;
17. zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.
18. Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala.
19. Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak.
20. Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.
21. Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22. Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen.
23. Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24. Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
25. Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera;
26. erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
27. Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo.
28. Gainerako hemeretzi kiloak, kakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainak estaltzeko erabili ziren.
29. Jaunari oparitzat aurkezturiko brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen;
30. brontze honetaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sarrerako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guztiekin,
31. etxola inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.
9. «Jaunarengana jo du; libra dezala, bada! Salba dezala, hainbeste maite badu!»
10. Zuk atera nauzu amaren sabeletik, lasai eduki haren bularrean.
11. Zure esku nago jaiotzatik, zu zaitut Jainko amaren sabeletik.
12. Ez egon niregandik urrun, hurbil baitut arriskua, eta ez dut nork lagundurik.
13. Etsaiek inguratzen naute, zezen-talde handia bailiran, basabere izugarriak bailiran;
14. ahoa zabalik dute nire kontra, lehoi harraparien gisa orroka.
15. Badoaz nire indarrak, ur isuria irudi; koloka ditut hezur guztiak, urtzen ari zait bihotza, argizaria irudi.
21. Aberats egiten ditut maite nautenak, beraien altxortegiak betetzen.
51. Jesusekin zeudenetako batek ezpata atera, morroia jo eta belarria moztu zion.
52. Jesusek esan zion: «Itzuli ezpata hori bere tokira, zeren ezpataz ari dena ezpataz hilko baita.
53. Ala uste al duzu ezin diodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko lizkidake berehala ondoan.
54. Baina nola beteko lirateke, orduan, Liburu Santuak, honela gertatu behar duela baitiote?»
55. Une hartan, Jesusek jendeari esan zion: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero esertzen nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu.
56. Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin gertatu da». Orduan, ikasle guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten.
57. Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiaren etxera eraman zuten, han bilduak baitziren lege-maisu eta herriko zaharrak.
58. Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan amaitzen zen ikusteko.
59. Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko;
60. baina ez zuten aurkitu, gezurrezko lekuko asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziren,
61. esanez: «Honek esana du: Jainkoaren santutegia desegin dezaket eta hiru egunetan berreraiki».
62. Orduan, apaiz nagusiak zutitu eta galdetu zion: —Ez al diezu deus erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
63. Baina Jesus isilik. Apaiz nagusiak esan zion: —Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea.
64. Jesusek erantzun: —Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraindanik Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko duzue.
65. Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan: —Biraoa esan du. Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa.
66. Zer deritzozue? Haiek erantzun: —Heriotza merezi du.
67. Orduan, aurpegira listua bota eta ukabilkadak eman zizkioten; beste batzuek masailekoak ematen zizkioten,
68. esanez: «Asma ezak, Mesias, nork jo hau?»
69. Pedro kanpoan eseria zegoen, patioan; neskame batek ondoratu eta esan zion: —Hi ere Jesus galilearrarekin bizi hintzen.
70. Baina hark guztien aurrean ukatu zuen: —Ez zekinat zertaz ari haizen.
71. Ate ondora irten zen, eta beste neskame batek ikusi eta han zeudenei esan zien: —Jesus nazaretarrarekin ibilia da hau.
72. Pedrok berriro ukatu zuen, zin eginez: —Ez dut ezagutzen gizon hori.
73. Geroxeago, han zeudenek, hurbildurik, Pedrori esan zioten: —Bai, hi ere horietakoa haiz, noski; hizkeran ezagun duk.
74. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen: —Ez dut ezagutzen gizon hori. Une hartan oilarrak jo zuen.
75. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)