La Bible en un an

1. Jaunak dei egin zion Moisesi eta honela mintzatu zitzaion elkarketa-etxolatik:
2. «Esan israeldarrei: Zuetako batek Jaunari oparia eskaini behar badio, abere bat aukeratuko du, abelgorria nahiz abere xehea.
3. Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abelgorria bada, zekor akats gabea eskainiko da eta elkarketa-etxolaren sarrerara eramango, Jaunak atseginez onar dezan.
4. Eskaintzaileak eskua ezarriko dio buruan, eta Jaunak bere bekatuen ordaintzat onartuko dio.
5. Zekorra Jaunaren aurrean hilko du; apaizek, Aaronen ondorengoek, odola aurkeztuko dute eta odolaz elkarketa-etxolaren sarreran dagoen aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik.
6. Gero, eskaintzaileak erre-oparigaia larrutu eta zatitu egingo du;
7. apaizek sua egingo dute aldare gainean eta egurra jarriko sutan;
8. egurraren gainean haragi-zatiak atonduko dituzte, buru eta gantzekin batera.
9. Uretan garbituko dituzte hesteak eta hankak, eta guztia erabat erreko du apaizak aldarean. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.
10. «Erre-oparitzat eskaini beharrekoa abere xehea bada, arra eta akats gabea eskainiko da, aharia nahiz akerra;
11. eskaintzaileak aldarearen iparraldean hilko du, Jaunaren aurrean; gero, apaizek haren odolaz aldarea zipriztinduko dute alde guztietatik;
12. zatitu egingo du apaizak, eta zatiok, buru eta gantzekin batera, aldarean sutan jarritako egurraren gainean atonduko ditu.
13. Uretan garbituko dituzte hesteak eta hankak, eta guztia erabat erreko du apaizak aldare gainean. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.
14. «Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa hegaztia bada, usapala nahiz usakumea eskainiko da.
15. Apaizak aldarean aurkeztuko du eta, burua moztu eta odola aldarearen albo batean isuri ondoren, aldarean erreko.
16. Paparoa eta lumak kenduko dizkio eta aldarearen ekialdera botako, errautsen tokira.
17. Gero, ebakia egingo dio hego artean, baina hegaztia bitan banandu gabe, eta aldareko egurraren gainean erreko du. Erre-oparia da hau, Jaunak atseginez onartzen duen oparia.
1. «Norbaitek Jaunari labore-oparia eskaini behar badio, irin garbia eskainiko du; olioa isuriko dio gainera, intsentsua ere ezarriz;
2. gero, apaizei, Aaronen ondorengoei, eramango die, eta hauetako batek eskutada bat irin hartuko du olioarekin eta intsentsu guztiarekin batera eta aldarean erreko eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.
3. Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.
4. «Zuen labore-oparia labean errea bada, irin garbiz oliotan oraturiko legamia gabeko opilak eta oliotan bustiriko legamia gabeko taloak egingo dituzue.
5. Labore-oparia zartaginean errea bada, oliotan oraturiko irin garbiz eta legamiarik gabe prestatuko duzue;
6. zatitu egingo duzue, zatien gainera olioa isuriz; labore-oparia da hau.
7. Labore-oparia eltzean egosia bada, irin garbiz eta olioz prestatuko duzue.
8. «Opariak horrela prestatu ondoren, Jaunaren aurrera eramango dituzue eta apaizari aurkeztuko, honek aldareraino hurbil ditzan.
9. Apaizak opariaren zati bat aldarean erreko du eskaintzailearen oroigarritzat. Jaunaren ohorez erretako oparia da, berak atseginez onartzen duen oparia.
10. Eskaintzaren gainerakoa Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da; guztiz sakratua da, Jaunaren ohorez erretako opariaren parte baita.
11. «Ez diezue legamiarik ipiniko Jaunari eskaintzen dizkiozuen labore-opariei; ez duzue legamiarik, ez eztirik erabiliko Jaunaren ohorez erretzen diren oparietan.
12. Eskainiko dizkiozue, bai, legamia eta eztia lurraren lehen fruituen eskaintzan; baina ez aldarean, Jaunak atseginez onartzen duen oparigai bezala.
13. «Labore-opari guztiei gatza botako diezue; ez da faltako zuen Jainkoarekiko itunaren seinale den gatza labore-oparietan; beraz, oparigai guztiei gatza botako diezue.
14. «Jaunari lehen fruituen oparia eskaintzean, ale berria sutan xigortua eta xehatua eskainiko duzue;
15. olioa isuriko diozue gainera, intsentsua ere ezarriz. Labore-oparia da hau.
16. Apaizak ale xehatua eta olioaren parte bat intsentsu guztiarekin batera erreko du, eskaintzailearen oroigarritzat; Jaunaren ohorez erretako oparia da.
22. Salba nazazu lehoiaren ahotik, bufaloen adarretatik. Erantzun didazu!
23. Hitz egingo diet zutaz neure senideei, goretsiko zaitut batzarraren erdian.
24. Goretsazue Jauna, begirune diozuenok! Emaiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok! Adora ezazue, israeldarrok!
25. Jaunak ez du mespretxatu, ez du gutxietsi gizagaixoaren zorigaitza, ez du harengandik aurpegia saihestu: entzun dio deiadarra.
26. Zeuk eraginik, goretsiko zaitut batzar handian, neure promesak beteko ditut begirune dizutenen aurrean.
27. Asetzeraino jango dute behartsuek, Jauna goretsiko haren bila saiatzen direnek. Ez galdu adorea sekula!
28. Jaunaz oroituko dira lurreko herri guztiak eta harengana itzuliko; haren aurrean ahuspeztuko dira herrietako familia guztiak.
29. Jauna errege da, herri guztien nagusi!
30. Hari ahuspeztuko zaizkio lurpean lo daudenak, haren aurrean makurtuko hilobira jaitsiak, Jainko garaileak biziberritu egiten baitu.
31. Nire ondorengoek Jauna gurtuko dute, Jaunaz hitz egingo diete ondorengo gizaldiei,
32. «Beraz, semeok, entzun: Zoriontsuak nire bideetatik dabiltzanak!
33. Onartu heziketa zuhurrak izateko, ez baztertu.
34. Zoriontsua entzuten didan gizona, egunero nire etxe aurrean zain eta atalondoan jagole dagoena.
35. Aurkitzen nauenak bizia aurkitu du eta Jaunaren onespena izango.
36. Iraintzen nauenak, ordea, bere burua hondatzen du, gorrotatzen nautenek heriotza dute maite».
27. Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira eraman zuten eta gudari-taldeko denak bildu zituzten haren inguruan.
28. Soinekoak erantzi zizkioten eta purpurazko kapa batez jantzi zuten.
29. Arantzaz egindako koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin zioten esanez: «Agur, juduen erregea!»
30. Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten.
31. Nahiko iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, gurutzean josteko eraman zuten.
32. Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
33. Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (Golgotak «Burezur» esan nahi du),
34. behazunez nahasiriko ardoa eman zioten edatera. Jesusek dastatu bai, baina ez zuen edan nahi izan.
35. Gurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituzten zotz eginez.
36. Eta han gelditu ziren, eserita, zaintzen.
37. Buruaren gainaldean kondenaren arrazoia ipini zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea».
38. Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.
39. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin
40. eta esanez: «Santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duan horrek, Jainkoaren Semea baldin bahaiz, salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
41. Era berean, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten zioten, esanez:
42. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Israelgo errege omen duk hori; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu berarengan.
43. Jainkoarengan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zuen, bada, esaten Jainkoaren Semea zela?»
44. Orobat, berarekin gurutzean josiak zeuden lapurrek ere irain egiten zioten.
45. Eguerditik hirurak arte ilundu egin zuen lurbira osoan
46. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eli, Eli, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
47. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari da».
48. Eta berehala, haietako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion.
49. Besteek, ordea, zioten: «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»
50. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.
51. Eta horra, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren;
52. hilobiak zabaldu eta hilik zeuden santu asko piztu egin ziren:
53. hilobietatik irten eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion.
54. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten: «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau!»
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)