La Bible en un an

1. Zortzigarren egunean, Moisesek dei egin zien Aaroni, beronen semeei eta Israelgo herri-arduradunei.
2. Eta Aaroni esan zion: «Hartu zekor bat barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako, akats gabeak biak, eta aurkez itzazu Jaunaren aurrean.
3. Esan israeldarrei har dezatela aker bat barkamen-oparirako, zekor bat eta bildots bat, urtekoak eta akats gabeak, erre-oparirako,
4. zezen bat eta ahari bat elkartasun-oparitzat Jaunari eskaintzeko, eta olioz oraturiko irin-oparia. Gaur, hain zuzen, Jauna agertuko zaizue».
5. Elkarketa-etxolaren aurrera eraman zuten Moisesek agindu ziena; elkarte osoa hurbildu zen eta zutik zegoen Jaunaren aurrean.
6. Moisesek esan zien: «Horra Jaunak egiteko agindu dizuena, bere presentzia aintzatsua ager diezazuen».
7. Gero, Aaroni esan zion: «Hurbildu aldarera eta eskaini zeure barkamen-oparia eta erre-oparia, zeure aldeko barkamen-ohikunea egiteko; eskaini herriaren oparia ere, beraren aldeko barkamen-ohikunea egiteko, Jaunak agindu bezala».
8. Hurbildu zen Aaron eta bere barkamen-opariko zekorra hil zuen.
9. Semeek odola aurkeztu zioten, eta hark, behatza odoletan bustirik, aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen.
10. Oparigaiaren gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuen gantza aldarean erre zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala;
11. alabaina, haragia eta larrua kanpalekutik atera eta erre egin zituen.
12. Gero, erre-opariko aharia hil zuen Aaronek; semeek odola eraman zioten, eta hark aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.
13. Ondoren, oparigaiaren zatiak eta burua eraman zizkioten eta Aaronek aldarean erre zituen.
14. Hesteak eta hankak garbiturik, erre egin zituen beste zatien gainean.
15. Ondoren, herriaren oparia aurkeztu zuen Aaronek; herriaren aldeko barkamen-opariko aharia harturik, hil egin zuen eta barkamen-oparitzat eskaini, zekorrarekin egin zuen bezala.
16. Erre-oparia ere eskaini zuen, arautua zegoen eran.
17. Baita labore-oparia ere; hartatik esku bete harturik, aldarean erre zuen, goizeko erre-opariaz gain.
18. Herriak elkartasun-oparirako eskainiriko zezena eta aharia hil zituen; semeek odola eraman zioten, eta Aaronek aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.
19. Zezenaren eta ahariaren buztanak, heste gaineko gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuena eraman zizkioten
20. eta, bularraren gainean ezarririk, erre egin zituen.
21. Gero, bularra eta eskuineko izterra aurkeztu zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala, errituzko aurkezpen-keinua eginez.
22. Barkamen-opari, erre-opari eta elkartasun-oparien eskaintza amaitu zuenean, Aaronek, herriaren gainera eskuak jasorik, bedeinkatu egin zuen, eta ondoren aldaretik jaitsi egin zen.
23. Moises eta Aaron elkarketa-etxolan sartu ziren; berriro irtetean, herria bedeinkatu zuten. Orduan, Jaunaren presentzia aintzatsua agertu zitzaion herri osoari.
24. Jaunaren aurretik sua atera zen eta aldare gaineko erre-oparigaia eta gantzak kiskali zituen. Hori ikustean, herri osoak oihu egin zuen pozez, eta ahuspez jarri zen.
1. Aaronen seme Nadabek eta Abihuk, nork bere errautsontzia harturik, bertan sua egin eta intsentsua ezarri zuten; horrela, Jaunak agindu gabeko eskaintza aurkeztu zioten.
2. Orduan, Jaunaren aurretik sua atera eta kiskali egin zituen; hantxe bertan hil ziren.
3. Moisesek Aaroni esan zion: «Horretaz ari zen Jauna hau esatean: Hurbiltzen zaizkidanek nire santutasuna errespetatu behar dute eta ni ohoratu herri osoaren aurrean». Aaron isilik gelditu zen.
4. Gero, Moisesek Aaronen osaba Uzielen seme ziren Mixaeli eta Elitzafani dei egin eta esan zien: «Zatozte! Kendu zeuen ahaideen gorpuak santutegi aurretik eta atera kanpalekutik».
5. Hurbildu ziren haiek eta, beren tuniketan bildurik, kanpalekutik atera zituzten, Moisesek agindu bezala.
6. Moisesek esan zien Aaroni eta Eleazar eta Itamarri, haren beste bi semeei: «Zuek ez utzi ilea harro eta ez urratu jantziak, dolua adierazteko, zuek hil eta Jauna elkarte osoaren aurka haserretzea nahi ez baduzue. Israeldar guztiek, zuen senideek, egingo dute dolu, Jaunak suaz hil dituen horiengatik;
7. zuek ez aldendu elkarketa-etxolaren sarreratik, hil nahi ez baduzue, olioz Jaunari sagaratuak baitzaudete». Moisesek agindu bezala egin zuten.
8. Honela mintzatu zitzaion Jauna Aaroni:
9. «Zuk eta zure semeek, elkarketa-etxolan sartu behar duzuenean, ez duzue ardorik, ez alkohol-edaririk edango, hil nahi ez baduzue.
10. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun; horrela, zer den sakratu eta zer profano, zer garbi eta zer kutsatu bereizi ahal izango duzue,
11. eta nik, Jaunak, Moisesen bidez emandako legeak israeldarrei irakasteko gai izango zarete».
12. Moisesek Aaroni eta honi gelditzen zitzaizkion semeei, Eleazar eta Itamarri, esan zien: «Hartu labore-oparia, Jaunaren ohorez erretako oparitik gelditua, egin legamia gabeko ogiak eta jan aldare ondoan; guztiz sakratua denez,
13. toki sakratuan jango duzue. Horixe da Jaunaren ohorez erretako oparitik zeuri eta zure semeei dagokizuen partea, Jaunak agindu zidan bezala.
14. Israeldarrek elkartasun-oparitzat eskainitako aberearen bularra eta izterra ere, Jaunari aurkeztua bata eta zuentzat aparte utzitakoa bestea, toki garbian jango dituzue zeuk eta zure seme-alabek. Horixe da israeldarren elkartasun-oparietatik dagokizuen partea.
15. Izterra eta bularra Jaunaren ohorez erretako oparien gantzarekin batera eramango dituzte eskaintzaileek eta, errituzko aurkezpen-keinua eginez, Jaunari aurkeztuko. Zeuri eta zure semeei dagokizuen partea da betiko, Jaunak agindu bezala».
16. Moisesek barkamen-opariko akerraz galdegin zien orduan, eta jadanik errea zela jakin zuen. Haserretu egin zen Moises Aaronen seme Eleazar eta Itamarren kontra, eta esan zien:
17. —Zergatik ez duzue barkamen-oparigaia toki sakratuan jan? Guztiz sakratua da, elkartearen errua kentzeko eta Jaunaren aurrean haren aldeko barkamen-ohikunea egiteko Jaunak zuei emana.
18. Akerraren odola santutegi barrura eramana izan denez gero, toki sakratuan jan behar zenuten, agindu nizuen bezala.
19. Aaronek erantzun zion: —Zuk dakizu zer gertatu zaidan gaur, israeldarrek Jaunaren aurrean beren barkamen-oparia eta erre-oparia eskaini dituzten egun honetan. Ontzat emango ote zuen Jaunak gaur nik barkamen-oparigaia jatea?
20. Ontzat eman zuen Moisesek erantzuna.
1. Davidena. Jauna, zuregana jasotzen dut gogoa.
2. Ene Jainko, zuregan dut konfiantza: ez diezadala usteak huts egin! Ez daitezela etsaiak nitaz poztu!
3. Zuregan itxaron dutenei ez die inoiz usteak huts egingo; bai, ordea, arrazoirik gabe baztertzen zaituztenei!
4. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun.
5. Zuzen nazazu, zurekiko leial izan nadin, irakats niri, zu baitzara salbatzen nauen Jainkoa; zuregan itxaron dut etengabe.
6. Ekarri gogora, Jauna, zeure errukia eta maitasuna: betidanikoak dituzu.
7. Ez gogoratu, ordea, Jauna, nire gaztetako bekatuak eta nire errebeldiak. Gogora nazazu zeure maitasunaz, zure ontasunari dagokionez.
13. Andere Zorakeria zaratatsua da, tentela eta ezer ulertzen ez duena.
14. Etxeko ate ondoan dago eserita, hiriaren goialdeko eserleku batean,
15. bidean zuzen doazen ibiltariei zera aldarrikatzen:
16. «Heldutasun gabekoa, betor hona!» Zentzugabeari esaten dio:
17. «Gozoa da lapurtutako ura, benetan ona isilpeko ogia!»
18. Ez daki beraren gonbidatuak hilik daudela, Hildakoen Egoitzan daudela jadanik.
23. Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:
24. —Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.
25. Jesusek gogor eraso zion: —Isil hadi eta irten horrengandik!
26. Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik.
27. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»
28. Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.
29. Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin.
30. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi.
31. Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien.
32. Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi.
33. Herri osoa bildu zitzaion atarian.
34. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.
35. Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen.
36. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren;
37. aurkitzean, esan zioten: —Jende guztia zure bila dabil.
38. Hark, ordea, erantzun: —Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.
39. Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.
40. Legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion: —Nahi baduzu, garbi nazakezu.
41. Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez: —Nahi dut, izan zaitez garbi.
42. Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.
43. Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:
44. —Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.
45. Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)