La Bible en un an

1. «Egarri zareten guztiok, etorri uretara, etorri, dirurik ez duzuenok ere! Etorri, hartu garia eta jan, hartu ardoa eta esnea, dena hutsean, ordaindu gabe.
2. Zergatik gastatu zeuen dirua goserik utziko zaituzten janaritan, eta lansaria aseko ez zaituzteten gauzetan? Entzun niri arretaz, eta ongi jango duzue, janari gozo mamitsuz elikatuko zarete.
3. Etorri niregana eta egon adi, entzudazue eta biziko zarete. Betiko ituna egingo dut zuekin, Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz.
4. Nik herrientzako testigu jarri nuen hura, nazioen buruzagi eta agintari.
5. Zuk herri ezezagunei egingo diezu dei, eta ezagutzen ez zintuzten herriek zuregana joko dute lasterka, nik, zure Jaunak, Israelen Jainko santu honek, ospez jantzi zaitudalako».
6. Bila ezazue Jauna, aurki dezakezue eta; egiozue dei, hurbil duzue eta.
7. Utz beza gaiztoak bere bidea, gaizkileak bere asmo txarrak. Bihur dadila Jaunarengana, gupidaz hartuko baitu; bihurtu gure Jainkoarengana, guztiz barkabera baita.
8. Hau dio Jaunak: «Egiaz, nire egitasmoak ez dira zuenak bezalakoak, ezta nire jokabidea ere zuena bezalakoa.
9. Nola zerua lurraren gainetik garai, halaxe nire jokabidea zuenaren gainetik eta nire egitasmoak zuenen gainetik.
10. «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe, emankor bihurtu eta ernamuindu gabe, ereiteko hazia eta jateko ogia sor ditzan;
11. berdin nire ahotik irtendako hitza ere: ez da niregana itzultzen bere eragina izan gabe, baizik eta nik nahi dudana egiten du eta nik ezarritako helburua betetzen».
12. Pozaren pozez irtengo zarete, bake osoan ekarriko zaituztete. Zuek ikustean, mendi eta muinoek poz-irrintzika ekingo diote, landako zuhaitz guztiek txalo joko.
13. Laharren ordez zipresak haziko dira, asunen ordez mirtoak. Jaunarentzat ohoragarri izango da, sekula ezabatuko ez den ezaugarri.
1. Hau dio Jaunak: «Errespetatu zuzenbidea, egin justizia, iristear baitago nire salbamena, agertzear nire garaipena.
2. Zorionekoa nire aginduen arabera jokatzen eta horretan leial irauten duena, larunbata profanatu gabe errespetatzen eta ezer txarrik egiten ez duena!»
3. Jaunari atxiki zaion atzerritarrak ez dezala inola ere esan: «Bere herritik baztertu egin nau Jaunak». Irenduak ere ez dezala esan: «Zuhaitz ihartua besterik ez naiz».
4. Izan ere, hau dio Jaunak: «Irenduei, nire larunbata errespetatzen badute, niri atsegin zaidana gogotsu egiten eta nire itunari tinko eusten badiote,
5. beren izenaren oroitarria egingo diet neure tenpluan eta hiriko hormetan: seme-alabak edukitzea baino hobe izango dute hori, sekula ezabatuko ez den izena emango baitiet.
6. «Eta nire kultu-zerbitzurako, ni maitatu eta nire zerbitzari izateko atxikiko zaizkidan atzerritarrak, larunbata profanatu gabe errespetatzen eta nire itunari tinko eusten badiote,
7. neure mendi santura ekarriko ditut eta neure otoitz-etxean pozez beteko. Atseginez onartuko ditut neure aldarean haien erre-opari eta sakrifizioak, nire etxea herri guztientzat otoitz-etxe izango baita».
8. Hau dio israeldar sakabanatuak biltzen dituen Jainko Jaunak: «Orain arte bildu ditudanak baino gehiago ere bilduko ditut».
9. Etorri jatera, basapiztiok, etorri, basabereok!
10. Israelen begiraleak itsu daude, ez da inor ezertaz ohartzen. Zaunkarik egin ezin duten txakur mutuak dira; hor daude etzanda, ametsetan, beti logura.
11. Aseezineko txakur goseak dira. Eta horiek dira herriaren artzain, ezer ulertzeko gauza ez direla! Nor bere bidetik doa, bere probetxuari baino begiratu gabe.
12. Hau diote: «Ea, goazen ardotara. Mozkor gaitezen pattarrez! Eta bihar beste horrenbeste, nahikoa baitago!»
5. Nor Jauna, gure Jainkoa, bezalakorik? Gorenean du jarria tronua,
6. baina makurtu egiten da, zerutik lurrera begiratzeko.
7. Gizagaixoa hautsetatik altxatzen du, behartsua zaborretatik ateratzen
8. eta handikien artean, bere herriko nagusien artean, jartzen.
9. Emakume agorrari ohore ematen dio etxean, haurrak eman eta ama zoriontsu egiten. Aleluia! Gora Jauna!
20. Egurra amaitzean, sua itzali; iraintzailerik gabe, kito liskarra!
21. Ikatzak txingarra, egurrak sua: berdin suspertzen liskartiak sesioa.
1. Nik, Jaunarengatik preso nagoen honek, hartu duzuen deiari dagokionez bizi zaiteztela eskatzen dizuet.
2. Izan apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez.
3. Saia zaitezte Espirituak ematen duen batasunari eusten, elkartzen zaituzten bakeaz.
4. Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, egin zaizuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra den bezala;
5. bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa,
6. bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoena, guztien bidez ari dena eta guztiengan bizi dena.
7. Baina gutariko bakoitzak Kristok eman nahi izan dion neurrian hartu du dohaina.
8. Horregatik dio Liburu Santuak: Gorenera igo zenean, gatibuak berekin eraman zituen eta gizakiei dohainak eman zizkien.
9. Igo zela esatean, zer esan nahi du, aurrez beheko lur honetara jaitsi zela baizik?
10. Jaitsi zen hura, zeru gorenera dena betetzera igo dena bera da.
11. Bera da batzuk apostolu egin zituena, beste batzuk profeta, beste batzuk berri onaren hotsegile, beste batzuk artzain eta irakasle.
12. Horrela, gai egiten ditu fededunak beren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza hazarazteko,
13. harik eta denok elkarrekin sinesmen eta Jainkoaren Semearen ezagutza berbera izan arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko, izatera iritsi arte.
14. Ez gaitezen haur izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta harat-honat eramanak, uste okerretan erorarazteko trebe den jende maltzurrak engainatuak.
15. Alderantziz baizik, maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua
16. eta berak ematen dio gorputz osoari barne-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakoitzak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz doa.
17. Hona, bada, zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: ez zaiteztela bizi sinesgabeak bizi diren bezala; buruarinak dira
18. eta adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira, beren burugogorkeriagatik ezjakintasunean murgilduak baitaude.
19. Zentzu morala galdurik, lizunkeriara jo dute, aseezineko antsiaz era guztietako bizioetara emanak bizitzeko.
20. Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena.
21. Entzun duzue, izan ere, hartaz hitz egiten eta, Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, hau ikasi duzue:
22. alde batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela;
23. eta, bestetik, zeuen gogo-bihotzak berritu
24. eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera biziera zuzena eta santua eramateko.
25. Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara.
26. Haserretzen bazarete ere, ez heldu bekatu egiteraino; zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun.
27. Ez eman inolako aukerarik deabruari.
28. Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko.
29. Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila.
30. Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horrekin markatu baitzaituzte Jainkoak zigiluz bezala, askapen-egunean zuek bereizteko.
31. Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik, ezta inolako gaiztakeriarik ere.
32. Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)