1. Orduan, Moisesek eta israeldarrek kanta hau abestu zuten Jaunaren omenez: «Jaunaren omenez abestuko dut, egundoko garaipena lortu baitu, nola zaldiak hala zaldunak itsas hondora amilduz.
2. Jaunari diot abesten, bera dut indar, bera salbatzaile. Neure Jainkoa dut: gorespen hari! Neure aitaren Jainkoa: goraipatua bedi!
3. Gudari da Jauna, Jauna du izena.
4. «Jaunak itsasoan hondoratu ditu faraoiaren gurdi eta gudarostea, Itsaso Gorrian murgildu gudalbururik bikainenak.
5. Itsasoak ditu azpiratu, hondora jaitsi dira harritzarraren antzera.
6. «Zure eskuina, Jauna, izugarri indartsu! Etsaia desegin du.
7. Zeure ahalmen handiaz dituzu arerioak zanpatu; haserre-sua piztu eta lastoa bezala erre.
8. Zuk haserrez haize eman eta urak metatu dira; uhinak harresi gisa zutitu, itsas urak tinko gelditu.
9. Etsaiak pentsatu zuen: “Pertsegitu eta harrapatuko ditut, lapurtu eta harrapakina banatuko, aseko dut neure gutizia. Ezpata zorrotik atera eta haietaz jabetuko naiz”.
10. Baina zuk haize eman eta itsasoak irentsi ditu; ekaitz-uretan hondoratu dira berunaren antzera.
11. «Nor zu adinakorik, Jauna, jainkoen artean? Nor zu adinakorik, zure santutasunak dirdai egitean? Nor zu adinakorik gauza harrigarri eta izugarriak egiten?
12. Zuk eskua luzatu eta lurrak etsaiak irentsi!
13. Maitasunez gidatzen duzu askatu duzun herria. Indarrez daramazu zeure egoitza santura.
14. Hau entzutean, herriak larri dira filistearrak beldur-ikaraz,
15. Edomgo buruzagiak dardaraz; Moabeko handikiak izuturik, kanaandar guztiak asaldaturik.
16. «Jauna, zure beso indartsuaren eraginez, hor daude herriak harri eta zur, izuak eta beldur-ikarak harturik, zuk eskuratu duzun herria igaro bitartean!
17. Jauna, zuk sarrarazten duzu zeure herria eta zeure mendian landatzen, zeure ondarean, zeure egoitza egin duzun lekuan, zeure eskuz eraiki duzun santutegian.
18. Jauna errege da betierean!»
19. Faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldunak itsasoan sartu zirenean, Jaunak itsas urak gainera erorarazi zizkien; israeldarrak, ordea, itsas erditik igaro ziren oinik busti gabe.
20. Miriam profetesak, Aaronen arrebak, danbolina hartu zuen eta emakume guztiak atzetik joan zitzaizkion, dantzan eta danbolina joz.
21. Miriamek honela eman zion hasiera kantuari: «Kanta Jaunaren omenez, garaipen harrigarria lortu baitu, nola zaldiak hala zaldunak itsas hondora amilduz».
22. Moisesek israeldarrak abiarazi zituen Itsaso Gorritik. Xur basamortura jo zuten eta hiru eguneko bidea egin basamortuan barrena, urik aurkitu gabe.
23. Mara izeneko tokira iritsi ziren; baina ezin izan zuten hango ura edan, mingotsa baitzen. Horregatik zeritzon leku hari Mara —hau da, «Mingots»—.
24. Jendea marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez: «Zer edan behar dugu?»
25. Orduan, Moisesek oihu egin zion Jaunari. Eta Jaunak zuhaixka bat erakutsi zion. Moisesek zuhaixka uretara jaurti eta ura gezatu egin zen. Toki hartan probatu zituen Jaunak, eta arau eta usadioak ezarri zizkien.
26. Esan zien: «Nire, zuen Jainko Jaun honen, mintzoa arretaz entzuten baduzue, eta niri atsegin zaidana egiten, nire aginduak aditzen badituzue eta nire arauak betetzen, ez dizuet zuei egiptoarrei bidali nien gaitzik igorriko, ni, Jaun hau, sendagile bainauzue».
27. Gero, Elim-era heldu ziren. Hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zeuden han, eta bertan kanpatu ziren, ur ondoan.
1. Israeldarren elkarte osoa Elimdik irten eta Elim eta Sinai artean dagoen Sin basamortura heldu zen. Bigarren hilaren hamabosta zen Egiptotik irtenez gero.
2. Han, basamortuan, elkarte osoa marmarrean hasi zen Moises eta Aaronen aurka,
3. esanez: «Hobe genukeen Jaunak Egipton hilarazi bagintu, haragi-eltze inguruan eseri eta ase arte jaten genuenean! Zuek, ordea, gu denok goseak hiltzera ekarri gaituzue basamortu honetara».
4. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Janaria eroraraziko dizuet euri gisa zerutik. Herria egunean egunekoa biltzera aterako da. Probatu egin nahi dut, ea nire esanera dabilen ala ez.
5. Seigarren egunean, bildutakoa prestatzean, beste egunetakoa halako bi izango da».
6. Honela mintzatu zitzaizkien Moises eta Aaron israeldarrei: «Gaur arratsaldean jakingo duzue Jaunak atera zaituztela Egiptotik,
7. eta bihar goizean ikusiko haren ahalmena. Aditu du beraren aurka egin duzuen marmarra. Aaronek eta nik ez dugu zerikusirik, gure aurka marmar egiteko».
8. Gainera, esan zien Moisesek: «Gaur arratsaldean Jaunak okela emango dizue jateko, eta bihar goizean asetzeko adina ogi, aditu baitizkizue bere aurkako marmarrak. Izan ere, guk ez dugu zerikusirik. Gure aurka ez, baina Jaunaren aurka jardun duzue marmarrean».
9. Ondoren, Moisesek esan zion Aaroni: «Esaiozu israeldarren elkarte osoari Jaunaren aurrera hurbiltzeko, aditu baitu haien marmarra».
10. Aaron mintzatzen ari zitzaiela, denek basamorturantz begiratu zuten, eta hara non ikusten duten Jauna, aintzaz beterik, hodei batean agertzen.
11. Jaunak esan zion Moisesi:
12. «Aditu dut israeldarren marmarra. Esaiezu: Ilunabarrean okela jango duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zarete. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa».
13. Arratsaldean, galeperrak heldu ziren eta kanpaleku osoa estali zuten; biharamun goizean, ihintz-geruza azaldu zen kanpaleku inguruan.
14. Ihintza desagertu zenean, antzigarraren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, gelditu zen lur gainean.
15. Hura ikustean, israeldarrek honela ziotsoten elkarri: «Zer da hau? » Ez baitzekiten zer zen. Moisesek esan zien: «Jaunak janaritzat ematen dizuen ogia da.
16. Hara zer agindu didan Jaunak: Bakoitzak bil dezala jateko behar adina, lau litro bakoitzeko, nork bere etxolan dituen lagunen arabera».
17. Hala egin zuten israeldarrek, batak asko eta besteak gutxi bilduz.
18. Neurria hartzerakoan, ordea, ez zuen sobera asko bildu zuenak, ez eta eskas gutxi bildu zuenak ere. Bakoitzak jateko behar adina zuen.
19. Gero, Moisesek esan zien: «Ez dezala inork biharamunerako ezer gorde».
20. Hala ere, zenbaitek ez zion Moisesi jaramonik egin eta hurrengo egunerako gorde zuen; baina harrak jo eta usteldu egin zitzaien. Haserretu egin zen Moises haien aurka.
21. Goizero biltzen zuen bakoitzak jateko behar zuena, eguzkiak berotzean desagertu egiten baitzen.
22. Seigarren egunean bi halako bildu ohi zuten, bederatzi bat litro lagun bakoitzeko; orduan, elkarte-arduradunak horren berri ematera joan zitzaizkion Moisesi.
23. Honek erantzun zien: «Hori da Jaunak esana: Bihar larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Erre gaur erre beharrekoa eta egosi egosi beharrekoa, eta gorde biharko gelditzen zaizuena».
24. Moisesek agindu bezala, biharamunerako gorde zuten gelditu zitzaiena eta ez zitzaien usteldu, ezta harrik sortu ere.
25. Orduan, Moisesek esan zien: «Jan ezazue gaur, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna da eta; gaur ez duzue kanpoan ezer aurkituko.
26. Sei egunez bilduko duzue; zazpigarren eguna atseden-eguna da eta ez da ezer izango».
27. Herritar zenbait, ordea, zazpigarren egunean ere biltzera atera zen, baina ez zuen ezer aurkitu.
28. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Noiz arte ibili behar duzue nire agindu eta legeak bete nahi ezta?
29. Begira: neuk, Jaun honek, eman dizuet larunbata, atseden hartzeko; horregatik, seigarren egunean bi egunerako janaria ematen dizuet. Beraz, zazpigarren egunean zaudete nor bere tokian, kanpora atera gabe».
30. Herriak, bada, atseden hartu zuen zazpigarren egunean.
31. Israeldarrek biltzen zutenari «Mana » eman zioten izena. Zuria zen, txarrangil-haziaren itxurakoa eta ezti-opilaren gustukoa.
32. Moisesek esan zien: «Hau agindu du Jaunak: Lau litroko neurria manaz bete eta gorde ondorengo belaunaldientzat, Egiptotik atera zaituztedanean basamortuan eman dizuedan janaria ikus dezaten».
33. Eta Aaroni esan zion: «Hartu ontzi bat, bete lau litro manaz eta ezarri Jaunaren aurrean, ondorengo belaunaldientzat gordez».
34. Jaunak Moisesi agindu bezala, Aaronek itun-agiriaren aurrean gorde zuen gerorako.
35. Berrogei urtez jan zuten mana israeldarrek, jendedun lurraldeetara, Kanaango lur-mugetara, iritsi arte alegia.
36. (Omer —mana neurtzeko erabilitako neurria— efa baten hamarrena zen).
20. Zabaldira atera ninduen, maite nauelako libratu.
21. Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, neure jokabide garbiaren saria.
22. Jaunaren bideari jarraitu baitiot, ez naiz Jainkoarengandik urrundu.
23. Haren aginduak oro aurrean izan ditut beti, ez naiz saihestu haren arauetatik.
24. Haren aurrean zintzo izan naiz, ez dut batere bekaturik egin.
25. Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, beraren begietan garbi jokatu dut eta.
12. Gizon maltzur eta gaiztoa ezpainetan faltsukeria duela ibiltzen da.
13. Begi, oin eta eskuz keinuak egiten ditu engainatzeko.
14. Maltzurkeriaz betea, beti asmo txarretan eta sesioan ibiltzen da.
15. Beraz, erabateko hondamendia iritsiko zaio, bat-batean hondatuko da, erremediorik gabe.
23. Jesus tenplura joan zen, eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka: —Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Nork eman dizu aginpide hori?
24. Jesusek erantzun zien: —Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, esango dizuet nik ere zein aginpidez jokatzen dudan horrela.
25. Joanek noren aginduz bataiatzen zuen, Jainkoaren aginduz ala giza aginduz? Haiek honela zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu.
26. Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur izan behar, guztiek profetatzat baitaukate Joan».
27. Beraz, erantzun zioten: —Ez dakigu. Jesusek, orduan: —Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.
28. Jesusek esan zien: «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”.
29. Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen.
30. Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan.
31. Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten. Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan.
32. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.
33. «Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.
34. Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.
35. Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.
36. Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten.
37. Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.
38. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.
39. Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».
40. Jesusek galdetu zien: —Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?
41. Erantzun zioten: —Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
42. Jesusek esan zien: —Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena: Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?
43. «Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.
44. Eta harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du ».
45. Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburuak eta fariseuak.
46. Hargatik, hura atxilotu nahian zebiltzan, baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat zeukaten eta.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)