La Bible en un an

1. Jeroboam aldarean intsentsua erretzen ari zela, Jainkoaren gizon bat heldu zen, Jaunaren aginduz, Judatik Betelera.
2. Eta Jaunaren aginduz, deiadar egin zuen aldarearen kontra, esanez: «Aldarea, aldarea! Hau dio Jaunak: “Daviden ondorengoen artean seme bat jaioko da; Josias deituko diote. Zure gainean intsentsua erretzen duten kultu-lekuetako apaizak hil eta eskaini egingo ditu zure gainean. Giza hezurrak erreko dituzte zure gainean!”»
3. Egun hartan bertan, ezaugarri bat eman zuen Jainkoaren gizonak, esanez: «Honetan igarriko duzue Jaunak hitz egin duela: Zartatu egingo da aldarea eta lurrera isuriko gainean duen errautsa».
4. Jainkoaren gizonak Betelgo aldarearen aurka oihukatu zuen mehatxua entzutean, Jeroboam erregeak aldare gainetik besoa luzatu eta agindu zuen: «Harrapa ezazue!» Baina Jainkoaren gizonaren aurka luzatutako besoa gogortu egin zitzaion eta ezin izan zuen bildu.
5. Aldarea zartatu egin zen eta errautsa aldaretik behera isuri, Jainkoaren gizonak, Jaunaren aginduz, emaniko ezaugarriaren arabera.
6. Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari: —Bare ezazu, otoi, Jauna, zeure Jainkoa; eskatu berari nire alde, besoa bere onera itzul dakidan. Jainkoaren gizonak baretu zuen Jauna eta besoa bere onera etorri zitzaion erregeari, lehen bezalaxe geldituz.
7. Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari: —Zatoz gurera zerbait jatera. Esku-erakutsi bat egin nahi nizuke.
8. Jainkoaren gizonak, aldiz, erantzun zion erregeari: —Zeure ondasunen erdia emango bazenit ere, ez nintzateke zurekin joango, ezta ogirik jango, ez urik edango ere toki honetan.
9. Izan ere, agindu hau eman dit Jaunak: «Ez jan ogirik, ez edan urik, ez itzuli lehen joan zaren bidetik».
10. Horrela, bada, beste bide batetik joan zen, Betelera etortzeko hartu zuen bidetik itzuli gabe.
11. Bazen Betelen profeta zahar bat. Jainkoaren gizonak egun hartan Betelen egin zuena adierazi zioten semeek; baita gizon hark erregeari esan ziona ere.
12. Aitak galdetu zien semeei: —Zein bidetatik joan da? Ikusia zuten semeek zein bidetatik joan zen Judatik etorririko Jainkoaren gizon hura.
13. Aitak agindu zien semeei: —Txalmatu iezadazue astoa! Astoa txalmatu ziotenean, gainean jarri
14. eta Jainkoaren gizonaren bila abiatu zen. Zuhaitz handi baten itzalean eseria aurkitu zuen eta galdetu zion: —Zu al zara Judatik etorri den gizona? Hark erantzun: —Neu nauzu.
15. Orduan, lehenengoak: —Zatoz nirekin etxera, zerbait jatera.
16. Jainkoaren gizonak ihardetsi zuen: —Ezin naiz itzuli, ezta joan ere zurekin. Ez dut ogirik jango, ez urik edango toki honetan,
17. Jaunak hau agindu baitit: «Ez jan ogirik han, ez edan urik, ez itzuli joan zaren bide beretik».
18. Beste profetak, alabaina: —Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura». Gezurra zioen.
19. Baina Jainkoaren gizonak profetarekin joan eta haren etxean jan zuen ogia eta edan ura.
20. Hortan, mahaian zeudelarik, Jainkoaren hitza etorri zitzaion itzularazi zuen profeta zaharrari,
21. eta honela egin zion oihu Judatik etorritako Jainkoaren gizonari: —Hona zer dioen Jaunak: «Ez duzu egin Jaunaren esana; ez duzu bete Jaunak, zeure Jainkoak, eman zizun agindua.
22. Itzuli egin baitzara eta debekatu nizun tokian jan duzu ogia eta edan ura. Horregatik, zure gorpua ez dute zure gurasoen hilobian lurperatuko».
23. Jan eta edan ondoren, itzularazi zuen profeta zaharrak Jainkoaren gizonari astoa txalmatu zion
24. eta joan egin zen hau. Lehoia atera zitzaion bidera eta hil egin zuen gizona. Gorpua bidean etzana gelditu zen, astoa eta lehoia alde banatan zituela.
25. Bide hartatik zihoazen gizon batzuk, gorpua lurrean eta lehoia aldamenean ikustean, profeta zaharra bizi zen hirira joan ziren aditzera ematera.
26. Gizon hura itzularazia zuen profeta zaharrak, berri hori jakitean, esan zuen: «Jainkoaren gizona da! Ez du bete Jaunaren agindua, eta Jaunak lehoiaren atzaparretara eman du; lehoiak zatikatu eta hil egin du, Jaunak aurrez esana zion bezala».
27. Gero, esan zien bere semeei: —Txalmatu iezadazue astoa! Txalmatu ziotenean,
28. joan egin zen. Eta han aurkitu zuen hilotza lurrean, astoa eta lehoia aldamenean zutik zituela. Lehoiak ez zuen gorpua jan, ezta astoa zatikatu ere.
29. Profeta zaharrak Jainkoaren gizonaren gorpua hartu, asto gainera jaso eta eraman egin zuen. Hirira itzulirik, hiletak egin eta lur eman zion.
30. Bere hilobian ehortzi zuen gorpua eta negar egin zion, esanez: «Ai, ene anaia! »
31. Lur eman ondoren, esan zien bere semeei: —Ni hil nadinean, ehortz nazazue Jainkoaren gizona ehortzia dagoeneko hilobian. Ezarri nire hezurrak haren hezurren ondoan.
32. Beteko da bai mehatxua, Betelen dagoen aldarearen kontra eta Samariako hirietan dauden muinoetako kultu-leku guztien kontra gizon hark, Jaunaren aginduz, oihukatu zuen mehatxua.
33. Gertakari honen ondoren, Jeroboamek, bere jokabide okerretik aldendu ordez, kultu-lekuetako apaizak herriko jende xehearen artetik hartzen jarraitu zuen. Kargu hori gogoko zuen edonor sagaratu ohi zuen kultu-lekuetako apaiz izateko.
34. Honetan datza Jeroboamen errege-etxearen bekatua; horregatik desegin eta suntsiarazi zuten lur gainetik.
1. Aldi hartan gaixotu egin zitzaion Jeroboami bere seme Abias.
2. Jeroboamek esan zion emazteari: —Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta.
3. Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.
4. Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen.
5. Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».
6. Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion: —Sar zaitez, Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean.
7. Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez.
8. Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez.
9. Zure aurretik izan direnek baino gaiztakeria handiagoa egin duzu, sasijainkoak eta irudiak eginez, ni haserrarazteko. Niri, berriz, bizkarra eman didazu.
10. Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala.
11. Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak».
12. Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa.
13. Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu.
14. Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan
15. astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrarazi.
16. Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.
17. Orduan, Jeroboamen emaztea joan egin zen, eta Tirtza hirira heltzean, etxeko atetik sartzen ari zelarik, mutikoa hil egin zen.
18. Ehortzi zuten eta Israel osoak egin zion dolu, Jaunak bere zerbitzari Ahias profetaren bidez esana zuen bezala.
19. Jeroboamen gainerako jarduerak, izan zituen guduak eta nola gobernatu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
20. Hogeita bi urtez izan zen Jeroboam errege. Hil zen, eta haren ondorengo erregea beraren seme Nadab izan zen.
21. Judan Salomonen seme Roboam zen errege. Berrogeita bat urte zituen Roboamek errege izaten hastean, eta hamazazpi urtez izan zen errege Jerusalemen, Jaunak Israelgo leinu guztien artetik bere egoitza jartzeko hautatu zuen hirian. Roboam erregearen amak Naama zuen izena eta amondarra zen.
22. Judakoek gaizki jokatu zuten Jaunaren begietan. Egin zituzten bekatuez, beren gurasoek baino askoz gehiago haserrarazi zuten Jauna.
23. Kultu-lekuak, zutarri eta zutoin sakratuak egin zituzten muino guztien gailurretan eta zuhaitz hostotsu guztien azpian.
24. Lurralde hartan baziren prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak. Israeldarren aurretik Jaunak bota zituen jentilen likiskeria guztiak egin zituzten.
25. Roboamen erregealdiaren bosgarren urtean, Egiptoko errege Xixak Jerusalemi erasotzera etorri zen
26. eta Jaunaren etxeko eta erregearen jauregiko altxorrez jabetu. Dena harrapatu zuen, baita Salomonek eginiko urrezko babeskiak ere.
27. Hauen ordez, Roboamek brontzezko babeskiak egin eta jauregiko sarrera zaintzen zuen taldearen buru zirenei utzi zizkien.
28. Erregea Jaunaren etxera joaten zen aldi bakoitzeko, zaintzaile-taldeak babeskiak hartu ohi zituen, eta gero berriro zaintzaile-gelara ekartzen.
29. Roboamen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
30. Roboamen eta Jeroboamen artean etengabeko borroka izan zen.
31. Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Roboam, bere arbasoen ondoan. (Amak Naama zuen izena eta amondarra zen). Ondorengo erregea Roboamen seme Abiam izan zen.
16. Ez nazala ur-korronteak eraman, ez nazala zurrunbiloak irentsi, ez nadila putzuan itxita geldi!
17. Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz, bihur niregana begiak zeure erruki handiaz.
18. Ez ezkuta aurpegia zeure morroi honi, erantzun laster, larri naiz eta.
19. Hurbil zakizkit, defenda nazazu, askatu etsaien eskutik.
20. Badakizu nola iraintzen nauten, nola desohoratu eta lotsarazten; ongi ezagunak dituzu nire etsaiak.
21. Irainek bihotza urratu didate, guztiz adorerik gabe nago. Ezbeharrean laguntza espero nuen, baina alferrik; kontsolatzaileak, baina ez ditut aurkitu.
23. Gaiztoak eskupekoak onartzen ditu zuzenbidea okertzearren.
24. Buruargiak zuhurtzia begi aurrean; burugabearen begiak auskalo non!
27. «Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz!
28. Aita, azaldu zeure aintza!» Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».
29. Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.
30. Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik.
31. Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak.
32. Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».
33. Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.
34. Jendeak honela esan zion: —Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren Seme hori?
35. Jesusek erantzun zien: —Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen bitartean, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan.
36. Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten. Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin zen.
37. Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren, gehienek ez zuten harengan sinetsi;
38. horrela, Isaias profetak esana bete zen: Jauna, nork sinetsi du gure mezua? Eta nori agertu dio Jaunak bere ahalmena?
39. Isaiasek berak esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi:
40. Itsutu egin ditu haien begiak, gogortu haien buru-bihotzak. Ez bezate beren begiez ikus, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.
41. Isaiasek Jesusi buruz esan zuen hau, ikusia baitzuen beraren Jainko-aintza.
42. Halaz guztiz, askok, baita buruzagietakoek ere, sinetsi zuten harengan; baina, fariseuen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, judu-elkartetik bota ez zitzaten;
43. izan ere, giza ohorea maiteago zuten Jainkoarengandik datorrena baino.
44. Jesusek oihu eginez esan zuen: «Niregan sinesten duenak ez du niregan bakarrik sinesten, baita ni bidali nauenarengan ere.
45. Eta ni ikusten nauenak ni bidali nauena ere ikusten du.
46. Ni argia bezala etorri naiz mundura, niregan sinesten duenik inor ilunpeen menpe geldi ez dadin.
47. Nire irakatsiak entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut nik gaitzetsiko, ez bainaiz mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik.
48. Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dituenak, badu nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko du azken egunean;
49. nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta irakatsi.
50. Eta badakit, bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, bada, nik esaten dudan guztia, Aitak agindu bezala esaten dut».
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)