1. Davidek Israelgo buruzagi guztiak bilarazi zituen Jerusalemen: leinuburuak, erregearen zerbitzura zeuden gudari-taldeen buruzagiak, milako eta ehuneko gizon-taldeenak, erregearenak eta beronen semeenak ziren ondasun eta abere-taldeen arduradunak, jauregiko funtzionarioak, gudari adoretsuak eta balioko gizonak.
2. David erregeak, zutiturik, esan zuen: «Entzun, ene senideok, ene herritarrok! Tenplua eraikitzeko asmoa nuen, Jaunaren itun-kutxarentzat, hau da, Jainkoaren oin-aulkiarentzat egoitza izan zedin. Dena prest nuen eraikuntzarako.
3. Baina Jainkoak esan zidan: “Gizon gerraria izan zara zu eta odola isuri duzu; horregatik, ez didazu zuk eraikiko tenplua”.
4. «Jaunak, Israelen Jainkoak, hala ere, ni hautatu ninduen senitarte osotik, Israelgo errege izan nendin betikotasunean; izan ere, Judaren leinua aukeratu zuen gidari izateko, eta Judaren leinuan gure aitaren senitartea, eta gure aitaren semeen artetik ni jo ninduen begiz, Israel osoaren errege izateko.
5. Jaunak seme asko eman dit, eta denen artetik ene seme Salomon hautatu du, Jaunaren izenean Israelgo errege izateko.
6. «Eta hau esan zidan Jaunak: “Zure seme Salomonek eraikiko dit tenplua, bere atari eta guzti, nik aukeratua baita. Seme izango dut nik bera eta aita izango nau berak ni.
7. Betiko sendotuko diot erregetza, baldin eta nire agindu eta erabakiak betetzeko eginahalak egiten baditu”.
8. «Orain, beraz, Jaunaren biltzarra den Israel osoaren begi aurrean, eta Jainkoak entzuten digularik, hau diotsuet: Gorde eta ikertu Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak oro, lurralde eder honetan iraun dezazuen eta zuen ondorengoei ondaretzat utz diezaiezuen betiko.
9. «Zu, berriz, Salomon, ene seme hori, saia zaitez zeure aitaren Jainkoa ezagutzen; zerbitzatu bera bihotz osoz eta gogo handiz. Bihotz guztiak aztertzen ditu Jaunak, eta badaki nolakoak diren giza gogoetak. Haren bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen; baztertzen baduzu, ordea, betiko arbuiatuko zaitu.
10. Begira, santutegi izango duen tenplua eraikitzeko aukeratu zaitu Jaunak. Izan adore eta ekin lanari!»
11. Davidek bere seme Salomoni tenplua eraikitzeko planoa eman zion: ataria eta itun-kutxaren gela, biltegiak, goiko eta barneko gelak nola egin adieraziz.
12. Era berean, Jaunaren etxeko atariei buruz eta hauen inguruan, tenpluko altxorrak eta gauza sakratuak gordetzeko, egin behar ziren gelei buruz berak asmo zuenaren planoa eman zion.
13. Apaiz- eta lebitar-sailek Jaunaren etxean bete behar zituzten zerbitzuenak eta tenpluko kulturako behar ziren gauzen zerrendak ere eman zizkion.
14. Orobat, zerbitzu bakoitzerako behar ziren urrezko ontziek zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar beharko zuten zehaztu zion.
15. Zerbitzu bakoitzean behar ziren urrezko argimutil eta kriseilu bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar izango zuten agindu zion;
16. baita Jaunari eskainiriko ogiak ipintzeko behar ziren mahai bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar zuten ere.
17. Orobat, zenbat urre garbi behar zen sardexkak, isipu-ontziak eta pitxerrak egiteko, eta zenbat urre behar zen urrezko edalontzi bakoitza eta zenbat zilar zilarrezko bakoitza egiteko.
18. Baita zenbat urre garbi behar zen intsentsu-mahaia egiteko ere. Eta, azkenik, urrezko hegaldun izakien eta gurdiaren planoa eman zion; hegaldun izaki horiek Jaunaren itun-kutxa estaltzen zuten beren hego zabalduez.
19. «Hau guztia —esan zuen Davidek— Jaunaren eraginez idatziriko agiri batean dago; horretan erakusten dizkit egitasmoaren xehetasun guztiak».
20. Gero, esan zion Davidek bere seme Salomoni: «Izan kemen eta adore! Ekin lanari beldurrik gabe. Ez kikildu, Jauna, ene Jainkoa, zeurekin izango duzu eta. Ez zaitu bakarrik utziko, tenplua eraikitzeko lan guztiak bukatu arte.
21. Hemen dituzu Jainkoaren etxeko zerbitzu guztiak bete behar dituzten apaiz- eta lebitar-sailak. Zeure esanetara izanen dituzu borondate handiko gizonak, edozein lanetan iaioak; buruzagiak eta herri osoa ere zeure esanetara izango dituzu».
1. Davidek esan zion biltzar osoari: «Ene seme Salomon, Jainkoak aukeratu duen bakarra, gaztea da eta ikasi gabea; egin behar duen lana, berriz, handia, jauregi hau ez baita edozein gizonentzat, Jainko Jaunarentzat baizik.
2. Eginahalak egin ditut nik neure Jainkoaren etxea eraikitzeko behar den guztia prestatzen: urrea, zilarra, brontzea, burdina, zura; baita onize eta apain-harriak, harri beltzak eta koloredunak, era guztietako harribitxiak eta hartzuri ugari ere.
3. Eta etxe santu honetarako prestatu dudan horretaz guztiaz gainera, neure altxorretik ematen dut urrea eta zilarra ere Jainkoaren etxerako, maite baitut nik tenplu hori.
4. Ehun tona urre fin ematen dut eta berrehun eta hogeita hamar tona zilar garbi tenpluko hormak janzteko,
5. baita urreginek beren lan guztiak egiteko behar duten urre eta zilarra ere. Egin nahi al dio beste inork emaitzarik Jaunari?»
6. Orduan, familiaburuek, Israelgo leinuburuek, milako eta ehuneko gudari-taldeen buruzagiek eta erregearen administratzaileek eskuzabal egin zituzten beren emaitzak.
7. Ehun eta hirurogeita hamar tona urre, hamar mila txanpon, hirurehun eta berrogei tona zilar baino gehiago, seiehun tona inguru brontze eta hiru mila eta bostehun tona burdina eman zuten.
8. Harribitxirik zuenak Jaunaren etxeko altxorrerako eman zuen, Gerxonen ondorengoetakoa zen Jehielen esku utziz.
9. Herri osoa poztu zen bat-bateko emaitza haiengatik, bihotz-bihotzez eman baitzituzten Jaunarentzat; David erregeak ere poz handia hartu zuen.
10. Orduan, biltzar osoaren aurrean Jauna goretsi zuen Davidek, esanez: «Bedeinkatua zu, Jauna, gure aita Israelen Jainkoa, beti eta beti!
11. Zeureak dituzu, Jauna, handitasuna, indarra, ohorea, ospea eta gorespena. Zeureak dituzu zeru-lurretan diren guztiak. Zeureak, Jauna, erregetza eta gauza guztien nagusitza.
12. «Zuregandik datoz aberastasuna eta aintza; zeure menpe duzu dena. Zeure esku dituzu indarra eta ahalmena; zeure esku, edonor handi eta indartsu egitea.
13. Horregatik, oi gure Jainko, eskerrak ematen dizkizugu eta zure izen ospetsua goresten dugu.
14. «Izan ere, nor naiz ni eta nor nire herria zuri borondatezko emaitza hauek egin ahal izateko? Zuregandik dator dena eta zure eskutik hartua eman dizugu.
15. Zure aurrean arrotz eta etorkin besterik ez gara, gure arbasoak izan ziren bezala. Gure bizitza lur gainean itzala bezalaxe doa, itxaropenik gabe.
16. Jauna, gure Jainkoa, zuri tenplua eraikitzeko prestatu dizkizugun gauza hauek guztiak zure eskutik datozkigu, zeurea baituzu dena.
17. «Badakit, ene Jainko, gure asmorik gordeenak aztertzen dituzula eta zuzentasuna maite duzula; asmo zuzenez eskaini dizkizut bat-batean gauza hauek guztiak, eta bozkarioz ari naiz ikusten hemen dagoen herri guztiak ere eskuzabal egiten dizkizula bere emaitzak.
18. Jauna, gure arbaso Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoa, egizu gure herriak iraun dezala beti era horretako jarreran, eta erakar zeuregana herri honen bihotza.
19. «Emaiozu nire seme Salomoni zure agindu, burubide eta legeak bihotz-bihotzez gordetzea, denak bete ditzan eta nik prestatu dizudan jauregia eraiki diezazun».
20. Orduan, esan zion Davidek biltzar osoari: «Bedeinka ezazue Jauna, zeuen Jainkoa!» Eta biltzar osoak bedeinkatu egin zuen Jauna, bere arbasoen Jainkoa, eta denak ahuspeztu egin ziren Jaunaren eta erregearen aurrean.
21. Biharamunean sakrifizioak eta erre-opariak eskaini zizkioten Jaunari: mila zekor, mila ahari, mila bildots, isur-opariekin batera; opari ugari eskaini zuten Israel osoaren alde.
22. Egun hartan alaitasun handiz jan eta edan zuten Jaunaren aurrean. Berriro ere errege izendatu zuten Daviden seme Salomon eta buruzagi gantzutu Jaunaren izenean. Tzadok, berriz, apaiz gantzutu zuten.
23. Salomon Jaunaren errege-aulkian jarri zen, bere aita Daviden ordez. Gauza guztietan aurrera atera zen, eta Israel osoa esaneko izan zuen.
24. Buruzagi guztiek, gudari adoretsuek eta David erregearen beste semeek ere men egin zioten Salomon erregeari.
25. Jaunak asko goratu zuen Salomon Israel osoaren begietan eta ordu arte Israelgo erregeetan beste inori baino errege-ospe handiagoa eman zion.
26. Jeseren seme David Israel osoaren errege izan zen
27. berrogei urtez: zazpi Hebronen eta hogeita hamahiru Jerusalemen.
28. Zahartzaro ona eman ondoren hil zen, urtetan aurreratua, aberastasun eta ospez betea. Haren seme Salomon izan zen hurrengo erregea.
29. David erregearen egintzak oro, lehenengotik azkenekora, «Samuel Ikuslearen Kronikak», «Natan Profetaren Kronikak» eta «Gad Ikuslearen Kronikak» deritzen liburuetan daude idatziak.
30. Liburu horietan kontatzen da Daviden erregealdi indartsuari buruzko guztia, baita berari, Israeli eta lurralde haietako erreinuei gertatu zitzaizkien gorabeherei buruzkoa ere.
67. Joseren familia baztertu egin zuen, Efraimen leinua alde batera utzi;
68. Judaren leinua aukeratu zuen, Sion mendia, bere maitea.
69. Zeru garaiaren antzeko eraiki zuen bere santutegia eta lurra bezala sendo oinarritu betiko.
70. David aukeratu zuen zerbitzari, artegitik harturik;
71. ardien artzain zena, bere herri Jakoben, bere ondare Israelen artzain egin zuen.
72. Bihotz zintzoz zaindu zituen, esku trebez eraman.
6. Askok dituzte beren buruak zintzotzat; baina fidagarria denik, nork aurkitu?
7. Zintzoak prestu jokatzen du beti; zorionekoak haren ondorengo seme-alabak!
24. Hurrengo egunean Zesareara iritsi ziren. Kornelio zain zegoen, bere ahaideak eta adiskiderik minenak bildurik.
25. Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetara ahuspeztu.
26. Baina Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: «Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere».
27. Ondoren, harekin hizketan etxean sartu zen Pedro; jende asko aurkitu zuen bildurik,
28. eta esan zien: «Dakizuen bezala, judu batek debekatua dauka atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo kutsatutzat hartu behar.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)