La Bible en un an

1. Gauez, ohean, neure bihotzeko kutunaren bila nenbilen. Bila ibili, bai, baina aurkitu, ez.
2. Jaiki eta hirian zehar abiatu nintzen, kale eta plazetan zehar, neure bihotzeko kutunaren bila. Bila ibili, bai, baina aurkitu, ez.
3. Hirian zehar dabiltzan zaindariek aurkitu ninduten. —Ikusi al duzue nire bihotzeko kutuna?— galdetu nien.
4. Haiengandik aldendu nintzeneko, aurkitu nuen neure bihotzeko kutuna. Gogor heldu nion, ez diot berriz jaregingo, neure amaren etxean sartu arte, sortu ninduenaren logelan sartu arte.
5. Jerusalemgo neskatxok, basoetako orein eta gazelen izenean, otoi, ez iratzarri ene maitea, utzi lo egiten, nahi duen arte.
6. Zer da basamortuan gora datorren hori? Intsentsu, mirra eta beste hainbat usaingarrizko ke-zutabea dirudi.
7. Horra Salomonen esku-aulkia. Hirurogei gudari ditu inguruan, Israelgo ausartenak;
8. ezpata erabiltzen ikasiak denak, guduan trebatuak. Aldean daramate ezpata gaueko erasoen beldur.
9. Salomon erregeak Libanoko egurrez egin zuen esku-aulkia.
10. Zutabeak zilarrezkoak ditu, bizkarraldea urrezkoa, eserlekua purpurazkoa; barrualdea, dena, Jerusalemgo neskatxek maitekiro apaindua.
11. Siongo alabok, atera zaitezte Salomon erregea ikustera. Koroa eta guzti dator, eztei-egunean, bihotza beteko poza zuen egun hartan, amak ezarri zion koroaz.
1. Bai ederra zu, ene laztana, bai ederra! Zure begiak uso bi, musu-estalkipean. Zure adats-kizkurrak ahuntz-taldea dirudi, Galaad mendian behera bilintzi-balantza.
2. Zure hortzak ardi moztu eta garbitu berriak. Denak dituzu biritxiak, bat bera ere ez lagunik gabea.
3. Zure ezpainak, zinta gorrimin, mintzaira gozokoak. Zure masailak granada ebaki baten bi erdiak, musu-estalkipean.
4. Zure lepoa harlanduz eraikitako Daviden dorrea. Milaka babeski daude han zintzilik, gizon ospetsuen babeskiak.
5. Zure bi bularrak bi gazelakume biritxi, lili artean bazkatzen.
6. Arrats beherean, haizeak jo eta itzala ihesi joatean, banoa neure mirra-mendira, neure intsentsu-muinora.
7. Guztiz ederra zara, ene laztana, ederra eta akatsik gabea!
8. Zatoz Libanotik, ene emaztegaia, zatoz! Jaitsi zaitez Libanotik, jaitsi Amanako gailurretik, Senir eta Hermon tontorretatik. Utzi lehoien eta panteren mendi-zuloak.
9. Maitemindua nauzu, ene arreba, ene emaztegaia! Maitemindua nauzu zeure begirada bakar batez, bihotz-lotua zeure lepoko kate-bira batez.
10. Zein ederrak zure maite-laztanak, ene arreba, ene emaztegaia! Ardoa baino gozoago dira! Zure ukenduen usaina lurrin guztiak baino gozoago!
11. Zure ezpainei eztia darie, ene emaztegaia; zure mihipean, eztia eta esnea. Zure jantzien lurrina Libanoko basoen lurrina da,
12. Baratze itxia zara, ene arreba, ene emaztegaia! Baratze itxia eta iturri zigilatua!
13. Paradisu jori zara zu, granadondoak dituzu ematen, emaitzarik zoragarrienak sortzen:
14. nardoa, ipurua eta azafraia, kanela eta ereinotza; intsentsu, mirra, aloe, mota guztietako lurrin bereziak.
15. Zu nire baratzeko iturri, ur bizien iturri, Libano menditik datorren ur-jario!
16. Iratzar, ipar-haize! Hator, hego-haize! Zabaldu airean nire baratzeko lurrinak. Eta zu, ene maitea, sar zeure baratzean, jan bertako fruitu zoragarriak.
10. Iturburuak eta errekak sorrarazten dituzu, mendi artean doazela,
11. basapiztiek edan dezaten, basastoek egarria ase.
12. Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak, hostopean kantari.
13. Bere goi-geletatik ditu mendiak ureztatzen, bere biltegietako emaitzez lurra asetzen.
14. Abereentzat belarra ernearazten du, lanerako animalientzat bazka. Lurretik laborea ateratzen du
15. eta gizakiaren bihotza alaitzen duen ardoa, aurpegia distiratsu egiten duen olioa eta giza indarrak berritzen dituen ogia.
16. Urez ase dira Jaunaren zuhaitzak, hark landaturiko Libanoko zedroak;
17. bertan egiten dute txoriek habia, ipuruetan zikoinak etxea.
18. Mendi garaiak ahuntzentzat dira, harkaitzak azkonarren gordeleku.
19. Ilargiak urtaroak finkatzen ditu, eguzkiak badaki noiz ezkutatu.
20. Iluna zabaltzean, badator gaua: basapiztia denak harat-honat dabiltza.
21. Lehoikumeek orro dagite harrapakin bila, Jainkoari janari eske.
22. Eguzkia irtetean, haiek barrura, beren gordelekuetan etzatera.
23. Orduan, gizakia bere eginkizunetara doa, arratsa arte lanera.
17. Ez poztu zeure arerioaren erorketaz, ezta gozatu ere behaztopa egiten badu,
18. Jaunak, hori ikusi eta oker iritzirik, ez dezan bere haserrea harengandik desbidera.
1. Senideok, Espirituaren dohainei buruz zuek ezjakinean jarraitzerik ez dut nahi.
2. Badakizue, oraindik jentil zinetenean, sasijainko mutuetara jotzen zenutela itsu-itsuan.
3. Horregatik jakinarazten dizuet, inork ere ez duela esaten «Madarikatua Jesus» Jainkoaren Espirituak eraginda; eta inork ezin duela esan «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
4. Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra;
5. era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra;
6. era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
7. Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
8. Honela, bati jakinduriaz hitz egitea ematen dio Jainkoak Espirituaren bidez; beste bati, Espiritu beraren arabera, ezagueraz hitz egitea;
9. bati, Espirituaren egitez, sinesmen-dohaina ematen dio; beste bati, sendaketak egiteko dohaina;
10. bati, mirariak egiteko ahalmena; beste bati, Jainkoaren izenean hitz egitea; bati, espiritu faltsua eta benetakoa bereiztea; besteari, hizketa arrotzez mintzatzea, eta beste bati, hizketa horren esanahia adieraztea.
11. Hori guztia, ordea, Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.
12. Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere.
13. Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.
14. Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik.
15. Oinak «Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.
16. Eta belarriak «Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.
17. Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena?
18. Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala.
19. Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori?
20. Baina ez, atalak asko dira; gorputza, ordea, bat bakarra.
21. Begiak ez diezaioke eskuari esan: «Ez dut zure beharrik»; ezta buruak ere oinei: «Ez dut zuen beharrik».
22. Aitzitik, makalenak iruditzen zaizkigun gorputz-atalak beharrezkoenak dira;
23. eta duintasunik gutxieneko iruditzen zaizkigunak, itzal eta begirune handienaz inguratzen eta zaintzen ditugu.
24. Izan ere, berez ohoragarri direnek ez dute arreta horien beharrik. Jainkoak berak, gorputza eratzean, berez ohore gabeko ziren atalei ohorerik handiena eman zien.
25. Horrela, gorputzean zatiketarik ez dago eta atal guztiak bata besteaz arduratzen dira.
26. Honela, atal batek min duenean, min dute atal guztiek berarekin; eta atal bat onetsia denean, poza dute beste guztiek berarekin.
27. Zuek Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal.
28. Eliz elkartean bakoitzari bere tokia ezarri dio Jainkoak: lehenengo apostoluak, bigarren profetak, hirugarren irakasleak; ondoren, mirarigileak datoz; gero, sendatzeko edo behartsuei laguntzeko, elkartea gidatzeko edo hizketa arrotzez mintzatzeko dohaina dutenak.
29. Guztiak apostolu ote dira? Guztiak profeta? Guztiak irakasle? Guztiak mirarigile?
30. Guztiek ote dute sendatzeko dohaina? Guztiak mintzo ote dira hizketa arrotzez? Guztiak ote dira hizketa arrotzen interpretatzaile?
31. Dena dela, irrika itzazue dohainik onenak. Orain biderik bikainena adierazi nahi dizuet.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)