La Bible en un an

1. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:
2. «Esan israeldarrei: Gizonezkoa, sexu-jarioa duenean, kutsatu bihurtzen da.
3. Nahiz hazia kanpora isuri nahiz barruan geratu, sexu-jarioa beti da kutsagarria, eta gizona kutsatu bihurtzen du.
4. Jariodunak erabilitako etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da.
5. Jariodunaren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
6. Jariodunak erabilitako eserlekuan esertzen denak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
7. Jarioduna bera ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
8. Jariodunak garbi dagoen norbaiti listua botatzen badio, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
9. Jariodunak zaldiz ibiltzean erabilitako zela kutsatua geldituko da.
10. Jariodunak azpian edukitako zernahi ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
11. Aurrez eskuak uretan garbitzeke, jariodunak norbait ukitzen badu, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
12. Jariodunak ukitutako buztinezko ontzia hautsi egingo da; zurezkoa uretan garbituko da.
13. «Kutsatzen zuen sexu-jarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du gaixoak berriro garbi geratzeko; arropak garbituko ditu, ur bizitan bainatu eta garbi geldituko da.
14. Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume harturik, Jaunaren aurrera, elkarketa-etxolaren sarrerara, joango da eta apaizari emango dizkio.
15. Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, jariodunaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean.
16. «Hazi-isuria duen gizonezkoa bainatu egingo da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
17. Hazia gainera erori zaion arropa nahiz larrua uretan garbituko da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
18. «Gizon-emakumeak, sexu-harremanak izan dituztenean, bainatu egingo dira eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
19. «Hilerokoa izanik, odoljarioa duen emakumea zazpi egunez geldituko da kutsaturik; emakumea ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
20. Hilerokoa izanik erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da.
21. Haren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
22. Hark erabilitako eserlekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
23. Hura etzanda edo eserita egondako lekuan dagoen edozer gauza kutsaturik geldituko da arratsa arte.
24. Aldi horretan emakumearekin etzaten den gizonezkoa haren lohidura beraz kutsatzen da, eta zazpi egunez geldituko da kutsaturik; erabiliko duen etzalekua ere kutsatua geldituko da.
25. «Hilerokoaz kanpo edo hilerokoan ohi den baino luzaroago odoljarioa duen emakumea, kutsaturik geldituko da odoljarioak dirauen bitartean, hilerokoan bezala.
26. Odoljarioak dirauen bitarte osoan erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da, hilerokoan bezala.
27. Horiek ukitzen dituena kutsatu bihurtzen da; arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
28. «Odoljarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du emakumeak, berriro garbi geratzeko.
29. Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume hartuko ditu eta apaizari eramango dizkio, elkarketa-etxolaren sarrerara.
30. Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, emakumearen aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean, kutsatzen zuen odoljarioagatik.
31. «Ez daitezela axolagabe izan israeldarrak beren kutsadurei dagokienez, haien artean dudan bizilekua kutsatzeagatik hil ez daitezen.
32. «Hori da kutsagarri diren sexu-jarioari eta hazi-isurketari buruzko legea,
33. hilerokoa duen emakumeari eta kutsaturik dagoen emakumearekin etzaten den gizonezkoari dagokien legea».
1. Jauna Moisesi mintzatu zitzaion, Aaronen semeak hil ondoren —hauek Jaunarengana hurbiltzeagatik hil ziren—.
2. Jaunak esan zion Moisesi: «Esan Aaron zeure anaiari ez dadila noiznahi sar santutegian errezelaz barrualdera, kutxa gaineko estalkiaren aurrera; hil egingo litzateke bestela, zeren kutxaren estalki gainean agertzen bainaiz ni lainoan.
3. Barkamen-oparirako zekorra eta erre-oparirako aharia eramanez sartuko da Aaron santutegian.
4. Lihozko tunika sakratua jantzita sartuko da, lihozko galtzaz estalita eta lihozko gerrikoa eta buruzapia jarrita; jantzi sakratuak direnez gero, bainua hartu ondoren jantziko ditu.
5. «Israeldarren elkarteagandik bi aker hartuko ditu barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako.
6. Aaronek bere barkamen-opariko zekorra eskainiko du lehenbizi eta bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea egingo.
7. Gero, bi akerrak harturik, Jaunaren aurrean ipiniko ditu, elkarketa-etxolaren sarreran.
8. Aaronek zotz egingo du zein aker izango den Jaunarentzat eta zein Azazelentzat erabakitzeko.
9. Bata, zorteak Jaunarentzat aukeratua, aurkeztu eta barkamen-oparitzat eskainiko du.
10. Bestea, zorteak Azazelentzat aukeratua, bizirik ipiniko du Jaunaren aurrean, haren gain barkamen-ohikunea egiteko; gero, Azazeli bidaliko dio basamortura.
11. «Aaronek bere barkamen-opariko zekorra aurkeztuko du eta hil, bere eta etxekoen aldeko barkamen-ohikunea eginez.
12. Jaunaren aurrean dagoen aldareko ikatz goriz errautsontzia betez eta bi eskutada intsentsu-hauts usaintsu hartuz, errezelaz barrualdera eramango ditu.
13. Jaunaren aurrean, intsentsua ikatz gorietara botako du; intsentsuaren keak itun-agiriaren gaineko estalkia estaliko du, eta Aaron ez da hilko.
14. Zekorraren odoletik pixka bat hartu eta behatzez estalkia zipriztinduko du ekialdetik; gero, zazpi bider zirtatuko du behatzez estalki aurrean.
15. Ondoren, herriaren barkamen-oparirako akerra hilko du; honen odola errezelaz barrualdera eramango du eta zekorraren odolaz eginikoa bera egingo: estalkia zipriztinduko du eta estalki aurrean zirtatuko.
16. Honela, santutegiaren garbikuntza-ohikunea egingo du, israeldarren kutsadura, errebeldia eta bekatu guztiengatik. Beste horrenbeste egingo du israeldarren artean, beraien kutsaduren erdian, dagoen elkarketa-etxolarekin.
17. «Ez da beste inor elkarketa-etxolan egongo, Aaron barkamen-ohikunea egitera sartzen denetik irtengo den arte. Bere, etxekoen eta israeldarren elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea eginik,
18. atera egingo da Aaron, eta Jaunaren aurrean dagoen aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo du. Zekorraren eta akerraren odoletik pixka bat harturik, aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu alde guztietatik,
19. eta zazpi bider zipriztinduko du aldarea behatzez; honela, israeldarren erruek eragindako kutsaduratik garbituko du eta sagaratuko.
20. «Santutegiaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea amaitu ondoren, Aaronek akerra aurkeztuko du.
21. Bi eskuak aker biziaren buruan ezarriz, israeldarren gaiztakeria, errebeldia eta bekatu guztien aitormena egingo du. Honela, akerraren burura botako ditu guztiak, eta horren kargu duenaren eskuz basamortura bidaliko du.
22. Akerrak berekin eramango ditu israeldarren erru guztiak eremu elkorrera. Akerra basamortura bidali ondoren,
23. elkarketa-etxolan sartuko da Aaron; santutegian sartzeko jantziriko lihozko tunika erantzi eta bertan utziko du.
24. Bainua egingo du toki sakratuan eta, bere beste arropak jantzirik, berriro aterako da, eta bere erre-oparia eta herriarena eskainiko ditu, bere eta herriaren aldeko barkamen-ohikunea eginez.
25. Azkenik, barkamen-oparigaiaren gantza aldarean erreko du.
26. «Azazelentzako akerra eraman duenak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.
27. Barkamen-oparirako zekorra eta akerra, zeinen odola barkamen-ohikunea egiteko santutegira eramana izan baita, kanpalekutik aterako dituzte eta haien larru, haragi eta hesteak erreko.
28. Erretzaileak arropak eta gorputza garbituko ditu, kanpalekuan sartu aurretik.
29. «Betiko lege izango duzue hau: zazpigarren hilaren hamarrean barau egingo duzue; ez duzue inolako lanik egingo, ez bertakoek, ez zuen artean bizi diren etorkinek,
30. egun horretan egingo baita zuen aldeko barkamen-ohikunea, garbi zaitezten; bekatu guztietatik garbi geldituko zarete Jaunaren aurrean.
31. Betiko legea da: egun hori atseden-egun berezia izango duzue, barauari emana.
32. «Gerora, bere aitaren ordez apaizgoa hartzeko gantzutuko duten apaizak egingo du barkamen-ohikunea; lihozko jantzi sakratuak jantziko ditu,
33. toki santu santuaren, elkarketa-etxolaren eta aldarearen garbikuntza-ohikunea eta apaizen eta elkarte osoaren aldeko barkamen-ohikunea egiteko.
34. «Betiko lege izango duzue hau: urtean behin, israeldarren bekatu guztiengatik barkamen-ohikunea egingo da». Dena Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten.
6. Errugabe naizela agertzeko eskuak garbiturik, zure aldarea inguratzen dut, Jauna,
7. zure gorespena ozenki hots eginez, zure egintza miragarriak kontatuz.
8. Maite dut, Jauna, zu bizi zaren tenplua, zure aintzaren egoitza.
9. Ez nazazu egin bekatarien zori bereko, ez nazazu bihur hiltzaileen kideko,
10. eskuak makurkeriaz eta eskupeko diruz beteak dituzten horien kideko.
11. Nire jokabidea, berriz, prestua da: aska nazazu, erruki zakizkit!
12. Tinko ezarriak ditut oinak; Jauna bedeinkatuko dut batzarrean.
8. Bihotz zuhurrekoak onartzen ditu aginduak, mihi txorokoa hondamendirantz abiatzen.
1. Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan.
2. Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakastaldian:
3. «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera.
4. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten.
5. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen;
6. baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.
7. Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman.
8. Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».
9. Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».
10. Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera Jesusekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdegin zioten.
11. Eta hark esan zien: —Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie.
12. Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen eta ez zaie barkatzen.
13. Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak?
14. Ereileak mezua du ereiten.
15. Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du.
16. Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute;
17. baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira.
18. Beste batzuk, berriz, “sasi-artea” bezala dira: entzuten dute mezua,
19. baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz.
20. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)