La Bible en un an

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esan Aaronen seme apaizei: Ez bedi kutsa apaiza bere ahaideren baten gorpua ukituz,
2. hurbileko ahaideren batena —ama, aita, semea, alaba nahiz anaiarena— izan ezik.
3. Arreba ezkongabeagatik ere kutsa daiteke, ezkongabe dagoen bitartean bere senitarteko baitu.
4. Bere senitartekoen buru delarik, apaizari ez zaio zilegi kutsatzea, desohoraturik geldi ez dadin.
5. «Apaizek ez dute burua erabat soilduko, ez bizarraren ertzak moztuko, ezta ere gorputzean ebakirik egingo.
6. Beren Jainkoari sagaratuak behar dute izan eta haren izena profanatzetik alde egin, beraiei baitagokie Jaunarentzat erre beharreko opariak eskaintzea. Beraz, santu izan behar dute.
7. «Ez dute emaztetzat hartuko emagaldu edo desohoratua izandako emakumerik, ezta senarrak zapuztutakorik ere, apaizak Jainkoari sagaratuak baitaude.
8. Israeldar orok errespetatuko du apaizen izaera sakratua, beraiek eskaintzen baitute Jainkoaren oparia. Sakratutzat edukiko dituzte, santua bainaiz ni, Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.
9. «Apaiz baten alabak bere burua desohoratzen badu, emagaldu bihurtuz, bere aita desohoratzen du: bizirik erreko dute.
10. «Apaiz nagusia apaizen buru da. Gantzuketa-olioa burura isuri ziotenean, apaizgoa hartu zuen eta jantzi sakratuak erabiltzen ditu. Hori dela eta, ez du ilea harro utziko, ezta arroparik urratuko ere;
11. ez da kutsatu bihurtuko hildakoren batengana hurbilduz, ezta aita edo ama izanik ere.
12. Ez da toki sakratutik aterako, Jainkoaren santutegia profana ez dezan, gantzuketa-olioz Jainkoaren zerbitzurako sagaraturik baitago. Neu naiz Jauna.
13. «Apaiz nagusiak neskatxa birjina hartuko du emaztetzat,
14. eta ez alarguna, ezta zapuztua, desohoratua edo emagaldu izandako emakumea ere. Bere senitarteko neskatxa hartuko du,
15. desohoragarri izango bailitzateke ondorengoek senitartez kanpoko odola izatea. Neu naiz Jauna, hura neuretzat sagaratzen dudana».
16. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
17. «Esan Aaroni: Etorkizunean, gorputz-akatsen bat duen zuen ondorengoetariko inor ere ez da aldarera hurbilduko Jainkoaren oparia eskaintzera.
18. Beraz, akastunik inor ez da gai zerbitzu horretarako: ez itsua, ez herrena, ez aurpegia desitxuratua edo gorputz-atalak oker dituena,
19. ez zangoa edo besoa hautsirik duena,
20. ez konkorra, ez mazkala, ez begi-lausoa, ez larruazaleko gaitzen bat duena, ez barrabilak lehertuak dituena.
21. Gorputz-akatsen bat duen Aaronen ondorengoetariko inor ez da hurbilduko Jaunari erre beharreko opariak eskaintzera; akastunik inor ere ez da zerbitzu horretarako gai.
22. Jan ditzake, bai, Jainkoari eskainiriko jakiak, opari guztiz sakratuak eta opari sakratuak;
23. baina ez daiteke errezelaz beste aldera sar, ezta aldarera hurbil ere, akastuna izanik, santutegia eta bertan dagoena profana ez ditzan. Neu naiz Jauna, apaizak neuretzat sagaratzen ditudana».
24. Dena adierazi zien Moisesek Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei.
1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Esan Aaroni eta beronen semeei, zenbait kasutan ez dutela hurbildu behar israeldarrek egiten dizkidaten eskaintza sakratuetara, nire izen santua profana ez dezaten. Esaiezu, bada:
3. Etorkizunean, zuen ondorengoetariko batek, bera kutsaturik dagoela, israeldarrek Jaunari eskainitako opari sakratuak aurkezten baditu, bota egingo duzue nire zerbitzutik. Neu naiz Jauna.
4. «Legenak jota edo sexu-jarioarekin dagoen apaizak ez du opari sakraturik jango, garbikuntza egin arte; berdin gorpu batek kutsaturiko zerbait ukitu edo hazi-isuria duenak,
5. eta kutsagarri den narrastia nahiz gizakia ukitu duenak.
6. Gauza horiek ukitu dituena kutsaturik geldituko da arratsa arte eta ez du opari sakraturik jango, gorputza uretan garbitu arte.
7. Eguzkia sartzean, garbi geldituko da eta jan ahal izango ditu opari sakratuak, berarentzako janari baitira.
8. Ez du jango berez hildako edo piztiaren batek sarraskituriko abererik, kutsa ez dadin. Neu naiz Jauna.
9. «Leial gorde behar dute apaizek Jaunak agindua, opariak direla eta, bekatuaren ondorenak jasan nahi ez badituzte; ez badute errespetatzen, hil egingo dira. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen ditudana.
10. «Laikoek ez dezakete opari sakraturik jan, ezta ostatuz edo lansaripean apaizaren etxean daudenek ere.
11. Esklaboek, ordea —nahiz diruz erositakoek nahiz etxean jaiotakoek—, jan dezakete apaizaren janaritik.
12. Laiko batekin ezkondutako apaizaren alabak ez dezake jan opari sakratuetatik apaizarentzat utzitakorik.
13. Baina alargundu delako edo senarrak zapuztu duelako, seme-alabarik ere ez duelarik, ezkongabetan bezala aitaren etxera itzultzen bada, jan ahal izango du aitaren janaritik. Laikoek, dena den, ez dezakete hartatik jan.
14. «Norbaitek oharkabean opari sakratuetatik zerbait jaten badu, jan duenaren ordaina eta bosteko bat gehiago itzuliko dio apaizari.
15. «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak;
16. erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».
17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18. «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio,
19. abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.
20. Ez aurkeztu abere akastunik, ez baitizue Jaunak onartuko.
21. «Norbaitek botoren bat betetzeko edo bere borondatez abelgorria nahiz abere xehea elkartasun-oparitzat Jaunari eskaini nahi badio, inolako akatsik gabea eskainiko du, Jaunak atseginez onar diezaion;
22. beraz, ez abere itsurik edo gorputz-atalen bat hautsia duenik, ez zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duenik. Ez eraman horrelakorik Jaunaren aldarean oparitzat erretzeko.
23. Oparia borondatezkoa bada, zilegi da gorputz-atalak oker dituen zekorra nahiz aharia eskaintzea; baina botoa betetzeko egina bada, ez dizue Jaunak horrelakorik onartuko.
24. Ez aurkeztu inola ere barrabil mazpildu, lehertu, erauzi nahiz ebakiak dituen abererik. Ez duzue horrelakorik egingo zeuen lurraldean.
25. Ezta atzerritarren eskutik ere, ez duzue onartuko horrelako abererik Jainkoari eskaintzeko, jasan duen mutilazioa akatsa baita: ez dizue Jaunak onartuko».
26. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
27. «Zekorra, arkumea edo antxumea, jaio ondoren, zazpi egunez geldituko dira amaren ondoan; zortzigarren egunetik aurrera, gai dira opari gisa Jaunaren ohorez erretzeko.
28. Hala ere, ez hil egun berean behia edo ardia eta berauen umea.
29. «Jaunari esker oneko oparia eskaintzean, eskaini berak atseginez onartzeko eran,
30. eta oparigaia egunean bertan jan, biharamunerako ezer utzi gabe. Neu naiz Jauna.
31. «Bete arretaz nire aginduak. Neu naiz Jauna.
32. Israeldarrok, ez gero profanatu nire izen santua, baizik eta aitortu santua naizela. Neu naiz Jauna, neuretzat sagaratzen zaituztedana,
33. eta zuen Jainko izateko Egiptotik atera zintuztedana. Neu naiz Jauna».
11. Erakustazu, Jauna, zeure bidea, eraman nazazu bide zuzenetik, etsaiak ugari baititut.
12. Ez utzi ni etsaien gogara, lekuko gezurtiak altxatu baitira nire aurka, indarkeria dariela.
13. Ziur nago ni: Jaunaren ontasuna gozatuko dut bizien lurraldean.
14. Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen! Itxaron Jaunarengan!
13. Burutsuaren ezpainetan hitz zuhurrak; burugabearen bizkarrari, eman egurra!
14. Zuhurrak jakinduria biltzen du, mihi txorokoak berehalako hondamendia ekartzen.
15. Aberatsak bere ondasunetan du babesa, behartsuak bere gabezian hondamendia.
16. Zintzoaren lansaria bizia da, gaiztoaren irabazia porrota.
21. Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela,
22. sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik,
23. otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».
24. Harekin abiatu zen Jesus. Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka.
25. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena.
26. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan.
27. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion.
28. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz».
29. Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.
30. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen: —Nork ukitu dit jantzia?
31. Bere ikasleek erantzun zioten: —Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?
32. Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori.
33. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar —ondo baitzekien zer gertatu zitzaion—, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion.
34. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».
35. Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?»
36. Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».
37. Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik.
38. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika.
39. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».
40. Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aita-amak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen.
41. Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum » (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).
42. Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen.
43. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)