1. «Ez diozue oparitzat eskainiko Jaunari zeuen Jainkoari inolako akatsik duen zekor edo arkumerik, higuingarri baitzaio hori.
2. «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietakoren batean, gizon nahiz emakumeren batek Jaunari zuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona egin eta ituna haustea:
3. hau da, nik aginduaren kontra, jainko arrotzak gurtu eta beraien aurrean —edota eguzki, ilargi eta zeruko izar guztien aurrean— ahuspeztea.
4. Horrelakorik salatzen badizuete edo, zeuen kabuz, horrelako zerbaiten berri jakiten baduzue, ikertu zehatz-mehatz arazoa; Israelen horrelako gaiztakeria egiaz gertatu dela ikusten baduzue,
5. erruduna, gizona nahiz emakumea, hiri-sarrerara eramango duzue eta harrika emango hil arte.
6. «Ez zaio inori heriotza-zigorrik ezarriko bi edo hiru lekukoren aitorpenaz izan ezik; ez da aski lekuko bakarraren aitorpena.
7. Lekukoak izango dira lehenak kondenatua hiltzen, eta herri osoa ondoren. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.
8. «Zuen hirietan auziren bat gertatzen bada —hilketa, liskarra, zauria edo beste zernahi—, zeuek erabakitzeko zailegia iruditzen zaizuena, joan Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekura
9. eta jo argibide bila apaiz lebitarrengana eta une hartan txandan egongo den epaileagana. Hauek epaia emango dizuete,
10. eta haren arabera jokatuko duzue, erabakia arretaz betez.
11. Haiek emandako argibideen eta epaiaren arabera jokatuko duzue, ezertan ere saihestu gabe.
12. «Baina, harrokeriak eraginda, Jaunaren zuen Jainkoaren zerbitzuan dagoen apaizaren nahiz epailearen erabakia onartu nahi ez duena hil egin behar duzue. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria Israeldik.
13. Horren berri jakitean, beldur izango da herria, eta ez da aurrerantzean harrokerian eroriko.
14. «Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldean sartu, hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean, erregea nahi izango duzue agian, inguruko herri guztiek bezala.
15. Hala bada, Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duena egingo duzue errege. Herritarra beharko du izan erregeak; ez zaizue zilegi atzerritarrik zeuen buru jartzea, herrikoren bat baizik.
16. «Erregeak ezin izango du zaldi asko eduki, ezta jendea Egiptora bidali ere bere zalditeria handitzeko, debekatu egin baitizue Jaunak berriro harako bidea hartzea.
17. Ez du emakume askorik izango, haren bihotza desbidera ez dadin, ezta pilatuko ere urre eta zilar larregi.
18. «Errege-agintea hartzean, lege hau kopiaraziko du beretzat, apaiz lebitarren zainpean egongo den liburutik.
19. Berekin eramango du beti, eta egunero irakurriko bere bizitza guztian, Jaunaren bere Jainkoaren begirunean bizitzen ikas dezan, lege honen xedapenak eta arauak betetzen saiatuz.
20. Horrela, ez da harrotuko, bere burua gainerako herritarrak baino handiagotzat joz, ezta saihestuko ere ezertan aginduetatik. Orduan, bai bera, bai ondorengoak, luzaro izango dira errege Israelen.
1. «Apaiz lebitarrek, Lebiren leinuko guztiek, alegia, ez dute beste israeldarrek bezala lursailik izango ondaretzat: Jaunaren ohorez eskainitako opariak eta Jaunari dagokiona izango dituzte mantenu-bide.
2. Lebitarrek, beraz, ez dute beste israeldarrek bezala ondare-zatirik izango, Jauna baitute ondare, berak hitzeman bezala.
3. «Hona herriak oparitzat eskaintzen dituen zekor eta arkumeetatik lebitarrei eskubidez dagokiena: sorbalda, matrailak eta urdaila.
4. Gari, ardo eta olioaren hasikinak eta ardi-mozketako lehen artilea ere beraiei emango zaizkie.
5. Izan ere, leinu guztien artean Lebiren leinukoak aukeratu ditu Jaunak zuen Jainkoak, beraren izenean liturgi zerbitzua betiko bete dezaten.
6. «Israelgo edozein hiritan bizi den lebitarrak, Jaunak beretzat aukeratuko duen lekura joatea erabakitzen badu,
7. Jaunaren bere Jainkoaren ohorez liturgi zerbitzuan jarduteko eskubidea izango du, bertan diharduten senide lebitar guztiek bezalaxe.
8. Haiena bezalako partea hartuko du bere mantenurako, famili ondasunak saltzetik jaso dezakeenaz gain.
9. «Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldera iristean, ez jarraitu hango herrien jokabide higuingarriei:
10. ez beza zuetako inork semea nahiz alaba oparitzat erre; ez bedi izan zuen artean geroa igartzeko magiazko baliabide, sorginkeria nahiz aztikeriarik erabiliko duenik,
11. ez liluratzailerik, ezta espirituei edo hildakoei deika dabilkeenik ere.
12. Horrelakoak egiten dituen oro higuingarri zaio Jaunari; hain zuzen, higuingarritasun horiengatik botatzen ditu Jaunak zuen Jainkoak herri horiek zuen aurretik.
13. «Izan guztiz zintzo Jaunarekin zeuen Jainkoarekin.
14. Beren lurraldetik botako dituzuen herriek igarle eta aztiei egiten diete kasu; zuei, ordea, ez dizue Jaunak zeuen Jainkoak horrelakorik lagatzen.
15. Jaunak zuen Jainkoak ni bezalako profeta sortuko du zuen artetik, herritarren artetik. Entzun berari!
16. Horixe da, Horeb mendian bildurik zeundetela Jaunari zeuen Jainkoari eskatu zeniotena: “Ez dugu Jaunaren geure Jainkoaren ahotsa berriro entzun nahi, ezta sute hori ikusi nahi ere, hil egingo baikara bestela”.
17. Orduan, Jaunak esan zidan: “Ongi deritzot herriak esandakoari.
18. Zu bezalako profeta sorraraziko dut herritarren artetik; neure hitzak ezarriko dizkiot ahoan eta nik agindurikoa esango die.
20. Baina nik agindu gabeko mezua nire izenean adierazten edota jainko arrotzen izenean hitz egiten ausartzen den profeta hil egingo dute”.
21. «Beharbada, galdegingo duzue: “Nola jakin profetak adierazitako mezua Jaunaren hitza den ala ez?”
22. Hona: profetak Jaunaren izenean adierazia betetzen ez bada eta iragarri duena gertatzen ez, seinalea Jaunaren hitza ez dela; harrokeriak eraginda hitz egin du profeta delako horrek. Ez izan, beraz, beraren beldur.
37. Begira gizaki prestuari, so egin zuzenari: badu etorkizunik bakezaleak.
38. Errebeldeak denak batera suntsituko dituzte, gaiztoen geroa hondatua dago.
39. Zintzoen salbamena Jaunarengandik dator: hura dute gotorleku arrisku-garaian.
40. Jaunak laguntzen die eta onik ateratzen, onik ateratzen gaiztoengandik eta salbatzen, berarengan baitira babestu.
20. Gaizkileen buruan engainua, bakea aholkatzen dutenengan poza.
21. Zintzoari ez zaio kalterik suertatuko, gaiztoari zoritxarra bete-betean.
22. Jaunak gorroto ditu gezurtiak; atsegin ditu, ordea, egiaz jokatzen dutenak.
1. Jesus Espiritu Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen
2. berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer jan, eta azkenean gosetu egin zen.
3. Deabruak esan zion, orduan: —Jainkoaren Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
4. Jesusek erantzun zion: —Liburu Santuan idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
5. Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean
6. eta esan zion: —Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket.
7. Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.
8. Jesusek erantzun zion: —Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
9. Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion: —Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera,
10. idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko.
11. Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.
12. Baina Jesusek erantzun: —Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
13. Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.
14. Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri.
15. Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goraipatzen zutela.
16. Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu.
17. Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:
18. Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko; berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera,
19. Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera.
20. Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan.
21. Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».
22. Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?»
23. Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».
24. Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik.
25. Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean;
26. hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik.
27. Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».
28. Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren.
29. Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko.
30. Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)