La Bible en un an

1. Hona hemen Aaronen eta Moisesen ondorengoak, Sinai mendian Jauna Moisesi mintzatu zitzaionean.
2. Aaronek lau seme zituen: Nadab lehen-semea, Abihu, Eleazar eta Itamar.
3. Horiek gantzutu eta sagaratu zituzten apaiz-zerbitzurako;
4. baina Nadab eta Abihu semerik utzi gabe hil ziren Sinai basamortuan, Jaunaren aurrean, honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako. Beraz, Eleazar eta Itamar izan ziren apaiz beren aita Aaronen ardurapean.
5. Jaunak esan zion Moisesi:
6. «Hurbilarazi Lebiren leinua eta ezar ezazu Aaron apaizaren zerbitzura, lagun diezaion.
7. Aaron eta elkarte osoaren ordezkari gisa beteko dute lebitarrek beren zerbitzua elkarketa-etxolaren aurrean, egoitzako zereginez arduratuz.
8. Elkarketa-etxolako tresnen ardura izango dute eta israeldarren zerbitzura egongo dira egoitzako zereginak betetzeko.
9. Lebitarrak, beraz, beste israeldarren artetik bereizi eta Aaroni eta beronen semeei emango dizkiezu laguntzaile.
10. Aaron eta beronen semeak ezarriko dituzu apaiz-zerbitzuan. Beste norbaitek apaiz-eginkizunetan jarduten badu, heriotzara emango dute».
11. Jaunak esan zion Moisesi:
12. «Lebitarrak hautatu ditut israeldarren artetik, berauen lehen-semeen ordez. Neureak ditut, beraz, lebitarrak,
13. neureak baititut lehen-semeak oro: Egiptoko lehen-seme guztiak hilarazi nituenean, niretzat sagaratu nituen Israelgo lehen-jaio guztiak, gizaki nahiz abereak. Neureak ditut, beraz. Neu naiz Jauna».
14. Jaunak esan zion Moisesi Sinai basamortuan:
15. «Egizu lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz».
16. Moisesek izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.
17. Hauek ziren Lebiren semeak: Gerxon, Kehat eta Merari.
18. Gerxonen semeak Libni eta Ximei ziren, senitarteburuak;
19. Kehaten semeak, Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel, senitarteburuak;
20. Merariren semeak, Mahli eta Muxi, senitarteburuak. Horiek ziren lebitarren senitarteak, famili jatorriaren arabera banatuak.
21. Gerxonen ondorengoak bi senitartetan banatuak zeuden: libnitarrak eta ximeitarrak. Horiek ziren gerxondarren senitarteak.
22. Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 7.500 ziren.
23. Gerxondar senitarteak egoitzaren atzealdean, mendebaldean, etxolatu ziren.
24. Gerxondarren familiaburua Laelen seme Eliasaf zen.
25. Hona gerxondarren ardurapean zeuden elkarketa-etxolako osagaiak: egoitza eta berau estaltzen zuen oihal-etxola, honen estaldura eta sarrerako oihala,
26. egoitza eta aldare inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako oihalak, eta eraikuntza guztiko sokak.
27. Kehaten ondorengoen senitarteak amramdarrak, itzhartarrak, hebrondarrak eta uzieldarrak ziren.
28. Izen-bilketan hilabetez gorako gizonezkoak 8.600 ziren, santutegiaren zerbitzurako.
29. Kehatarren senitarteak egoitzaren alboan, hegoaldera, etxolatu ziren.
30. Kehatarren senitarteburua Uzielen seme Elitzafan zen.
31. Kehatarren ardurapean zeuden kutxa, ogien mahaia, argimutila, aldareak, santutegiko zerbitzuan erabiltzen ziren tresnak eta etxola bitan banatzen zuen errezela.
32. Aaronen seme Eleazar zen lebitarren senitarteburuen nagusi. Honek bere menpean zituen santutegiko zerbitzuaz arduratzen ziren guztiak.
33. Merariren ondorengoen senitarteak mahlitarrak eta muxitarrak ziren.
34. Izen-bilketan, hilabetez gorako gizonezkoak 6.200 ziren.
35. Meraritarren senitarteburua Abihailen seme Tzuriel zen. Hauek egoitzaren alboan, iparraldera, etxolatu ziren.
36. Meraritarren ardurapean zeuden egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak eta beste osagai guztiak;
37. baita atari inguruko zutabeak beren oinekin, hesolak eta sokak ere.
38. Ekialdean, hau da, egoitzaren buruz buru eta elkarketa-etxolaren aurrean, Moises, Aaron eta honen semeak zeuden etxolatuak; hauek santutegiaren zerbitzuaz arduratzen ziren israeldarren izenean. Beraiek ez beste norbait zerbitzu horretan sartzen bazen, heriotzara ematen zuten.
39. Moisesek eta Aaronek senitarteka erroldatu zituzten lebitarrak, Jaunaren agindura. Hilabetez gorako gizonezkoak 22.000 ziren guztira.
40. Jaunak esan zion Moisesi: «Egizu israeldarren lehen-semeen izen-bilketa, hilabetez gorako gizonezkoak erroldatuz.
41. Eta bereiz iezazkidazu lebitarrak, israeldar lehen-semeen ordez. Neu naiz Jauna. Halaber, bereizi lebitarren abereak, israeldarren lehen abere-kumeen ordez».
42. Moisesek israeldarren lehen-semeen izen-bilketa egin zuen, Jaunak agindu bezala.
43. Izen-bilketan, hilabetez gorako israeldar gizonezkoak 22.273 ziren.
44. Jaunak esan zion Moisesi:
45. «Hartu lebitarrak israeldarren lehen-seme guztien ordez eta lebitarren abereak israeldarrenen ordez: neureak ditut lebitarrak. Neu naiz Jauna.
46. Israeldarren lehen-semeak lebitarrak baino 273 gehiago direnez, soberako horiek berreskuratzeko,
47. bakoitzarengatik zilarrezko bost txanponeko ordaina eskatuko duzu, santutegiko pisu-neurriaren arabera, oin-txanpona hamar gramokoa delarik.
48. Soberako lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua Aaroni eta beronen semeei emango diezu».
49. Hartu zuen Moisesek lebitarrak baino gehiago ziren lehen-semeak berreskuratzeko ordain-dirua:
50. zilarrezko 1.365 txanpon hartu zituen, santutegiko dirutan, israeldarren lehen-semeen izenean.
51. Eta dirua Aaroni eta beronen semeei eman zien, Jaunak agindu bezala.
1. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:
2. «Egizue Kehaten ondorengo lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka.
3. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.
4. «Kehaten ondorengoen egitekoa elkarketa-etxolan gauza sakratuenez arduratzea da.
5. Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek etxola bitan banatzen duen errezela kendu eta hartaz itun-kutxa estaliko dute.
6. Larru finezko estalduraz bilduko dute eta gainean purpura morezko beste oihal bat zabalduko, eta hagak ezarriko dizkiote kutxari.
7. Purpura morezko oihala zabalduko dute eskainiriko ogien mahai gainean ere, eta bertan isur-oparietarako azpilak, erretiluak, katiluak eta pitxerrak ipiniko dituzte; eskainiriko ogia etengabe egongo da mahai gainean.
8. Horren guztiaren gainean purpura gorriminezko oihala zabaldu eta larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote mahaiari.
9. Gero, purpura morezko oihala hartu eta argimutila, kriseiluak, su-hatzak, errautsontziak eta olioarekin erabiltzen diren ontzi guztiak estaliko dituzte.
10. Larru finezko estalduraz bilduko dute argimutila tresna guztiekin batera eta anda gainean ezarriko.
11. «Urrezko aldare gainean ere purpura morezko oihala zabalduko dute, larru finezko estalduraz bildu eta hagak ezarriko dizkiote;
12. gero, santutegiko liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresnak hartu eta purpura morezko oihalean ipiniko dituzte, larru finezko estalduraz bildu eta anda gainean ezarriko.
13. Aldareko errautsak garbitu eta purpura gorrizko oihala zabalduko dute gainean.
14. Aldare gainean liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresna guztiak ezarriko dituzte: errautsontziak, sardexkak, palak eta isipu-ontziak. Guztia larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote aldareari.
15. «Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek santutegiko tresna guztiak bilduko dituzte, eta gero Kehaten ondorengoak etorriko dira horiek guztiak eramateko. Ez dezatela ezer sakraturik uki, hil ez daitezen. Horiek dira Kehaten ondorengoek eraman behar dituzten elkarketa-etxolako gauzak.
16. «Eleazar, Aaron apaizaren semea, honetaz arduratuko da: kriseiluetako olioaz, intsentsu usaintsuaz, eguneroko labore-opariez eta gantzuketa-olioaz. Egoitzaz eta bertan dagoen guztiaz ere —gauza sakratuez zein tresneriaz— bera arduratuko da».
17. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:
18. «Ez gero utzi lebitarren artean desagertzen Kehaten senitarteak!
19. Gauza guztiz sakratuetara hurbiltzean bizia galtzeko arriskua dutenez gero, egizue honela, hil ez daitezen: Aaron eta beronen semeak bertan egongo dira bakoitzari zein den bere egitekoa eta zer eraman behar duen esateko.
20. Ez dezatela gauza sakraturik ikus, ezta begirada bizkor batez ere, hil nahi ez badute».
21. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
22. «Egizu Gerxonen ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.
23. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.
24. Hau izango da gerxondarren egitekoa eta eraman behar dutena:
25. egoitzako zapiak, elkarketa-etxola, honen gaineko larru finezko estaldura, elkarketa-etxolaren sarrerako oihala,
26. atariko oihalak, egoitza eta aldarea inguratzen dituen atariaren sarrerako oihala, sokak eta gainerako osagaiak; hori guztia da gerxondarren egitekoa.
27. Aaron eta beronen semeen agindura beteko dute gerxondarrek beren egitekoa, bai beren zerbitzuari, bai eraman behar dituzten gauzei dagokienez.
28. Gerxondarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute.
29. «Egizu Merariren ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.
30. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.
31. Elkarketa-etxolan izango duten egitekoa eta eraman behar dutena hauxe izango da: egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak,
32. egoitza inguruko atariko zutabeak beren oinekin, hesolak, sokak eta gainerako osagaiak.
33. Meraritarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute».
34. [34-49] Moisesek, Aaronek eta elkarte-arduradunek Kehat, Gerxon eta Merariren ondorengo lebitar guztien izen-bilketa egin zuten, senitarteka eta familiaka. Hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak erroldatu zituzten, elkarketa-etxolako zerbitzua bete zezaten. Moisesek eta Aaronek Jaunaren agindura egindako izen-bilketak emaitza hau eman zuen: Kehaten ondorengoak 2.750; Gerxonen ondorengoak 2.630; Merariren ondorengoak 3.200. Beraz, izen-bilketan erroldaturiko lebitar guztiak 8.580 ziren. Bakoitzari zer egin eta zer eraman behar zuen adierazi zitzaion, Jaunak Moisesi aginduaren arabera.
35. Tenpluaren sagarapenerako kanta. Daviden Salmoa.
36. Goratua zu, Jauna, onik atera bainauzu! Nire etsaiei ez diezu nire lepotik pozten utzi.
37. Jauna, ene Jainkoa, oihuz laguntza eskatu dizut, eta sendatu nauzu.
38. Jauna, Herio Leizetik atera nauzu; hilobira jaistear nengoela, biziberritu.
39. Kanta Jaunari, haren fededunok, goretsazue, santua dela gogoratuz.
40. Haren haserrea une baterako, haren onginahia bizi guztirako. Arratsean negarrez bagaude ere, goizean berriro poz-oihuz.
41. Lasaialdian hau pentsatu nuen: «Ez dut sekula koloka egingo».
42. Zintzoa ez da inoiz koloka ibiliko; gaiztoak, ordea, ez du lurrean iraungo.
43. Zintzoaren ahotik zuhurtzia sortzen da, moztu egingo dute mihi maltzurra.
44. Atsegingarri dira zintzoaren hitzak, maltzurkeria huts gaiztoarenak.
45. Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta jatekorik ez, Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien:
46. —Errukia ematen dit jende honek: badaramatzate hiru egun nirekin eta ez dute deus ere jateko.
47. Etxera baraurik bidaltzen baditut, ahuleziak joko ditu bidean, urrutitik etorriak ere badira eta.
48. Ikasleek esan zioten: —Baina nork atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?
49. Hark galdetu zien: —Zenbat ogi dituzue? —Zazpi —erantzun zioten.
1. Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari eskaini zizkioten.
2. Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkazioa esan, eta haiek ere banatzeko agindu zien.
3. Asetzeraino jan zuten, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin.
4. Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien,
5. eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.
6. Fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren: Jainkoarengandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz, bera nola harrapatuko.
7. Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango».
30. Eta, haiek bertan utzirik, txalupara igo zen eta beste aldera abiatu.
31. Ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten ontzian.
32. Jesusek oharpen hau egin zien: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legamiarekin!»
1. Haiek, berriz, elkarren artean honela ari ziren: «Ogirik ez dugulako ari zaiguk».
2. Konturatu zen Jesus eta esan zien: —Zer ari zarete ogirik ez daukazuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete?
3. Begiak eduki, eta ez duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan,
4. bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenituzten hondarrekin? —Hamabi —erantzun zioten.
5. — Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenituzten hondarrekin? Haiek erantzun: —Zazpi.
6. Orduan, esan zien: —Eta oraindik ez duzue ulertzen?
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)