1. Egiptotik atera eta hirugarren hila bete zen egunean iritsi ziren israeldarrak Sinai basamortura.
2. Refidimdik abiaturik, Sinai basamortura heldu ziren, eta han ezarri zuten kanpalekua, mendiaren aurrez aurre.
3. Moises mendira igo zen Jainkoarengana. Jaunak menditik dei egin eta esan zion: «Mintza zakizkie Jakoben ondorengoei, israeldarrei, eta adierazi hau:
4. Ikusi duzue zer egin diedan egiptoarrei, eta nola, arranoak bere kumeak hegaletan bezala hartuz, niregana ekarri zaituztedan.
5. Beraz, nire esana betetzen baduzue eta nire ituna gordetzen, zuek izango zaituztet herri guztien artean neure jabego berezia, nirea baita lur osoa;
6. apaiz-erreinu izango zaituztet, niri sagaraturiko herri. Hau da israeldarrei esango diezuna».
7. Joan zen Moises eta, herri-arduradunei dei eginik, Jaunak agindu guztia adierazi zien.
8. Orduan, herriak aho batez erantzun zuen: «Jaunak agindu guztia beteko dugu». Herriaren erantzuna Jaunari eramatera joan zen Moises.
9. Jaunak esan zion: «Hara, laino itxi batean aurkeztuko natzaizu, herriak zurekin mintzatzen entzun diezadan eta aurrerantzean zuregan ere sinets dezan». Moisesek Jaunari jakinarazi zion herriaren erantzuna.
10. Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz eta garbikuntza egin dezala herriak gaur eta bihar: garbi ditzatela arropak
11. eta egon daitezela prest etzirako, orduan jaitsiko bainaiz ni, Jaun hau, Sinai mendira, herri osoaren aurrean.
12. Ezarri mugak mendi inguruan eta esaiozu herriari ez igotzeko mendira, ezta hurbildu ere maldara: mendira hurbiltzen denak heriotza-zigorra izango du.
13. Gizaki nahiz abere, ez da inor bizirik geldituko. Baina ez dio inork errudunari eskua erantsiko, baizik eta harriz edo geziz hilko dute. Turuta jotzean soilik igo ahal izango dira batzuk mendira».
14. Jaitsi zen Moises menditik, eta garbikuntza eginarazi eta arropa garbiarazi zien israeldarrei.
15. Eta esan zien: «Egon zaitezte gertu etzirako. Bitartean ez zaitezte hurbil zeuen emazteengana».
16. Hirugarren eguna argitzean, trumoiak eta tximista, laino itxia eta turuta-hots ozena izan ziren mendi gainean. Beldur-ikaraz gelditu zen herri osoa kanpalekuan.
17. Orduan, Moisesek herria kanpalekutik aterarazi zuen Jainkoarekin aurkitzeko, eta mendi barrenean gelditu ziren.
18. Sinai mendi osoa ketan zegoen, su artean jaitsia baitzen Jauna. Labetik bezala igotzen zen kea eta mendi guztia zegoen dardara batean.
19. Gero eta ozenagoa zen turuta-hotsa: Moises mintzatu eta Jainkoak trumoi-hotsez erantzuten zion.
20. Jauna Sinai mendiaren gailurrera jaitsi eta bertara dei egin zion Moisesi. Igo zen Moises,
21. eta Jaunak esan zion: —Jaitsi eta ohartarazi herriari, ez dadila ni ikusten ahalegindu, asko eta asko hilik eror ez daitezen.
22. Niregana hurbil daitezkeen apaizek beraiek ere egin dezatela garbikuntza, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.
23. Moisesek esan zion Jaunari: —Herria ez da ausartuko Sinai mendira igotzera, zuk zeuk ohartarazi baitiguzu eta agindu mendiari mugak ezartzeko eta sakratutzat hartzeko.
24. Baina Jaunak esan zion: —Jaits zaitez eta igo berriro Aaronekin. Baina apaizak eta herria ez daitezela ahalegin niregana igotzen, haien artean sarraskirik egin ez dezadan.
25. Jaitsi zen Moises eta israeldarrei hitz egin zien.
1. Jainkoak hitz hauek esan zituen:
2. «Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena.
3. «Ez izan ni beste jainkorik.
4. «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik.
5. Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere;
6. baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei.
7. «Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko.
8. «Gogoan izan larunbata, Jaunari sagaratzeko.
9. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko;
10. baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere.
11. Zeren sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak, itsasoa eta berorietan bizi den guztia, eta zazpigarren egunean atseden hartu baitzuen. Horregatik, larunbata bedeinkatu egin zuen Jaunak eta egun sakratutzat ezarri.
12. «Ohoratu aita-amak, luzaro bizi zaitezen, Jaunak, zeure Jainkoak, ematen dizun lurraldean.
13. «Ez hil inor.
14. «Ez egin adulteriorik.
15. «Ez ostu.
16. «Ez egin gezurrezko testigantzarik lagun hurkoaren aurka.
17. «Ez gutiziatu lagun hurkoarenik ezer: ez haren emazterik, ez morroi-miraberik, ez idirik, ez astorik, eta ez beste ezertxo ere».
18. Herri osoak sumatzen zituen trumoi eta tximistak, turuta-hotsak eta mendia ketan, eta, beldurrez dar-dar, urrutian zeuden geldi.
19. Esan zioten, bada, Moisesi: —Hitz egizu zuk eta adituko dizugu; baina ez diezagula Jainkoak hitz egin, hil ez gaitezen.
20. Moisesek erantzun zien: —Ez izan beldur! Jauna zuek probatzera etorri da, berari begirune izanik, bekatu egin ez dezazuen.
21. Herria urruti gelditu zen, eta Moises Jainkoa zegoen laino beltzera hurbildu zen.
22. Jaunak esan zion Moisesi: «Esan israeldarrei: Zeuek ikusi duzue nola mintzatu natzaizuen zerutik.
23. «Ez iezadazue egin, ez zilarrezko, ez urrezko idolorik.
24. «Egidazue buztinezko aldare bat, eta eskaini bertan zeuen ardi eta idiak erre-opari eta elkartasun-oparitzat; ni gurtzeko adieraziko dizkizuedan leku guztietan, han izango nauzue eta bedeinkatuko zaituztet.
25. «Harrizko aldarerik egiten badidazue, ez egin harlanduz; zizelez landua izanez gero, profanatua geldituko litzateke eta.
26. «Ez egin mailadirik ene aldarera, hara igotzean zeure lotsariak agerian jar ez ditzazun ».
37. Bidea zabalagotu didazu eta nire oinak ez dira oztopatu.
38. Etsaiak pertsegitu nituen eta harrapatu, eta ez nintzen itzuli denak suntsitu arte.
39. Desegin nituen, ezin izan ziren berriro jaiki, nire oinazpira erori ziren.
40. Indarrez jantzi ninduzun gudurako, menpean jarri zenizkidan arerioak.
41. Nire etsaiak ihesi jarri zenituen, gorroto nindutenak hondatu nituen.
42. Deiadar egin zuten, baina inork salbatu ez; Jaunarengana jo, baina hark entzun ez.
43. Haizeak daraman hautsa bezala xehatu nituen, kaleko lokatza bezala oinpean zapaldu.
44. Ene herriaren liskarretatik atera ninduzun, atzerritarren buruzagi izendatu. Herri ezezaguna jarri zitzaidan zerbitzari,
45. entzuten zidaten eta esana betetzen, arrotzek lausengatzen ninduten.
20. Seme, bete aitaren agindua eta ez baztertu amak irakatsia.
21. Eramatzazu beti bihotzari atxikiak eta zeure begien aurre-aurrean.
22. Beraiek gidatuko zaituzte zeure joan-etorrietan, beraiek zainduko lo zaudenean, beraiek hitz egingo dizute esnatzean.
23. Agindua kriseilu da, irakaspena argi eta heziketa eta zentzarazpena bizirako bide;
24. emakume gaiztoarengandik gordeko zaituzte eta lausenguz ari zaizunarengandik.
25. Ez izan haren edertasunaren irrikarik bihotzean eta ez zaitzala harrapa bere begiratuez.
23. Egun berean, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi. Hauek ez dute sinesten hildakoak pizten direnik. Eta honela galdegin zioten:
24. —Maisu, Moisesek esan zigun: Gizon bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, haren anaia alarguntsarekin ezkonduko da, anaiari ondorengoa emateko.
25. Behin batean, baziren gure artean zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen eta anaiari utzi zion emaztea.
26. Beste horrenbeste gertatu zitzaien bigarrenari eta hirugarrenari, eta zazpiei gauza bera.
27. Azkenik, hil zen emakumea ere.
28. Piztuerakoan, zazpietako zeinen emazte izango da, denena izana baitzen?
29. Jesusek erantzun zien: —Oker zabiltzate. Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ez dituzue ezagutzen.
30. Izan ere, piztuerakoan ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak.
31. Gainera, hildakoen piztueraz, ez al duzue irakurri Jainkoak berak esan zizuena:
32. Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz? Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik.
33. Entzuten zegoen jendea haren irakaspenaz txunditurik zegoen.
34. Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren,
35. eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz: