La Bible en un an

1. Davidek ihes egin zuen Ramako Naiotetik ere, eta Jonatanengana jo zuen hitz egitera: —Zer egin dut? Zein gaitz, zein bekatu egin diot zuen aitari, ni hil nahian ibiltzeko?
2. Jonatanek erantzun: —Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.
3. Davidek zin ere egin zuen, esanez: —Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.
4. Jonatanek, orduan, Davidi: —Zuk esana egingo dut zure alde!
5. Davidek Jonatani: —Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Uztazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsalde arte.
6. Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera albait lehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko».
7. «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea.
8. Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?
9. Jonatanek erantzun zion: —Inola ere ez! Gure aitak zu hondatzea erabakia duela ziur jakiten badut, adieraziko dizut.
10. Davidek galdetu zion Jonatani: —Nork adieraziko dit, zuen aitak haserre erantzuten badizu?
11. Jonatanek Davidi: —Zatoz, goazen landara. Eta biak landara atera ziren.
12. Jonatan honela mintzatu zitzaion Davidi: «Israelen Jainko Jaunarengatik esaten dizut, bihar edo etzi, garai honetan, ikertuko ditudala gure aitaren asmoak. Zurekiko asmo onak baditu eta norbait berehala bidali eta adierazten ez badizut,
13. zigor nazala Jaunak gogor. Gure aitak zu hondatzeko asmotan irauten badu, berriz, adieraziko dizut eta ihes egiten utziko, bakean joan zaitezen. Izan bedi Jauna zurekin, gure aitarekin izan zen bezala.
14. Egun hartan, bizi baldin banaiz, har nazazu onez, Jaunak nahi bezala. Hila baldin banaiz, berriz,
15. ez ukatu inoiz zeure onginahia nire senitarteari, Jaunak Daviden etsai guztiak banan-banan lurretik suntsiaraziko dituenean».
16. Honela, Jonatanek ituna egin zuen Daviden etxearekin, esanez: «Eska biezazkio Jaunak kontuak Davidi; hobeki esan, beronen etsaiei ».
17. Jonatanek zin egin zion berriro Davidi, elkarri zioten maitasunagatik, bere burua bezain maite baitzuen.
18. Jonatanek esan zion gero Davidi: «Bihar ilberri-jaia da eta han ez zaudela nabarituko dute, zure jarlekua hutsik egonen baita.
19. Etzi, jaitsi zaitez eta gorde, lehengo hartan ezkutatu zinen toki berean. Egon jarririk Etzel harriaren ondoan.
20. Hiru gezi jaurtiko ditut alde horretarantz, jo-puntura botatzen ariko banintz bezala,
21. eta morroia bidaliko dut, esanez: “Hoa eta bila itzak geziak”. Morroiari “Hi baino honantzago dituk geziak, har itzak” esango banio, orduan etor zaitezke, dena bakean izango baita. Ez da arriskurik izango, ala Jauna!
22. Baina mutilari “Hi baino harantzago dituk geziak” esango banio, zoaz ihesi, Jaunak bidaltzen zaitu eta.
23. Biok elkarri eman diogun hitzaz, berriz, izan bedi Jauna gu bion artean testigu betierean».
24. Ezkutatu zen, bada, David landan. Ilberri-jaia heltzean, jarri zen erregea otordurako, bazkaltzeko.
25. Ohi zuen tokian jarri zen erregea, horma ondoko jarlekuan. Jonatan jaiki egin zen. Abner Saulen aldamenean eseri zen. Daviden tokia, berriz, hutsik zegoen.
26. Egun hartan Saulek ez zuen deus ere esan, berekiko pentsatuz: «Ustekaberen bat izango zuen. Ez zen garbi egongo, ez zituen garbikuntzak egingo».
27. Biharamunean, ilberri ondoko bigarren egunean, berriro ere Daviden tokia hutsik zegoen. Saulek esan zion bere seme Jonatani: —Zergatik ez da etorri bazkaltzera Jeseren semea ez atzo eta ez gaur?
28. Jonatanek erantzun zion: —Belenera joateko baimena eskatu zidan arren eta arren.
29. Honela esan zidan: «Uztazu joaten, otoi; senitartekoon oparia eskaini behar baitugu herrian, eta anaiak joateko agindu dit. Orain, beraz, begiko baldin banauzu, uztazu, arren, anaia ikustera joaten». Horregatik, ez da etorri erregearen mahaira.
30. Haserretu zitzaion Saul Jonatani, eta esan zion: —Sasikumea halakoa! Banekian, bai, Jeseren seme hori maite huela, heure buruarentzat eta heure amarentzat lotsagarri haizen horrek!
31. Jeseren seme hori lurrean bizi dadin arte, ez haiz seguru izango, ez hi, ez hire erregetza. Bilarazi eta ekardak oraintxe bertan, hil beharra dik eta!
32. Jonatanek ihardetsi zion bere aita Sauli: —Zergatik du hil beharra? Zer egin du, bada?
33. Saulek lantza hartu zuen, semea jotzeko asmoz. Jonatanek ikusi zuen, beraz, erabakia zuela aitak David hiltzea,
34. eta haserre bizitan jaiki zen mahaitik, eta ez zuen deus ere jan ilberri-jaietako bigarren egun hartan. Oso atsekabetua zegoen, aitak David iraindu zuelako.
35. Biharamun goizean landara joan zen Jonatan, Davidekin aurrez erabaki bezala. Mutil koskor bat zeraman berekin.
36. Jonatanek diotso mutilari: —Hoa bizkor; bilatu jaurtiko ditudan geziak! Mutikoa lasterka zihoalarik, jaurti zuen Jonatanek gezia, mutikoa baino harantzago joateko eran.
37. Jonatanek, botatako geziraino mutikoa heltzen ari zenean, oihu egin zion atzetik, esanez: —Hi baino harantzago zegok gezia!
38. Berriz ere oihu egin zion Jonatanek atzetik mutikoari: —Bizkor! Habil agudo! Ez hadi geldi! Hartu zuen Jonatanen morroiak gezia eta bere nagusiagana itzuli zen.
39. Morroiak ez zekien zer gertatzen zen; Jonatanek eta Davidek bakarrik zekiten.
40. Jonatanek eman zizkion mutikoari bere iskiluak eta esan zion: —Hoa, eraman hirira.
41. Mutikoa joatean, atera zen David hegoaldetik eta lurreraino makurtu zen, hiru bider ahuspeztuz. Besarkatu zuten elkar, eta negar egin zuten elkarrekin.
42. Jonatanek esan zion Davidi: «Zoaz bakean. Jaunaren izenean egin diogu zin elkarri. Izan bedi Jauna betierean gu bion artean, eta gu bion ondorengoen artean».
1. Jonatan hirira itzuli zen; David, berriz,
2. Nob-era, Ahimelek apaizarengana. Ahimelek, harriturik, bidera atera zitzaion Davidi, esanez: —Nolatan zatoz bakarrik, beste inor gabe?
3. Davidek Ahimelek apaizari: —Agindu hau eman dit erregeak: «Ez dezala inork jakin zertara bidaltzen zaitudan eta zer agindu dizudan». Mutilei, berriz, halako tokira egin diet dei.
4. Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.
5. Apaizak erantzun zion Davidi: —Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.
6. Davidek apaizari: —Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.
7. Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.
8. Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.
9. Davidek esan zion Ahimeleki: —Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.
10. Apaizak erantzun: —Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik. Davidek esan zuen: —Ez da hori baino hoberik. Emadazu!
11. Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen.
12. Zerbitzariek, ordea, esan zioten Akix erregeari: —Ez al da hori David, bere herrian errege dena? Ez al zioten horri kantatzen, dantza eginez, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila»?
13. Gogoan hartu zituen Davidek hitz hauek, eta Gateko errege Akixi beldur handia hartu zion.
14. Zoro-itxurak egin zituen haien aurrean, haien artean erotuak bezala jokatuz; ate nagusietan atzamarka hasi zen, bizarrean behera lerdea zeriola.
15. Akixek esan zien bere zerbitzariei: —Ez al duzue ikusten gizon hau erotua dagoela? Zertarako ekarri didazue?
1. Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Davidena. Miktam. Saulek, David hiltzeko asmotan, honen etxea zelatatzeko agindu zuenekoa.
2. Ene Jainko, libra nazazu etsaiengandik, gorde seguru erasotzaileengandik.
3. Libra nazazu gaizkileengandik, salba hiltzaileengandik.
4. Begira, zelatan daude nire kontra, ahaltsuak azpijokoan ari zaizkit. Jauna, ez dut hobenik, ez bekaturik egin.
5. Errugabe naizen arren, bizkor datoz erasotzera. Esnatu, Jauna! Zatoz eta ikus!
31. Zentzarazpen osasungarria gogoan hartzen duenak jakintsuen artean izango du bere tokia.
32. Heziketa nahi ez duenak bere burua mespretxatzen du, zentzarazpena gogoan hartzen duenak zentzu ona bereganatzen.
33. Jauna errespetatzea da zuhurtziaren ikasbidea; apaltasuna lehenengo, ohorea gero.
36. Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela, Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».
37. Beldur-ikaraz beterik, mamua ikusten zutela uste zuten.
38. Baina Jesusek esan zien: «Zergatik izutzen zarete? Zergatik sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan?
39. Ikusi nire esku-oinak, neu naiz. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez».
40. Hau esatean, esku-oinak erakutsi zizkien.
41. Baina, oraindik pozaren pozez sinetsi ezinik eta guztiz harriturik zeudenez, Jesusek esan zien: «Ba al duzue hemen jatekorik?»
42. Arrain erre puska bat eskaini zioten.
43. Jesusek hartu eta beraien aurrean jan zuen.
44. Ondoren, esan zien: «Hauxe da, oraindik zuekin nengoela esan nizuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela».
45. Orduan, adimena argitu zien, Liburu Santuak uler zitzaten.
46. Eta esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu,
47. eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien.
48. Zuek zarete honen guztiaren lekuko.
49. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».
50. Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen.
51. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten.
52. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik.
53. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)