2. Egiptotik ekarritako garia ahitu zenean, Jakobek bere semeei esan zien: —Zoazte berriro garia erostera.
3. Judak erantzun zion: —Gizon hark argi eta garbi esan zigun bere aurrera ez agertzeko, anaia gurekin eraman gabe.
4. Beraz, anaia bidali nahi baduzu, jaitsiko gara garia erostera.
5. Baina nahi ez baduzu, ez gara jaitsiko, gizon hark bere aurrera ez agertzeko esan baitzigun, anaia gurekin eraman ezean.
6. Israelek esan zuen: —Eta zergatik esan behar zenioten gizon hari beste anaia bat zenutela? Jota utzi nauzue.
7. Haiek erantzun: —Gizon hura galde eta galde ari izan zitzaigun gutaz eta gure etxekoez: «Bizi al duzue oraindik aita? Beste anaiarik ba al duzue?» Eta galderei erantzun besterik ez genuen egin. Burutik pasako al zitzaigun, bada, anaia eramateko esango zigunik?
8. Judak bere aita Israeli esan zion: —Bidali mutikoa nirekin. Abia gaitezen. Bestela denok hilko gara: zu, gu eta gure umeak.
9. Neure gain hartzen dut zure semearen erantzukizuna; neuri eskatu kontuak. Itzultzen ez badizut eta aurrera ekartzen ez, errudun izango nauzu betiko!
10. Hainbeste luzatu ez bagina, honezkero egina genukeen birritan ere joan-etorria.
11. Aita Israelek esan zien: —Beharrezkoa baldin bada, joan, hartu zorroetan lurreko fruiturik hoberenak eta eskaini oparia gizon hari: ukendu, ezti, usaingarri, mirra, intxaur eta almendrak, denetik pixka bat.
12. Hartu dirua ere eta itzuli zeuen zaku-muturrean ekarritakoa, okerren bat izan da eta.
13. Eraman zeuen anaia eta itzuli gizon harengana.
14. Jainko ahaltsua lagun, aurki dezazuela gupida gizon haren aurrean, eta Benjaminekin eta beste anaiarekin, Simeonekin, itzuli etxera. Niri dagokidanez, semerik gabe gelditu behar badut, geldi nadila.
15. Oparia, dirua eta Benjamin berekin harturik, Egiptora jaitsi ziren Jakoben semeak eta Joseren aurrera aurkeztu.
16. Ikusi zuen Josek Benjamin ere haiekin zela, eta jauregiko arduradunari esan zion: «Eramatzazu gizon hauek etxera; hil abere bat eta atondu, nirekin bazkalduko baitute gaur».
17. Bete zuen etxeko arduradunak Josek agindua, eta etxera eraman zituen.
18. Beldurtu ziren Joseren senideak haren etxera eraman zituztenean. Pentsatu zuten: «Gari-zakuetan aurreko txandan itzulitako diruarengatik eramaten gaituzte. Orain, gainera oldartuko zaizkigu, esklabotzat hartzeko, geure asto eta guzti».
19. Beraz, etxean sartzean, Joseren etxeko arduradunari hurbildu eta esan zioten:
20. «Entzun, jauna. Aurreko txandan jaitsi ginen hona garia erostera.
21. Gaua igarotzeko geldialdia egitean, gari-zakuak ireki genituen eta nork bere dirua aurkitu zuen zaku-muturrean. Hemen itzultzen dizugu orain,
22. eta beste horrenbeste dakargu janaria erosteko. Ez dakigu nork ezarri zuen dirua gari-zakuetan».
23. Etxeko arduradunak honela esan zien: «Zaudete lasai! Ez kezkatu! Zeuen Jainkoak, zeuen aitaren Jainkoak, ezarriko zizuen altxor hori gari-zakuetan, nik jasoa baitut zuen dirua». Simeon aske utzi eta
24. denak Joseren etxean sarrarazi zituen. Gero, ura ekarri zien oinak garbitzeko eta belarra astoei jaten emateko.
25. Otordua han egingo zutela jakitean, senideek opariak prestatu zituzten, Jose eguerdirako etorri zain zeuden bitartean.
26. Jose etxera iristean, opariak eskaini zizkioten eta lurreraino ahuspeztu zitzaizkion.
27. Agurtu ondoren, Josek galdetu zien: —Eta ongi al da aipatu zenidaten aita zaharra? Bizi al da oraindik?
28. —Zure zerbitzari den gure aita bizi da, bai, oraindik, eta ongi dago —erantzun zioten, berriro makurtuz eta ahuspeztuz.
29. Gero, Josek, ama berarengandiko senide zuen Benjaminengan begiak jarririk, esan zuen: —Hori al da zuek aipatu zenidaten anaia gazteena? Bejondaiala, seme!
30. Anaiaz bihotz-hunkiturik, negargurak eman zion eta, presaka bere gelara joanez, negar egin zuen.
31. Gero, aurpegia garbituz, gelatik atera eta, adore harturik, bazkaria zerbitzatzeko agindu zuen.
32. Aparte eman zioten jaten Joseri, aparte bere anaiei eta aparte Joseren gonbidatu egiptoarrei. Izan ere, egiptoarrei ez zaie zilegi hebrearrekin batera jatea; beren erlijio-ohiturek galarazten diete.
33. Anaiak Joseren aurrez aurre zeuden eseriak, zaharrenetik gazteenera, eta harriturik elkarri begira.
34. Bere aurrean zituen janarietatik zerbitzarazi zien Josek; Benjamini eman zion zatia besteena baino bost aldiz handiagoa zen. Alai-alai jartzeraino edan zuten elkarrekin.
1. Josek agindu hau eman zion etxeko arduradunari: «Bete leporaino janariz gizon hauen zakuak, ezarri bakoitzari bere dirua zaku-muturrean,
2. eta diruarekin batera nire edalontzia, zilarrezkoa, gazteenaren zaku-muturrean». Hark Joseren esana bete zuen.
3. Biharamun goizean bidali zituzten Joseren senideak beren astoekin.
4. Oraindik hiritik urrutira gabe zeudela, Josek etxeko arduradunari esan zion: «Zoaz gizon horien atzetik eta, atzemandakoan, esaiezu: Zergatik itzuli duzue gaizkia ongiaren truke?
5. Zergatik ostu diozue nire nagusiari, edateko eta etorkizuna iragartzeko erabiltzen duen edalontzia? Benetan oso gaizki jokatu duzue!»
6. Harrapatu zituen etxeko arduradunak, eta agindu bezala mintzatu zitzaien.
7. Haiek erantzun: —Ez zaitez horrela mintza, jauna! Zure zerbitzariok ez gara horrelakorik egiteko gauza!
8. Aurrekoan gure zaku-muturrean aurkitutako dirua ere Kanaandik ekarri dizugu. Nola ostuko genuen, bada, zilar edo urrerik zure nagusiaren etxean?
9. Beraz, gutariko bati edalontzia aurkitzen bazaio, hila bedi; eta gu geu, jauna, zure esklabo bihurtuko gara.
10. Etxeko arduradunak, orduan: —Ongi da! Baina edalontzia aurkitzen zaion hura bakarrik bihurtuko da nire esklabo; besteok errugabe izango zarete.
11. Berehala, nork bere zakua lurrera eraitsi eta ireki egin zuen.
12. Gizonak anaia guztien zakuak ikertu zituen. Benjaminen zakuan aurkitu zuten edalontzia.
13. Orduan, anaiek beren jantziak urratu zituzten eta, nork bere astoa kargaturik, hirira itzuli ziren.
14. Juda eta beste anaiak Joseren etxean sartu —hantxe baitzegoen oraindik Jose— eta lurreraino ahuspeztu zitzaizkion.
15. Josek esan zien: —Baina, zer egin duzue? Ez al zenekiten ni bezalako batek den-dena igar dezakeela?
16. Judak erantzun zion: —Zer esan diezazukegu, jauna? Zein aitzakia jarri? Nola zuritu geure burua? Jainkoak berak nabarmen jarri du gure bekatua. Zeure esklabo gaituzu, jauna, gu denok eta bai edalontzia aurkitu zaiona ere.
17. Josek erantzun zuen: —Ez dut inola ere horrelakorik egingo! Edalontzia aurkitu zaion hura bakarrik izango da nire esklabo; gainerako guztiok zoazte bakean zeuen aitarengana.
18. Judak, Joserengana hurbilduz, esan zion: —Arren, jauna, utziozu zeure zerbitzari honi bi hitz esaten; faraoiaren pareko zara zu eta ez zakizkit haserre!
19. Aurreko txandan zuk, jauna, aitarik nahiz beste anaiarik ba ote genuen galdetu zenigun.
20. Baietz erantzun genizun: bagenuela oraindik aita zaharra, eta zahartzaroan jaio zitzaion seme bat ere bai. Gure aitak oso maite zuela, berau zelako bere emazte kutunarengandik gelditzen zitzaion bakarra, bestea hila zuenez.
21. Anaia hura hona ekartzeko esan zenigun zure zerbitzarioi, ikusi nahi zenuela eta.
22. Guk, aldiz, adierazi genizun, jauna, mutikoak ezin zuela aita utzi, aita hilko ez bazen.
23. Zuk, hala ere, gure anaia gurekin ez bazetorren, ez azaltzeko berriro zure aurrera esan zenigun.
24. Gure aitarengana itzulirik, zuk esandakoa adierazi genion.
25. Handik aldi batera, garia erostera berriro itzultzeko agindu zigun,
26. eta guk erantzun genion ez gintezkeela etor geure anaia gazteena geurekin ez bagenekarren, hura gabe ezin ginela zure aurrera agertu.
27. Orduan, zure zerbitzari den gure aita honela mintzatu zitzaigun: «Dakizuenez, neure emazte Rakelek bi seme sortu zizkidan.
28. Batak alde egin zidan eta ez dut berriro ikusi: piztiaren batek irentsi duelakoan nago.
29. Beste hau eraman eta zoritxarren bat gertatuko balitzaio, ni, agure hau, atsekabez hilko nintzateke».
30. Orain, bada, ez naiteke joan zure zerbitzari den gure aitarengana hain berea duen mutikoa gabe.
31. Gurekin ez doala ohartu orduko, hilko litzateke; geure aita zaharra atsekabez hilobiratuko genuke.
32. Gainera, nik, zure zerbitzari honek, neure gain hartua dut mutikoaren erantzukizuna; hitza eman nion aitari; berekiko errudun izango nintzateke betiko, itzuliko ez banio.
33. Horregatik, bada, har nazazu esklabotzat mutikoaren ordez, eta doala hau anaiekin.
34. Ez naiteke aitarengana itzul neure anaia Benjamin gabe. Ez nuke ikusi ere nahi gure aitak hartuko lukeen atsekabea.
1. Koru-zuzendariarentzat. Davidena. Jaunarengan babesten naiz. Nolatan esaten didazue: «Alde mendira, hegaztiak bezala!