La Bible en un an Octobre 10Jérémie 5:1-311. Zoazte Jerusalemgo kaleetan barrena, begira ongi eta ikertu, bilatu hango plazetan, ea aurkitzen duzuen bakar bat justizia dagienik, leialtasunez jokatzen duenik; hala balitz, barkatuko lioke Jaunak hiriari.2. Baina, «Ala Jauna!» esatean ere, gezurretan egiten dute zin.3. Zuk, Jauna, jende leiala nahi duzu. Jo zenituen, baina ez zuten damurik izan; ia akabatu, baina ez ziren zentzatu. Harkaitza bezain gogor aurpegia, ez zuten onbideratu nahi izan.4. Orduan, pentsatu nuen: Jakina, jende arrunta da, buru gutxikoa; ez dute ezagutzen Jaunaren bidea, beren Jainkoaren agindua.5. Jo dezadan handikiengana, beraiei hitz egiteko; haiek bai ezagutuko dutela Jaunaren bidea, beren Jainkoaren agindua. Baina era berean hautsi dute denek Jaunaren uztarria, eten harekiko lokarriak.6. Horregatik, basoko lehoiek zaurituko dituzte, basamortuko otsoek txikituko; lehoinabarrak zelatan daude haien hiri inguruan, handik irteten diren guztiak sarraskitzeko. Izan ere, asko baitira haien errebeldiak, izugarri larriak haien desleialkeriak.7. Jaunak dio: «Horiek horrela, nola barkatu zuri? Zure seme-alabek zapuztu egin naute, sasijainkoen izenean egiten dute zin; nik ase nituen eta haiek adulterio egin dute, emagalduen etxera zalapartan joanez.8. Zaldi guri eta beroen antzeko dira, nor bere lagun hurkoaren emazteari irrintziz deika.9. Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari?10. Sar bedi etsaia mahastian eta hondatu, baina erabat deuseztatu ez! Erauz bitza mahats-aihenak, ez baitira nireak!11. Bai Israel, bai Juda biziki desleial izan dira nirekin. Nik, Jaunak, esana».12. Israelek eta Judak uko egin diote Jaunari, esanez: «Jauna ez da! Ez zaigu gaitzik iritsiko, ez dugu gerrarik, ez goserik ikusiko.13. Profetak putzaren pareko dira: Jaunaren hitzik ez haien ahoan».14. Horregatik, hau esan dit Jaunak, Jainko ahalguztidunak: «Hara zer gertatuko zaien era horretan hitz egiteagatik: su bihurtuko dut neure hitza zure ezpainetan, eta su-egurra bezala irentsiko du herri hau».15. Jaunak dio: «Israel, herri bat ekarriko dut urrutitik zure aurka, herri iraunkorra, antzinakoa, hizkera ezezaguneko herria, esaten duena ulertuko ere ez diozuna.16. Haren arkulariek ez dute huts egiten, guztiak dira gudari azkar.17. Zeure uzta eta ogia jango dizkizu, seme-alabak sarraskituko, ardi eta abereak irentsiko, mahasti eta pikondoak suntsituko. Bere armez erraustuko dizkizu konfiantza ematen zizuten hiri gotortuak.18. «Baina egun haietan ere ez dut erabat deuseztatuko neure herria.19. Galdetzen badute: “Zergatik egin digu Jaunak, geure Jainkoak, hau dena?”, zuk erantzun: “Jauna zapuztu eta zeuen lurraldean jainko arrotzak zerbitzatu dituzuelako, arrotzen zerbitzari beharko duzue izan zeuena ez den lurraldean”. Hala diot nik, Jaunak.20. «Adierazi hau Jakoben ondorengoei, Judako bizilagunei:21. Entzun, arren, herri ergel eta zentzugabea: Badituzue begiak, baina ez duzue ikusten, belarriak ere bai, baina entzuten ez.22. Honela diot nik, Jaunak: Ez didazue begirunerik izango? Ez zarete nire aurrean ikaratuko? Neuk jarri diot hondartza itsasoari mugatzat, inoiz gaindituko ez duen mugatzat; harrotzen da eta orro egiten, baina ezin du muga hautsi, ez gainditu.23. Baina zuek herri hezikaitza eta desleiala zarete; niregandik urruti joan zarete.24. Ez duzue zeuen baitan esaten: “Errespeta dezagun Jauna, geure Jainkoa! Berak bidaltzen dizkigu garaian garaiko euriak, berak zaintzen uzta biltzeko sasoiak”.25. Zuen erruek, aldiz, nahastu egin dute ordena hau; zeuen bekatuengatik ez zarete lurreko ondasunez gozatzen.26. Izan ere, gaizkileak bizi dira nire herrian, zelatan daude ehiztariak bezala; sareak jartzen dituzte eta gizakiak harrapatzen.27. Nola zorroa txoriz, hala betetzen dituzte etxeak lapurtutakoaz; horrela egiten dira handi eta aberats,28. gizen eta guri. Horien gaiztakeriak ez du neurririk: ez dute umezurtzaren eskubiderik zaintzen, ez eta behartsuen auzia defendatzen.29. Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari? Hala diot nik, Jaunak.30. Gauza beldurgarri eta izugarriak ari dira gertatzen herrialde honetan.31. Profetek gezurra dute iragartzen, apaizek beren nahierara irakasten, eta nire herria bere horretan lasai! Baina zer egingo duzue azkena iristean?»Jérémie 6:1-301. Egizue ihes Jerusalemdik, benjamindarrok, jo turuta Tekoan, egin seinaleak Bet-Keremen, iristear baitago iparraldetik ezbeharra, izugarrizko hondamendia.2. Sion, neskatxa lirain eta atsegin hori, zureak egin du!3. Hortxe sartzen dira etsaiak, artzainak artaldeekin bezala: txabolak jartzen dituzte inguru guztian, nor bere larreaz jabetuz.4. Honela diote: «Deklara diezaiogun gerra Jerusalemi! Ea, eraso diezaiogun egun-argiz! Baina, tamalez, eguna beherantz doa, arratsaldeko itzalak luzatuz.5. Ea, bada! Eraso diezaiogun gauez! Eraits ditzagun horren jauregiak!»6. Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Ebaki zuhaitzak, egin betelana Jerusalemi erasotzeko. Hiria zigortzea erabaki dut, zapalkuntza baita nagusi bertan.7. Putzuari ura dario, eta Jerusalemi gaiztakeria. Indarkeri eta bidegabekeri hotsa entzuten da bertan, kolpeak eta zauriak begi aurrean beti.8. Zentza zaitez, Jerusalem, zuregandik urrun ez nadin, basamortu eta bizilagunik gabeko lurralde bihur ez zaitzadan».9. Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Bildu bizirik gelditutako israeldarrak, bat bera utzi gabe, biltzaileek mahats-mordoak bezala».10. Orduan, esan nuen: «Nori hitz egingo diot? Norengana jo, entzun diezadan? Sorgortuta daude, ez dira entzuteko gauza.11. Baina ni ere Jaunaren suminaz betea nago, ezin diot gehiago eutsi». Jaunak esan zidan: «Isuri sumina kaleetan umeen eta gazteen gain. Senar eta emazteak, zahar eta agureak, denak eramango dituzte.12. Haien etxe, alor eta emazteak arrotzen eskuetara aldatuko dira. Bai, herrialde honetako jendearen aurka luzatuko dut eskua. Hala diot nik, Jaunak.13. Denak, txiki eta handi, irabazi-gose dira, apaizak eta profetak faltsukeriari emanak.14. Nire herriaren zauria azaletik sendatu nahi dute. “Dena ongi doa, oso ongi” diote, baina ez doa ongi, ez.15. Lotsatu egin behar lukete beren egintza higuingarriengatik; baina ez dira batere lotsatzen, ez dakite lotsa denik ere. Horregatik, erori egingo dira, besteak bezalaxe, lur joko dute nire zigorraldian. Nik, Jaunak, esana».16. Honela diotso Jaunak bere herriari: «Geldi zaitezte bidean, aztertu, galdegin antzinako jokabideaz, biderik onena zein den jakiteko; jo bertatik, eta aurkituko duzue atsedena. Zuek, ordea, “Ez dugu jarraitu nahi” erantzuten duzue.17. Zaintzaileak ere jarri nizkizuen, esanez: “Egon adi turutaren hotsari!” Baina zuek erantzun: “Bost axola guri!”18. Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Entzun, herriok, jakin zuk ere, Israelgo elkarte horrek, zer gertatuko zaizun.19. Entzun, mundu guztiak: Zoritxarra dakart herri honetara, beronen burubide gaiztoen ondorioz, ez baitituzte nire hitzak aintzat hartu, nire legea mespretxatu egin dute.20. Zertarako dut nik Sabako intsentsua, zertarako urrutiko lurraldeetako kanabera usaintsua? Ez ditut atsegin zuen erre-opariak, ez ditut gogoko zuen sakrifizioak.21. Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Oztopoak jarriko dizkiot herri honi, estropezu egin dezan. Gurasoak eta seme-alabak, lagunak eta auzokoak, denak hilko dira».22. Honela dio Jaunak: «Begira, herri bat dator iparraldetik, nazio handi bat abiatu da munduaren azken muturretik.23. Gezi-uztaiez eta lantzaz armatuak datoz; ankerrak dira eta gupidagabeak; itsas orroa bezalako deiadarrez, zaldiz datoz, borrokarako lerroturik, zure aurka, Sion hiri eder ».24. Jerusalemen jendeak dio: «Horren berri jakitean, indarge gaude, estu eta larri, emakumea erdiminetan bezala.25. Ez irten landara, ez ibili bideetan! Hor dago etsaia armaturik, nonahi beldurra nagusi!»26. Jerusalem, estali dolu-jantziz, irauli hautsetan, egin dolu seme bakarraren heriotzakoan bezala, egin negar saminki, bat-batean etorriko baita hondatzailea zure gainera.27. Jaunak esan zidan: «Neure herriaren aztertzaile izendatzen zaitut; azter ezazu zein den haren jokabidea.28. «Errebeldeak dira guztiak, izen onaren kentzaile; kalitate txarreko brontze eta burdina dira.29. Suari indartsu haize emanez metalari zaborra kentzen zaio. Baina alferrik da haiek garbitzen aritzea: egite txarrak ez zaizkie joaten.30. “Zilar mespretxagarri” deituko dituzte, mespretxatu egin baititut nik, Jaunak».Psaumes 117:1-21. Goretsazue Jauna, nazio guztiok, ospa ezazue, herri guztiok!2. Sendoa da guretzat haren maitasuna, beti-betikoa Jaunaren leialtasuna. Aleluia! Gora Jauna!Proverbes 27:3-43. Harria astuna da, harea pisua; are astunagoa burugabearen zitalkeria.4. Sumina ankerra da, haserrea suntsigarria; baina nork aurre egin jelosiari?Colossiens 1:1-291. Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Kristo Jesusen apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak Kolosan bizi zareten kristau fededun eta senide leialoi idazten dizuegu.2. Jainko gure Aitak eman biezazkizue grazia eta bakea.3. Zuen alde otoitz egitean, eskerrak ematen dizkiogu etengabe Jainkoari, Jesu Kristo gure Jaunaren Aitari,4. jakin baitugu nola sinesten duzuen Kristo Jesusengan eta nola maite dituzuen fededun guztiak;5. zeruan Jainkoak zuentzat prestatua duen sariaren itxaropenak eragiten dizue horretara, berri ona —egiaren mezua— zuengana iritsi zenean ezagutu zenuten itxaropenak, alegia.6. Berri onaren mezua, Jainkoaren onginahiaren berri izan eta egiaz ezagutu zenuten egunetik bertatik ari da zuen artean hazten eta fruitua ekartzen, mundu guztian ari den bezalaxe.7. Epafras gure lankide maiteak eta zuentzat Kristoren zerbitzari leial denak irakatsi zizuen horrela.8. Hark jakinarazi digu nolako maitasuna sortzen duen zuengan Espirituak.9. Horregatik, berri hauek aditu genituen egunetik etengabe ari gara zuen alde otoitzean. Jainkoari eskatzen diogu, jakinduria osoz eta Espirituak ematen duen ulermenaz jantzirik, Jainkoaren nahia zein den bete-betean ezagut dezazuela.10. Horrela, Jaunari zor zaion bezala biziko zarete, atsegin duen guztia eginez, era guztietako egintza onen fruitua emanez eta Jainkoa gero eta sakonago ezagutuz.11. Jainkoaren ahalmen aintzatsuak indar zaitzatela, dena jasateko eroapena eta pazientzia izan ditzazuen,12. eta, bozkarioz beterik, eskerrak eman diezazkiozuen Aitari, argiaren erreinuan bere herri santuarentzat prestaturik dituen ondasunetan parte izateko gai egin zaituztenari.13. Berak atera gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu;14. honengan dugu askapena, bekatuen barkamena.15. Jainko ikusezinaren irudi da Kristo, izaki guztietan lehen-sortua.16. Beraren bidez sortu zituen Jainkoak zeru-lurretan diren gauza guztiak, ageri direnak eta ez direnak: munduan agintzen duten ahalmen, nagusi, aginte eta botereak. Kristo da sortua izan den guztiaren eredu eta helburu.17. Gauza guztiak baino lehenago da bera, eta berari esker diraute elkarloturik.18. Kristo da gorputzaren burua, Elizarena alegia. Bera da hasiera, hildakoen artetik lehen piztua, eta gauza guztietan lehentasuna dagokio;19. Jainkoak nahi izan baitu bere izaeraren betea Kristorengan egotea,20. eta honen bitartez gauza guztiak berekin adiskidetzea, bai zerukoak eta bai lurrekoak, berak gurutzean isuritako odolaz bakea ekarriz.21. Zuek ere, garai batean, Jainkoarengandik urruti zeundeten eta haren etsai zineten zeuen egintza txarrengatik.22. Baina orain berekin adiskidetu egin zaituzte Jainkoak, Kristok bere gorputz hilkorrean jasandako heriotzari esker, beraren aurrean santu, errugabe eta akats gabe ager zaitezten.23. Horretarako, ordea, sinesmenean sendo oinarriturik, entzun duzuen berri onari esker duzuen itxaropenean ongi finkatuak iraun behar duzue. Berri on hori zerupeko izaki guztiei hots egin zaie, eta ni, Paulo, berri on horren zerbitzari egin nau Jainkoak.24. Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimenduengatik. Horrela, gorputzean jasaten ari naizen atsekabeak Kristoren atsekabeei eransten dizkiet haren gorputza den Elizaren alde.25. Elizaren zerbitzari bihurtu naiz ni, Jainkoak bere mezua zuei oso-osorik eramateko eginkizuna eman baitit.26. Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, mendeetan eta gizaldietan gordea eduki ondoren, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia.27. Hauei jakinarazi nahi izan die Jainkoak zein aberats eta aintzatsu den jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan den eta aintzarako itxaropen duzuen Kristori buruz ari natzaizue.28. Kristo hauxe ari gara hots egiten, denei aholku emanez eta ahalegin guztian irakatsiz, denak beren kristau-bizitzan heldutasun betera irits daitezen.29. Honetarako nekatzen eta borrokatzen naiz, niregan kemen handiz ari den Kristoren indarra euskarri dudalarik. Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso