1. Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago, Jaunak sagaratu bainau; berak nau bidali behartsuei berri ona hots egitera, bihotz-hautsiak sendatzera, gatibuei askatasuna eta kartzelatuei libertatea iragartzera,
2. Jaunak onginahia azalduko duen urtea eta mendekatuko den eguna iragartzera. Siongo atsekabetuak kontsolatzera bidali nau Jaunak:
3. koroa distiratsua emango diet samintasunezko errautsaren ordez, jaietako usainki gozoa dolu-jantziaren ordez, gorespen-kantak etsipenaren ordez. «Jainko zuzenaren haritz» deituko diete, Jaunak bere ospea agertzeko landaturiko haritz.
4. Antzinako etxe-hondakinak berreraikiko dituzte, aspaldiko horma eroriak jasoko, menderik mende erraustuak zeuden hiri hondatuak berrituko.
5. Atzerriko jendea zerbitzari izango duzue: zuen artaldeak zainduko dituzte, nekazari eta mahastizain izango dituzue.
6. Zuei, berriz, «Jaunaren apaiz» deituko dizuete, «Gure Jainkoaren zerbitzari» esango. Beste nazioen ondasunez gozatuko zarete, haien aberastasunez hornituko.
7. Jaunak dio: «Lotsaizuna ugari eta laidoa jasan behar izan dituztenez, aberastasuna ugari izango dute beren herrialdean eta amaigabeko poza eskuratuko.
8. Nik, Jaun honek, zuzenbidea dut maite, lapurreta eta bidegabekeria gorroto. Leialki emango diet saria eta betiko ituna egingo beraiekin.
9. Haien ondorengoak ospetsu izango dira nazio eta herrien artean; ikusiko dituzten guztiek aitortuko dute nik, Jaun honek, bedeinkaturiko herria direla».
10. Pozaren pozez nago Jaunarekin, alai dut arima neure Jainkoarekin, bere salbamenez jantzi bainau, garaipenezko soinekoz estali; eztei-koroa janzten duen senargaiaren antzeko naiz, bitxi ederrez apaintzen den andregaiaren antzeko.
11. Lurrak landareak ematen dituen bezala, baratzeak hazia ernearazten duen bezala, halaxe ernearaziko du Jaunak salbamena eta gorespen-kantak altxaraziko nazio guztien aurrean.
1. Sionengatik, ez naiz isilik egongo, Jerusalemengatik, ez naiz geldi egongo, haren garaipena goiz-argia bezala agertu arte, haren salbamenak zuziak bezala distiratu arte.
2. Eta ikusiko dute nazioek zure salbamena, errege guztiek zure ospea. Izen berria emango dizute, Jaunak berak ezarria.
3. Koroa distiratsu izango zara Jaunaren eskuan, errege-diadema zeure Jainkoaren eskuan.
4. Ez dizute deituko gehiago «Hiri zapuztu», ezta zure lurraldeari ere «Lur hondatu»; zure izena «Ene atsegin» izango da, eta zure lurraldearena «Ene emazte», Jaunak atsegin izango baitzaitu eta zure lurraldea emaztetzat hartuko.
5. Mutilak neskatxa emaztetzat hartzen duen bezala, halaxe hartuko zaitu emaztetzat zeure Egileak; senarra emaztearekin gozatzen den bezala, halaxe gozatuko da Jainkoa zurekin.
6. Zure harresietan, Jerusalem, begiraleak jarri ditut, gau eta egun isildu gabe ari daitezen. Ez hartu atseden, Jaunari bere agintzariak gogorarazten dizkiozuenok!
7. Ez eman atseden Jaunari, harik eta Jerusalem berri dezan arte, lur osoan miresgarri egin dezan arte.
8. Zin egin du Jaunak, bere eskua, bere beso indartsua altxatuz: «Ez diet sekula zure garia etsaiei janaritzat emango; ezta zure ardoa ere, zure izerdien fruitua, kanpotarrei edaritzat emango.
9. Garia jaso eta mahatsa bildu dutenek jango dute ogia eta edango ardoa, eta ni, Jauna, goretsiko naute neure tenplu santuko atarian».
10. Irten, irten hiritik kanpora, prestatu bidea herriarentzat! Berdindu, berdindu galtzada, kendu harriak! Jaso bandera herrientzat!
11. Hona zer oihukatzen duen Jaunak lur-bazterretaraino: «Esan Sion hiri ederrari: Hara, badator zure salbatzailea! Berekin dakar garaipen-agiria, berak askaturiko herria ».
12. «Herri santu» deituko diete, «Jaunak askatuak». Eta zuri, Jerusalem, «Hiri desiratu» deituko dizute, «Zapuztu gabeko hiri».
9. Israeldarrok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle!
10. Aarondar apaizok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle!
11. Jaunari begirune diozuenok, izan konfiantza Jaunarengan: bera duzue laguntzaile eta babesle!
13. bedeinka berari begirune diotenak, txiki eta handi.
24. Gorrotoa duenari ez zaio hitzetan igartzen, baina maltzurkeriaz betea du barrua.
25. Ez sinetsi eztiki mintzatzen bazaizu, hamaika gogoeta higuingarri badu barnean eta.
26. Gorrotoa ezkutatzen saiatzen bada ere, haren txarkeria herri osoaren aurrean agertuko da.
1. Seme-alabok, izan zaitezte gurasoen esaneko, hori baita zuzena Jaunarenak direnentzat.
2. Ohoratu aita-amak: hori da berekin agintzari bat daraman lehen mandamendua, hau da:
3. Luzaroan bizi eta zoriontsu izan zaitezen lurraldean.
4. Gurasook, ez sumindu seme-alabak; hezi itzazue, ordea, Jaunari dagokion bezala irakatsiz eta zentzaraziz.
5. Esklabook, izan mundu honetan nagusi dituzuenen esaneko, erabateko begirunez eta bihotz-bihotzez, Kristoren esaneko bezala;
6. ez jagolearen begiradapean edo gizakiei atsegin izateko bakarrik, Jainkoaren nahia gogoz betetzen duten Kristoren esklabo bezala baizik.
7. Bete ezazue gogo onez zeuen zerbitzua, Jaunarentzat bezala eta ez gizakientzat.
8. Badakizue, egindako ongiaren neurrian sarituko duela bakoitza Jaunak, esklaboa nahiz librea izan.
9. Zuek ere, nagusiok, joka ezazue era berean esklaboekin, mehatxurik egin gabe; hartu kontuan haien eta zuen nagusia zeruan dagoela, eta hark ez duela bereizkeriarik egiten.
10. Bukatzeko, sendo zaitzatela Jaunak bere indar ahaltsuaz.
11. Har itzazue Jainkoak ematen dizkizuen armak, deabruaren maltzurkeriei aurre egiteko gai izan zaitezten.
12. Gure borroka, izan ere, ez da hezur-mamizko arerioen aurkakoa, goiko espiritu gaiztoen aurkakoa baizik, mundu ilun honetako aginte, ahalmen eta botereen aurkakoa.
13. Horregatik diotsuet: Hartu Jainkoak ematen dizkizuen armak, une txarrean gogor eutsi eta zailtasun guztiak, atzera egin gabe, gainditu ahal ditzazuen.
14. Zutik, beraz! Lotu gerrikotzat egia, jantzi bularrekotzat zintzotasuna
15. eta oinetakotzat bakearen berri ona zabaltzeko ardura.
16. Eduki beti besoan babeskitzat fedea, etsaiaren suzko geziak oro itzali ahal izateko.
17. Hartzazue burukotzat salbamena, eta ezpatatzat Espirituaren ezpata, hau da, Jainkoaren hitza.
18. Egin otoitz eta eskariak etengabe, Espirituaren indarrez. Egon erne, beila eginez, fededun guztien alde erreguan lehiatsu;
19. baita nire alde ere, Jainkoak hitz egokia ahoan jar diezadan, berri onaren misterioa ausardiaz adierazteko.
20. Berri on honen bozeramaile naiz kate artean; Jainkoak ausardia eman diezadala, behar bezala hots egin dezadan.
21. Nire gorabeherak eta zertan ari naizen zuek ere jakin dezazuen, Tikiko anaia maite eta Jaunaren zerbitzari leialak emanen dizue guztiaren berri.
22. Horretarakoxe bidaltzen dizuet, nire berri eman diezazuen eta adorez bete zaitzaten.
23. Jainko Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman diezazkietela senideei bakea eta maitasuna fedearekin batera.
24. Grazia Jesu Kristo gure Jauna maitasun iraunkorrez maite duten guztiekin.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)