La Bible en un an Octobre 8Jérémie 1:1-191. Jeremiasen mezua eta bizitzako gertakariak. Jeremias Hilkiasen semea zen, Benjaminen herrialdeko Anatot hirian bizi ziren apaizetariko batena, alegia.2. Mezu hauek Judako errege Amonen seme Josiasen erregealdiko hamahirugarren urtean zuzendu zizkion Jaunak Jeremiasi;3. baita geroago ere, Josiasen seme Joiakim Judako errege izan zen garaitik Josiasen beste seme baten, Sedekiasen, erregealdiko hamaikagarren urtearen azkena arte. Urte horretako bosgarren hilean Jerusalemgo bizilagunak erbesteratu zituzten.4. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:5. «Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zintudan; sabeletik irten aurretik sagaratu zintudan eta profeta izendatu, nire mezua herriei iragartzeko».6. Nik erantzun nion: «Ai, Jainko Jauna! Gazteegia naiz, eta ez dezaket hitz egin».7. Baina Jaunak esan zidan: «Ez esan gazteegia zarenik. Nik nora bidali, hara joango zara; nik zer agindu, hura esango duzu.8. Ez izan jendearen beldur, zeurekin izango bainauzu zu libratzeko. Hala diot nik, Jaunak».9. Orduan, eskuaz ezpainak ukitu eta esan zidan: «Neure hitzak jartzen dizkizut ezpainetan;10. agintea ematen dizut gaur erreinu eta nazio guztien gain, erauzi eta iraultzeko, hondatu eta eraisteko, eraiki eta landatzeko».11. Jaunak galdetu zidan: —Zer ikusten duzu, Jeremias? Nik erantzun: —Almendrondo-adarra ikusten dut erneta.12. Eta Jaunak niri: —Ongi ikusi duzu; bada, halaxe nago ni ere erne neure hitza betetzeko.13. Jauna mintzatu zitzaidan berriro: —Zer ikusten duzu? Nik erantzun: —Eltze bat ikusten dut irakiten, iparraldetik hegoalderantz iraultzear.14. Orduan, Jaunak esan zidan: «Iparraldetik sortuko da herrialdeko bizilagun guztiak joko dituen ezbeharra.15. Hara, neuk bilduko ditut iparraldeko leinu eta erresuma guztiak. Etorri eta Jerusalemgo ateetan kokatuko dira, harresi inguru guztian, eta Judako beste hirien aurrean. Hala diot nik, Jaunak.16. «Zigortu egingo ditut beren txarkeria guztiengatik, ni baztertuz, jainko arrotzei intsentsua erre baitiete eta beren eskuz eginiko idoloen aurrean ahuspeztu.17. Zu egon prest aginduko dizudan guztia adieraztera joateko. Ez izan horien beldur; bestela, zeuri sartuko dizut nik horienganako beldurra.18. Gotorleku egiten zaitut gaur, burdinazko zutabe eta brontzezko hesi, herrialde guztiaren aurka: Judako errege eta buruzagien aurka, apaiz eta herritarren aurka.19. Kontra egingo dizute guztiek, baina ez zaituzte menderatuko, zeurekin izango bainauzu zu libratzeko. Nik, Jaunak, esana».Jérémie 2:1-371. [1-2] Jaunak bidali ninduen Jerusalemgo jendeari bere mezu hau hots egitera: «Gogoan dut, Israel, nola maite ninduzun gazte zinenean, gogoan zure ezkongaietako maite-laztana: nola ibili zinen nire ondoren basamortuan, erein gabeko lurrean.2. ***3. Nirea zinen oso-osorik, uztaren lehen emaitzak nireak diren bezala. Kalte egiten zizutenak neuk zigortzen nituen: zoritxarra zetorkien gainera. Nik, Jaunak, esana».4. Entzun Jaunaren hitza, Jakoben ondorengook, Israelgo leinu guztiok.5. Hau dio Jaunak: «Zertan huts egin nien zuen arbasoei, haiek niregandik aldentzeko? Hutsaren atzetik ibili ziren, hutsaren hurrengo bihurtu dira.6. Ez ziren nitaz arduratu. Nik, Jaunak, Egiptotik atera nituen eta basamortuan zehar gidatu, lur lehor eta malkar horretan, arriskuz beteriko lur ilunean, inor igarotzen ez den eta itzulbiderik ez duen lurrean.7. Baratze mardulean sartu nituen, hango fruitu zoragarriak jan zitzaten. Baina haiek, bertara iristean, kutsatu egin zuten nire lurraldea, higuingarri bihurtu nire ondarea.8. Apaizek ez dute galdetu: “Non da Jauna?” Lege-maisuek ez naute aintzat hartu, buruzagiak kontra jaiki zaizkit, profetek Baalen izenean hitz egin dute, ezertarako ez diren idoloen ondoren joan dira.9. «Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Auzitan hasi nahi dut berriro zuekin eta auzitan ariko naiz zuen ondorengoekin ere.10. Zoazte Mediterraneoko uharte eta itsasertzera, eta ikus, bidali norbait Kedar-era eta ohartu ongi: gertatu ote da inon horrelakorik?11. Herri batek ez ditu jainkoak aldatzen —horiek benetako jainkoak ez direla, gainera—. Neure herriak, ordea, zapuztu egin nau ni, bere egiazko aintza nauen hau, eta ezertarako ez diren idoloez ordezkatu.12. Txundi zaitezte, beraz, zeruok! Izu zaitezte eta ikaratu! Hala diot nik, Jaunak.13. Bi gaiztakeria egin ditu nire herriak: bazterrera utzi naute ni, ur biziaren iturria, eta putzuak egin dituzte, urari eusteko gauza ez diren putzu pitzatuak.14. «Israel ez da izatez esklabo, ezta esklabo-seme ere. Zergatik bihurtu da, bada, besteren harrapakin?15. Haren kontra egiten dute garrasi, lehoiek bezala orro; lurraldea hondamen bihurtu diote eta hiriak kiskali, bizilagunik gabe utziz.16. Menfis eta Tafneskoek ere burezurra apurtu diote.17. «Ez ote hau guztia, Israel, bidean gidatu zintuen Jauna, zeure Jainkoa, baztertu duzulako?18. Zergatik zoaz, bada, orain Egiptora, Niloko urak edatera? Zergatik Asiriara, Eufratesko urak edatera?19. Zeure gaiztakeria izango duzu zigor, zeure desleialkeria zentzabide. Kontura zaitez eta ikasi zein gogorra eta garratza den Jauna, zeure Jainkoa, baztertzea, nireganako begirunerik ez izatea. Nik, Jaun ahalguztidunak, esana.20. «Aspaldidanik duzu hautsia uztarria, aspaldidanik etenak nirekiko lokarriak; esan duzu: “Ez dut gehiago esklabo izan nahi”. Edozein mendi-gailurretan, edozein zuhaitz handiren azpian, etzaten zinen prostituziorako.21. Neuk landatu zintudan mahatsondo jatorrez, mahasti bikain izateko. Nolatan bihurtu zara fruitu garratzeko sasimahasti?22. Nahiz eta zeure burua xaboiz eta lixibaz garbitu, ez da nire begi aurretik aldentzen zure bekatuaren zikina. Hala diot nik, Jainko Jaunak.23. «Nolaz ausartzen zara esaten: “Ez naiz kutsatu, ez naiz Baalen idoloen ondoren ibili”? Ikus zeure urratsak haranean eta aitortu zeure jokabidea; harat-honat dabilen gamelukume kaskarinaren antzeko zara,24. basamortuan hazitako asteme basatiaren antzeko: beroaldian nork baretu horren irrika? Nekerik ez horren bila dabilenak, beti aurkitzen baitu prest.25. Geldi, Israel! Oinutsik ibili beharko duzu bestela, eztarria egarriak lehorturik. Zuk, ordea, “Alferrik da —diozu—, jainko arrotzak maite ditut eta haien ondoren joango naiz”.26. «Lapurretan harrapatua lotsatu egiten den bezala, halaxe lotsatuko dira israeldarrak, herria eta erregeak, buruzagiak, apaizak eta profetak.27. Egur-puska bati esaten diote: “Zeu zara nire aita”; harriari: “Zeuk nauzu sortu”. Bizkarra ematen didate, ez aurpegia; zoritxar-egunean, ordea, “Zatozkigu salbatzera” diote.28. Judako jende horrek, non dituzu zeuk egindako jainkoak? Datozela zoritxar-egunean zu salbatzera. Hiriak bezainbat jainko izan dituzu.29. Zergatik nahi nauzue salatu, zeuek izanik nire aurka altxatuak? Hala diot nik, Jaunak.30. Alferrik zigortu ditut zuen seme-alabak, ez baituzue eskarmenturik hartu. Zeuek hil dituzue profetak ezpataz, lehoi amorratuak bezala.31. (Zuek, orain bizi zaretenok, entzun arduraz Jaunaren hitza ). Israel, eremu soil bihurtu ote naiz zuretzat? Ala beti ilunpe beltzean dagoen lurralde? Zergatik diote nire herritarrek: “Nahi duguna egingo dugu, ez gatzaizkizu inoiz ere itzuliko?”32. Ahantz ote daiteke neskatxa bere bitxiaz, andregaia bere ezkontza-soinekoaz? Nire herria, berriz, ahaztua dago nitaz aspaldi luzean.33. Zein ederki dakizun maitaleen etxerako bidea! Zein maisu zaren gaiztakeriarako bidean!34. Zikinduta dauzkazu jantziak behartsu eta errugabeen odolez; ez da, ez, hormak zulatzen harrapatutako lapurraren odola. Guztiarekin ere,35. errugabea zarela diozu, Jauna ez dagoela inola ere zurekin haserre. Hara, epaitu egingo zaitut, huts egin ez duzula esaka ari zarelako.36. Zein arin aldatzen zaren bidez! Asiriak huts egin zizun bezalaxe huts egingo dizu Egiptok ere.37. Hemendik ere lotsaz irtengo zara, eskuak buruan dituzula. Izan ere, nik, Jaunak, mespretxatu egiten ditut zure konfiantza-euskarriak; ez duzu horiekin ezer onik lortuko».Psaumes 116:5-145. Errukiorra eta zintzoa da Jauna, gupidatsua gure Jainkoa.6. Jaunak zaintzen ditu xumeak: lur jorik nengoen eta salbatu egin nau.7. Zaude berriro bakean, ene arima, ona izan baita zurekin Jauna.8. Bai, libratu dit bizia heriotzatik, begiak negarretik, oinak erortzetik.9. Jaunaren aurrean ibiliko naiz, beraz, bizien lurraldean.10. Sendo nengoen fedean, «Bai zoritxarreko naizela!» esatean ere.11. Kinka larrian pentsatu nuen: «Ez dago inor fidagarririk!»12. Nola ordainduko diot Jaunari egin didan on guztia?13. Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez, Jaunari dei eginez.14. Beteko dizkiot Jaunari promesak, herri osoaren aurrean.Proverbes 27:1-11. Ez zaitez biharkoaz harrotu, ez baitakizu zer gertatuko zaizun gaur bertan ere.Philippiens 3:1-211. Gainerakoan, senideok, poz zaitezte Jaunarengan. Zuei beti gauza berak idaztea niretzat ez da nekagarri; zuentzat, berriz, sendogarri da.2. Kontuz zakur horiekin! Kontuz erdainkuntza faltsua proposatzen dizueten langile txar horiekin!3. Izan ere, gu baikara egiaz erdainduak, giza mailako gauzetan uste ona jarri gabe Jainkoa Espirituaren eraginez gurtzen dugunok eta Kristo Jesusengan harrotzen garenok.4. Eta hori, nik ere badudalarik giza mailako gauzetan uste ona jartzeko arrazoia. Norbaitek gauza horietan uste ona jar dezakeela pentsatzen badu, nik gehiago:5. jaio eta zortzi egunera erdaindu ninduten; jatorriz israeldarra naiz, Benjaminen leinukoa, hebrear-hebrearra; legea ulertzeko moduari dagokionez, fariseua;6. Elizaren pertsegitzaile sutsua eta legeak agintzen duen guztia betetzen akatsik gabea izana.7. Baina baliotsutzat nituen gauza guztiok, baliogabetzat jo nituen Kristorengatik.8. Eta are gehiago, nire ustetan deusek ere ez du ezer balio Kristo Jesus ene Jauna ezagutzearen dohain paregabearen aldean. Kristorengatik dena galdu dut eta dena zaborraren pareko jotzen dut, hura irabaztearren9. eta harekin bat eginik bizitzearren. Ez dut neurez salbatu nahi, legea betetzetik datorren salbamenaz, alegia, Kristorengan sinestetik datorrenaz baizik, Jainkoak sinesmenaren bidez ematen didan salbamenaz, alegia.10. Kristo nahi dut ezagutu, neuregan haren piztueraren indarra nahi dut sumatu eta haren oinazeetan partaide izan, haren heriotza neuregan berrituz,11. horrela nik ere hildakoen piztueran parte izango dudan itxaropenez.12. Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan, Kristo Jesusek ni neu beretzat eskuratu ninduenez gero.13. Senideok, ez dut uste dagoeneko hori iritsia dudanik; baina, atzean gelditu denaz ahazturik, aurrera jotzen dut14. eta helbururantz lehiatzen naiz saria iristeko; horretara deitzen baitit Jainkoak goitik Kristo Jesusen bitartez.15. Gu guztiok, kristau heldu garenok, jo dezagun bide horretatik; eta, bestela pentsatzen baduzue, Jainkoak argi ikusaraziko dizue horretan ere.16. Nolanahi ere, euts diezaiogun tinko lortu dugun mailari.17. Senideok, izan zaitezte nire antzeko, eta begiratu guregan duzuen ereduaren arabera bizi direnei.18. Izan ere, asko dira Kristoren gurutzearen etsai bezala bizi direnak. Askotan esan dizuet eta berriro diotsuet orain, malko artean.19. Horrelakoen azkena hondamena da; sabela dute jainko, beren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsatzen dute.20. Gu, ordea, zeruko hiritar gara eta handik itxaro dugu salbatzailea: Jesu Kristo Jauna;21. hark antzaldatuko du gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak bere menpe jartzeko duen ahalmenari esker. Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso