La Bible en un an
Novembre 16

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
2. «Gizaseme, baziren bi emakume, ama beraren alabak.
3. Egipton prostituzioan hasi ziren, oso gazterik. Han laztandu zizkieten bularrak, eta altzo birjina ferekatu.
4. Zaharrenak, Samariak, Ohola zuen izena, eta gazteenak, Jerusalemek, Oholiba. Gero, nireak izan ziren eta seme-alabak izan zituzten.
5. Oholak prostituzioan jardun zuen nirea izan arren; maitemindu egin zen bere maitaleez; asiriar gerlariak ziren denak:
6. purpuraz jantzitako gobernari eta agintariak, gazte bikain eta zaldun trebeak.
7. Asiriarren arteko hoberenei eman zizkien bere mesedeak, eta bere maitaleen idolo guztiekin kutsatu zen.
8. Jarraitu egin zuen Egipton hasitako lizunkeriekin; han gaztetan egin zuten larrutan berarekin, eta altzo birjina ferekatu lizunkeriak eginez.
9. Horregatik, bere maitaleen esku utzi nuen, bere amorante asiriarren esku.
10. Larrugorritan utzi zuten, seme-alabak kendu eta bera ezpataz hil zuten. Emakumeentzako ikasbide bihurtu zen, eman zioten zigorrarengatik.
11. «Ahizpa Oholibak ikusi zuen hura guztia, baina are biziotsuagoa izan zen eta ahizpak baino ere lizunkeria okerragoak egin zituen.
12. Asiriarrez maitemindu zen; gobernari eta agintariak, dotore jantzitako gerlariak, zaldun trebe eta gazte bikainak ziren denak.
13. Eta kutsatua zegoela ikusi nuen, biak bide beretik zebiltzala.
14. Oholibak areagotu egin zituen bere lizunkeriak: horman marrazturiko gizon-irudiak ikusi zituen, babiloniarren irudiak gorriz margotuak;
15. gerrian uhalak eta buruan durbanteak zituzten, eta gerlari bikainen itxura guztiek ere; babiloniar jatorren irudiak ziren.
16. Ikusteaz bat maitemindu zen haietaz eta mezulariak bidali zizkien Babiloniara.
17. Orduan, babiloniarrak etorri egin ziren berarekin oheratzeko eta kutsatu egin zuten beren lizunkeriez; baina haiekin kutsatu ondoren, nazka hartu zien.
18. Agerian utzi zuen bere emagaldu-izaera, agerian bere gorputz biluzia; orduan, nazka bizia hartu nion, haren ahizpari hartua nion bezalaxe.
19. Are gehiago ugaritu zituen lizunkeriak, gaztetan Egipton prostituzioan jardun zueneko egunak gogoratuz.
20. Bere ohaideez, astar eta zaldiak baino ere beroagoak ziren lizun haietaz, maitemindua zebilen.
21. «Zeure gaztaroko likiskerietara jo duzu berriro, Egipton zure bularrak laztandu eta altzoa ferekatzen zizuten garaietara.
22. Beraz, Oholiba, hau diotsut nik, Jainko Jaunak: Horra, zure kontra xaxatuko ditut maitaleak, zuretzat nazkagarri izatera iritsi diren horiek; alde guztietatik ekarriko ditut zure aurka:
23. babiloniarrak eta Pekod, Xoa eta Koako leinuak, eta berauekin asiriar guztiak, gazte ederrak, gobernari eta agintariak, gerlari bikain eta zaldun trebeak.
24. Iparraldetik erasoko dizute gudaroste handiz eta mota guztietako guda-gurdiz. Ezkutuz eta buru-oskolez ongi babesturik inguratuko zaituzte. Beraien esku utziko dut auzia eta beren legeen arabera epaituko zaituzte.
25. Neure amorru sutsua botako dut zure gain, eta suminez jokatuko dute zure kontra; sudurra eta belarriak moztuko dizkizute, eta gelditzen diren zutarrak gerran eroriko dira. Zure seme-alabak eraman egingo dituzte, eta gelditzen direnak suak irentsiko ditu.
26. Jantziak erantziko dizkizute eta zure bitxiez jabetuko.
27. Amaiaraziko ditut, bai, Egipton hasitako zure likiskeria eta prostituzioak; ez dituzu berriro gutiziatuko, ez zara Egiptoz oroituko ere.
28. Honela baitiot nik, Jainko Jaunak: Gorrotagarri eta nazkagarri egin zaizkizun haien esku utziko zaitut;
29. gorrotoz erabiliko zaituzte, zure irabazi guztiez jabetuko dira, larrugorrian utziko zaituzte eta agerian geldituko dira zure emagaldukeriak. Zure likiskeria eta prostituzioek
30. ekarri dizute hau guztia, nazio arrotzekin prostituzioan jardun duzulako, beraien idoloekin kutsatuz.
31. Ahizparen bidea hartu duzu eta, beraz, haren kopa jarriko dut zure eskuan.
32. Hau diot nik, Jainko Jaunak: «Ahizparen kopa edango duzu, kopa zabal eta sakona, bete-betea. (Irrigarri eta iseka-gai izango zara).
33. Saminez mozkor-mozkor egingo zara; izu- eta hondamen-kopa da zure ahizpa Samariaren kopa;
34. hondoraino edango duzu, zeure hortzez apurtuko eta zatiez bularrak urratuko dituzu. Nik, Jainko Jaunak, esana.
35. «Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ahaztu egin nauzulako eta bizkarra eman, eraman zuk ere zeure likiskeria eta prostituzioen zama».
36. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, epaitu Ohola eta Oholiba, aurpegira iezazkiezu beren jokabide higuingarriak.
37. Adulteriogile eta hiltzaile dira: beren idoloak gurtuz egin dute adulterio, eta mundura ekarri zizkidaten seme-alabak idolo horien ohorez erre dituzte.
38. Eta beste hau ere egin dute: nire santutegia kutsatu eta larunbata hautsi.
39. Beren seme-alabak idoloen ohorez lepo egin ondoren, egun berean nire santutegira sartu eta kutsatu egin dute. Horra zer egin duten neure etxean bertan.
40. Are gehiago, urrutiko gizonei mezulariak bidali zizkieten, etortzeko esanez; eta haiek etorri ondoren, bainatu, begiak pintatu eta beren burua bitxiz apaindu zuten.
41. Gero, etzaleku eder batean jarri ziren, ondoan mahaia prest zutela, eta bertan nik emaniko intsentsua eta olioa.
42. Jendearen atsegin-iskanbila entzuten zen; gizon asko ziren, basamortuko alde guztietatik etorriak. Eskumuturrekoak eta diadema bikainak jartzen zizkieten bi ahizpei.
43. Esan nuen neure artean: lehen hainbeste adulterio eta orain lizunkeria gehiago!
44. Emagaldu batengana bezala zihoazen beraiengana, Ohola eta Oholibagana, emakume likits haiengana.
45. Baina gizon zintzoek epaitu egingo dituzte, adulteriogile eta hiltzaileei dagokien zigorra emanez; adulteriogile eta hiltzaile dira, izan ere.
46. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Bildu batzarra horien kontra, ikara eta pipil ditzan;
47. batzarrak harrikatu eta ezpataz hilko ditu; seme-alabak hilko dizkie eta etxeak erreko.
48. Nik amaiaraziko dut lurralde honetan likiskeria. Eskarmentu hartuko dute emakume guztiek eta ez dute zuek bezalako likiskeriarik egingo.
49. Zuen likiskeriak merezitako ordaina emango dizuete, eta idoloekin egindako bekatuen ondorenak jasango dituzue. Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna».
1. Bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, honela mintzatu zitzaidan Jauna:
2. «Gizaseme, idatzi gaurko egunaren data; gaurko egunez, hain zuzen ere, eraso baitio Babiloniako erregeak Jerusalemi.
3. Kontaiozu parabola bat herri errebelde honi eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: «Jarri tupina sutan eta bota ura bertara.
4. Ipini okela-zatiak, zatirik onenak, izter eta bizkarraldea; baita hezurrik onenak ere.
5. Hartu arkume ederrena; gero, pilatu azpian egurra, irakin dezala borbor, hezurrak ere ongi egosteko.
6. Izan ere, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai hiri odolzalea, herdoildutako tupina, herdoila galtzen ez duena! Hustu ezazu zatirik zati, bakar bat ere utzi gabe.
7. Izan ere, isuri duen odola beraren baitan dago: haitz soilaren gainean isuri du eta ez lurrera, hautsak estal ez dezan.
8. Nire sumina suspertu du; mendeku gabe gera ez dadin, haitz soilean, estali gabe, utzi dut isuri duen odola.
9. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai hiri odolzalea! Su handia egingo dut nik ere.
10. Pilatu egurra erruz eta piztu sua; egosi ongi haragia, bota gozagarriak, eta desegin daitezela hezurrak.
11. Utzi txinparta gainean tupina hutsik, berotu brontzea goritu arte, ea zikinkeria urtu eta herdoila joaten zaion.
12. «Baina ahalegin guztiak alferrik! Herdoil asko du eta suak ere ezin kendu.
13. Jerusalem! Kutsaturik zaude zeure likiskeriaz; garbitu nahi izan zaitut, baina ez didazu zikinkeria garbitzen utzi. Ez zara, bada, garbi geldituko nire sumina zure gain zeharo hustu arte.
14. Nik, Jaunak, hitz egin dut eta bete egingo dut, atzera egin gabe; ez naiz errukituko, ez damutuko. Zure jokabidearen eta egintza txarren arabera epaituko zaitut. Nik, Jainko Jaunak, esana».
15. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:
16. «Gizaseme, zure begien pozgarri dena kenduko dizut bat-batean. Baina zuk ez egin dolu, ez hasi aieneka edo negarrez.
17. Egin negar isilean, baina ez egin ohiko dolurik; jarri buruzapia, jantzi sandaliak, ez estali aurpegia eta ez jan hileta-ogirik ».
18. Goizean herriari hitz egin nion; arratsean emaztea hil zitzaidan eta, biharamunean, agindutako guztia bete nuen.
19. Esan zidan jendeak: «Ez al diguzu azaldu behar zer esan nahi duen egiten ari zarenak?»
20. Erantzun nien: «Hau esan dit Jaunak:
21. Hitz egiozu Israel herriari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuen babesleku eta harrogarri, begien pozgarri eta bihotzen xarma den neure santutegia profanatuko dut. Jerusalemen utzi zenituzten seme-alabak gerran hilko dira.
22. Eta orduan, Ezekielek egin duena egingo duzue: ez duzue aurpegia estaliko, ezta hileta-ogirik jango ere.
23. Buruzapiekin eta sandaliekin jarraituko duzue, ez duzue dolu egingo, ezta negarrik ere, baizik eta zeuen erruengatik galduko zarete eta elkarren artean jardungo negar-zotinka.
24. Ezekiel seinale izango da zuentzat; berak egin duen guztia egingo duzue. Eta hori gertatzean, orduan jakingo duzue ni naizela Jainko Jauna».
25. Esan zidan Jaunak: «Hara, gizaseme, babesleku eta alaitasun zoragarri, begien pozgarri eta bihotzen xarma zutena kenduko diet, baita seme-alabak ere.
26. Hori gertatuko den egunean, iheslari bat iritsiko zaizu berri ematera.
27. Iheslaria iristeaz bat, zure ahoa zabalduko da eta hitz egingo duzu, ez duzu mutu jarraituko. Beraientzat seinale izango zara eta jakingo dute ni naizela Jauna».
1. Erromes-kanta. Salomonena. Etxea Jaunak eraikitzen ez badu, alferrik ari dira etxegileak. Hiria Jaunak zaintzen ez badu, alferrik daude erne hirizainak.
2. Alferrik duzue goizean goiz jaiki eta berandu oheratzea, nekearen nekez ogia irabaztea: bere adiskideei lotan daudela ematen die Jaunak!
3. Hara, seme-alabak dituzu Jaunaren ondare, sabeleko fruitua harengandiko sari.
4. Gudariaren eskuan geziak bezala, halaxe gaztetako seme-alabak.
5. Zorionekoa geziontzia beraiekin betea duena! Ez du porrot egingo; atzera eragingo die etsaiei hiriko ateetatik.
24. Gurasoei lapurtu eta «Ez da bekatu» dioena kriminalen pareko bihurtzen da.
1. Fedea, itxaroten dena lortzeko segurtasuna da, ikusten ez diren gauzez konbentzitua egotea.
2. Fede horrengatik onetsi zituen Jainkoak gure arbasoak.
3. Fedeari esker ulertzen dugu bere hitzaz eratu zuela Jainkoak mundua eta, beraz, ikusten duguna ageri ez denetik sortua dela.
4. Fedeari esker eskaini zion Abelek Jainkoari Kainek baino opari ederragoa; horregatik, Jainkoak zintzotzat aitortu zuen Abel eta honen eskaintzak onartu, eta fedeari esker hitz egiten du Abelek, hilda gero ere.
5. Fedeari esker eraman zuen Jainkoak Henok heriotzarik jasan gabe; desagertu egin zen, Jainkoak eramanik. Baina, eramana izan zela esan aurretik, Jainkoak nahi bezala jokatu zuela esaten du Liburu Santuak.
6. Izan ere, federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela.
7. Fedeari esker, Noek, oraindik ikusten ez ziren gauzen berri izan zuelarik, ontzia egin zuen etxekoak salbatzeko, Jainkoaren esaneko izanez. Bere fedeaz gaitzetsi egin zuen mundu sinesgabea, eta fedetik datorren salbamenaren oinordeko egin zen.
8. Fedeari esker, Abraham, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere.
9. Fedea zuelako, bere herria utzi eta atzerritar gisa bizi izan zen Jainkoak agindutako lurraldean; oihal-etxolatan bizi izan zen, Jainkoaren agintzari bera hartu zuten Isaak eta Jakob biziko ziren bezalaxe;
10. eta hori, zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuelako.
11. Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzeman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen.
12. Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.
13. Horiek guztiak Jainkoak hitzemandako ondasunak eskuratu gabe hil ziren; baina fedearen argitan urrutira ikusi eta agurtu egin zituzten, horrela lur honetan arrotz eta atzerritar zirela aitortuz.
14. Izan ere, horrela hitz egiten dutenek garbi adierazten dute aberriaren bila dabiltzala.
15. Utzi zuten lurraldea izan balute gogoan, bazuten egokiera hara itzultzeko.
16. Baina lur hobea zuten irrika, zerukoa alegia. Horregatik, Jainkoa ez da lotsatzen «haien Jainko» deitua izateaz, hiri bat ere prestatu baitie.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)