2. «Gizaseme, hau diotsot nik, Jainko Jaunak, Israel herriari: Amaiera! Badator amaiera herrialde honetako lau bazterretaraino.
3. Zuretzat ere amaiera da orain: neure haserrea isuriko dut zure kontra, zeure jokabidearen arabera epaituko zaitut eta egintza higuingarri guztien kontu eskatuko.
4. Ez dizut errukirik izango, ezta barkatuko ere, zeure jokabideak merezitako ordaina emango dizut, eta zeure egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzu; orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.
6. Amaiera dator, badator; gainean duzue amaiera, hor dator, hor!
7. Zuen txanda da, herrialde honetako biztanleok. Badator garaia, hurbil da eguna! Pozaren ordez izua izango da mendi gainetan.
8. Berehalaxe isuriko dut neure sumina zuen aurka, eta haserrea hustuko; zeuen jokabidearen arabera epaituko zaituztet eta egintza higuingarri guztien ordaina emango.
9. Ez dizuet errukirik izango, ezta barkatuko ere; zeuen jokabideak merezitako ordaina emango dizuet, eta zeuen egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zigortzen zaituztena».
10. Hau dio Jaunak: «Hona hemen eguna! Badator, iristear dago zuen txanda. Garatu egin da zabarkeria, harropuzkeria hedatu.
11. Indarkeria, gaiztoaren aginte-makila, nagusitu da. Baina honetatik guztitik ez da ezer geldituko; akabo horien burrunbada eta algarak.
12. Badator garaia, bertan da eguna! Eroslea ez dadila poz, saltzailea ez dadila atsekabe, guztiak harrapatuko baititu nire suminak.
13. Saltzaileak ez du bere salgaia berreskuratuko, nahiz eta bizirik egon, beteko baita herri osoaren aurka erabakitakoa. Inor ez da bizirik aterako bere gaiztakeriagatik.
14. Turuta joko dute, prestakuntzak egingo, baina inor ez gudura joango, guztiak harrapatuko baititu nire suminak.
15. Gerra kanpoan, izurria eta gosea etxean. Landan dagoena gerran hilko da, hirian dagoena goseak eta izurriak irentsita.
16. Bizirik gelditzen direnek ihes egingo dute, mendietara joango dira, haranetako usoak bezala, denak intzirika, nor bere erruarengatik.
17. «Esku guztiak ahuldu egingo dira, belaun guztiak makaldu.
18. «Dolu-jantzia jarriko dute soinean, izu-ikarak harrapatuko ditu: aurpegi guztiak lotsaz gorri, buruak soilduta ilerik gabe.
19. «Zilarra kalera botako dute, urrea zabortzat hartuko. Ez urreak, ez zilarrak, ez ditu libratuko Jaunaren sumin-egunean, urreak eta zilarrak eragin baitzieten bekatu. Ez diete gosea aseko, ezta sabelak ere beteko.
20. Harro zeuden beren bitxien edertasunaz; beraiekin egin zituzten idolo higuingarrien irudiak; horregatik, zabor bihurtuko dizkiet.
21. Arrotzen esku utziko dut lurraldea, soil dezaten; herrialdeko gaizkileen esku, harrapakin gerta dadin. Eta profanatu egingo dute.
22. Ez naiz beraietaz arduratuko, eta profanatu egingo dute nire altxorra: gaizkileak sartuko dira hirira eta profanatu egingo dute.
24. Naziorik ankerrenak etorraraziko ditut, etxeez jabe daitezen. Nik bukaraziko dut ahaltsuen harrokeria eta profanatu egingo dituzte berorien santutegiak.
25. Izualdia etortzean, bakea bilatuko dute, baina alferrik!
26. Hondamendia hondamendiaren gain etorriko da, albiste txarrak albiste txarren gain; ikuskaria eskatuko diote profetari; apaizak ez du irakaspenik emango, ezta kontseilariek ere aholkurik.
27. Erregea doluz egongo da, printzea etsipenak jota, jendea dardaraz. Haien jokabidearen arabera jokatuko dut beraiekin, beraiek epaitu ohi duten eran epaituko ditut; orduan jakingo dute ni naizela Jauna».
1. Seigarren urtean, seigarren hilaren bostean, Judako erbesteratuen arduradunekin batera neure etxean eserita nengoela, Jainko Jaunaren indarra jabetu zen nitaz.
2. Gizaki-antzeko irudi bat ikusi nuen: gerrialdetik behera suzkoa zen; gerrialdetik gora metal goriaren distira bezalako argitasunez inguratua.
3. Esku-antzeko zerbait luzatu eta iletik heldu zidan; Jaunaren espirituak airean altxatu ninduen eta, Jainkoarengandiko ikuskaritan, Jerusalemgo tenplura eraman, iparraldera jotzen duen barneko atearen ondora; bertan zegoen Jaunari iraingarri eta jasanezin zitzaion idoloa.
4. Eta han agertu zitzaidan Israelen Jainkoaren aintza, haranean ikusia nuena bera.
5. Esan zidan: «Gizaseme, jaso begiak iparralderantz». Iparralderantz begiratu eta aldarea dagoeneko atariaren iparraldera, sarreran, Jaunari jasanezin zitzaion idolo hura ikusi nuen.
6. Orduan, esan zidan: «Gizaseme, ikusten duzu zertan ari diren? Ikusten Israel herriak hemen egiten dituen higuingarritasunak, ni neure santutegitik alde egitera behartuz? Baina higuingarritasun handiagoak ere ikusiko dituzu oraindik».
7. Gero, atariko sarrerara eraman ninduen. Horman zirrikitu bat ikusi nuen.
8. Esan zidan: «Gizaseme, zulatu horma hortxe bertan». Zulatu nuen horma eta irekidura bat egin zen.
9. Orduan, esan zidan: «Sartu eta ikusi hauek hemen egiten ari diren higuingarritasun izugarriak».
10. Sartu eta mota guztietako narrasti eta piztia nazkagarrien irudiak eta Israel herriko idolo guztiak ikusi nituen horman marraztuta, inguru guztian.
11. Israel herriko hirurogeita hamar arduradun, Xafanen seme Jaazanias erdian zela, irudi haien aurrean zeuden nor bere intsentsu-ontziarekin, eta intsentsuaren lurrina gora zihoan.
12. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, ikusten al duzu Israel herriko arduradunek ilunpetan egiten dutena, bakoitza bere irudi marraztuen gelatxoan dagoenean? Esaten dute: “Ez gaitu Jaunak ikusten; bertan behera utzi du Jaunak herrialde hau”».
13. Eta erantsi zidan: «Ikusiko duzu oraindik hauek baino higuingarritasun handiagorik».
14. Jaunaren etxearen iparraldeko ate ondora eraman ninduen; han emakumeak zeuden eserita Tamuz jainkoarengatik dolu egiten.
15. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Bada, ikusiko duzu oraindik hau baino higuingarritasun handiagorik».
16. Jaunaren etxeko barne-atarira eraman ninduen eta, tenpluko sarreran, atalondo eta aldare artean, hogeita bosten bat gizon ikusi nituen, bizkarrez Jaunaren tenplurantz eta aurpegiz ekialderantz; ekialderantz ahuspezturik, eguzkia gurtzen ari ziren.
17. Esan zidan Jaunak: «Ikusten al duzu, gizaseme? Eta hemen egiten dituzten higuingarritasunekin Juda herriak aski ez balu bezala, indarkeriaz betetzen dute herrialdea, ni are gehiago irainduz. Begira nola eramaten duten erramua sudurreraino!
18. Bada, neuk ere suminez jokatuko dut; ez diet errukirik izango, ezta barkatuko ere; oihu handiz egingo didate dei, baina ez diet entzungo».
1. Erromes-kanta. Larrialdian Jaunari egin nion dei eta hark erantzun.
3. Zein gogor zigortuko zaituen Jaunak, mihi maltzur hori,
4. gudari-gezi zorrotzen, ipuru-ikatz gorien antzeko zaren hori!
5. Ai ene! Hobe nuen atzerrian urruti bizi izan banintz, Mexeken edo Kedarko oihal-etxoletan!
6. Luzaroegi bizi izan naiz hemen bakea gorroto dutenekin!
7. Nik bakea besterik ez ahoan; haiek, berriz, beti borrokan.
15. Orroka ari den lehoia eta hartz gosetia bezalakoa gobernari gaiztoa herri xehearentzat.
1. Beraz, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoen bitartean, kontuz ibili behar dugu, zuetakoren bat sartu gabe geldi ez dadin.
2. Guri ere berri ona eman zaigu gure arbasoei bezala; baina hauei ez zien ezertarako balio izan mezua entzuteak, entzun sinetsi gabe entzun zuten eta.
3. Gu, ordea, sinesten badugu, sar gaitezke Jainkoaren atsedenean; honetaz esan zuen Jainkoak: Orduan, zin egin nuen haserre: «Ez, ez dira sartuko atsedenerako eman nien lurraldera». Egia esan, mundua eginez gero, bukatuak zituen Jainkoak bere lanak;
4. honela esaten baita Liburu Santuan zazpigarren egunaz: Zazpigarren egunean atseden hartu zuen Jainkoak berak eginiko lan guztitik.
5. Baina aipatu dugun pasartean, Ez dira nire atsedenean sartuko esan zaigu.
6. Horrela bada, batetik, atseden horretan batzuk sartzekoak direlako eta, bestetik, berri ona lehendabizi hartu zutenak beren desobedientziagatik sartu ez zirelako,
7. beste egun bat, gaur bat, jarri du Jainkoak, askoz geroago Daviden bitartez lehen aipaturiko hitzok esanez: Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue, ez gogortu bihotzak.
8. Josuek israeldarrei atsedena eman izan balie, Jainkoak ez zukeen beste geroagoko egun batez hitz egingo.
9. Bada, beraz, oraindik beste atseden-egun bat Jainkoaren herriarentzat.
10. Eta Jainkoaren atsedenean sartzen denak bere lanetik atseden hartzen du, Jainkoak ere bere lanetik atseden hartu zuen bezala.
11. Saia gaitezen, bada, atseden horretan sartzen, eta ez dadila inor sinesgogorkerian eror, gure aurrekoen etsenpluari jarraituz.
12. Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa, aho biko ezpata bera baino sarkorragoa: gogo eta espirituaren sakon-sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu.
13. Ez da harentzat munduan ezer gorderik; dena dago agerian eta zabalik, kontuak eman beharko dizkiogun harentzat.
14. Beraz, gure apaiz nagusi handia, Jesus Jainkoaren Semea, zeruan sartua dugunez gero, euts diezaiogun sendo aitortzen dugun fedeari.
15. Izan ere, gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik.
16. Hurbil gaitezen, bada, konfiantza osoz Jainkoaren onginahiaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izan dezagun.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)