La Bible en un an
Décembre 10

1. «Israel haur zela maite izan nuen eta Egiptotik ateratzeko dei egin nion neure semeari.
2. Baina zenbat eta gehiago deitu nik, hainbat eta urrutiago alde egiten zidaten. Baalei sakrifizioak eskaintzen zizkieten, sasijainkoei intsentsua erretzen.
3. Nik erakutsi nion oinez Efraimi, besoetan eraman nuen. Hala ere, ez ziren ohartu nik nituela zaintzen.
4. Amodio-lokarriz erakartzen nituen, maitasun-loturaz. Haurtxoa musuraino jasotzen duenaren antzeko nintzen haientzat; makurtu eta jaten ematen nion.
5. Efraim Egiptora itzuliko da, Asiria izango du nagusi, ez baitu niregana itzuli nahi izan.
6. Bere hirietan ezpatak erasoko dio, babeslekuak hauts bihurtuko dizkio, beraien burutazioengatik.
7. Nire herriak ez du inola ere niregana itzuli nahi; begiak Goikoarengana jasotzen ditu, baina inork laguntzen ez.
8. «Nola utziko zaitut, Efraim? Nola zapuztuko zaitut, Israel? Nola zu bertan behera utzi, Adma utzi nuen bezala? Nola egin zuri, Tzeboimi egin niona? Ikara degit bihotzak, gupidaz beterik.
9. Ez diot haserreari pizten utziko, ez dut Efraim berriro desegingo, Jainkoa bainaiz ni, ez gizakia; santua ni zuen artean, eta ez natorkizue haserre-suminez».
10. Jaunaren ondoren joango dira. Jaunak lehoiak bezala orro egin, eta haren seme-alabak ikaraz etorriko dira sartaldetik.
11. «Txoriak bezala, dardaraz etorriko dira Egiptotik, usoak bezala, Asiriatik. Beren etxeetan jarriko ditut bizitzen. Hala diot nik, Jaunak.
1. «Gezurrez inguratua nauka Efraimek, faltsukeriaz Israelek. Baina Juda Jainkoarekin dago oraindik, leial zaio Santu-santuari.
2. Israel haizez mantentzen da, hego-haizearen ondoren dabil egun osoan. Gezurra gezurraren gain, gogorkeria gogorkeriaren gain. Asiriarekin ituna egiten du, Egiptorekin salerosketan dabil».
3. Auzitara jo du Jaunak Judako herriaren aurka, bere jokabideagatik Jakobi kontuak eskatzeko, bere egintzen ordaina emateko.
4. Oraindik amaren sabelean zegoela, anaiari iruzur egin zion Jakobek. Gizondu zenean, borroka egin zuen Jainkoarekin.
5. Aingeru batekin borroka egin eta garaitu, negar egin eta onespena lortu zuen. Betelen aurkitu eta bertan mintzatu zitzaion Jainkoa:
6. «Jauna, Jainko ahalguztiduna, Jauna du izena».
7. Beraz, Israel, itzul zaitez zeure Jainkoarengana, jokatu maitasunez eta zuzenbidez, izan uste on etengabe Jainkoarengan.
8. Honela dio Jaunak: «Kanaandar honek, ordea, pisu faltsua darabil, engainua du maite.
9. Efraimek honela dio: “Bai, aberastu egin naiz, ondasun handiak bildu ditut, baina nire irabazietan ez du inork bekatu edo hutsegiterik aurkituko”.
10. Baina ni, Jaun hau, zure Jainkoa naiz Egipton zeundenetik. Oihal-etxoletan biziaraziko zaitut berriro, basamortuan elkar aurkitu genuenean bezala.
11. Profetei hitz egin nien, ikuskariak ugari eman nizkien eta, orain ere, profeten bitartez egiten ditut neure oharpenak.
12. Galaadeko jendea gaizkilea bazen, haiek hutsaren hurrengo dira. Gilgal-en zezenak eskaintzen zituzten; baina haien aldareak ez dira soroetako harri-piloa besterik».
13. Mesopotamiara ihesi joan eta bertan morroi egon zen Jakob, emakume baten truke. Emakume batengatik zituen ardiak zaindu.
14. Baina Jaunak profeta baten bidez atera zuen Israel Egiptotik eta profeta baten bidez zuen zaindu.
17. Oi Jainko, bai paregabeak niretzat zure burutapenak, bai sakona haien barne-muina!
18. Kontatzen hasten banaiz, hondarra baino ugariago dira. Berpiztu nadila eta jarrai dezadala beti zurekin!
19. Oi Jainko, gaiztoak hilko bazenitu! Urrun niregandik, odolzaleok!
20. Maltzurkeriaz mintzo dira zutaz eta zure kontra alferrik altxatzen.
21. Gorroto dizutenei, Jauna, nola ez nik gorroto izan? Kontra altxatzen zaizkizunei nola ez higuin izan?
22. Gorroto biziz gorroto izan ditut, niretzat ere etsai bihurtu dira.
23. Oi Jainko, iker nazazu eta ezagutu nire bihotza, proba nazazu eta ezagutu nire ardurak.
24. Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik.
22. Odol-beroak liskarra sorrarazten, suminkorrak bekatuak ugaltzen.
1. Nik, Judasek, Jesu Kristoren zerbitzari eta Santiagoren anaia honek, zuei idazten dizuet, federa deituak izan zaretenoi, Jainko Aitak maite eta Jesu Kristok zaintzen zaituztenoi.
2. Errukia, bakea eta maitasuna oparo izan ditzazuela.
3. Ene maiteok, gogo bizia nuen denoi dagokigun salbamenaz zuei idazteko; baina, orain, beharrak agindurik idazten dizuet eta arren eskatzen borroka egin dezazuela fedearen alde, Jainkoarenak direnei behin betiko eman zaien fedearen alde.
4. Izan ere, bada hor azpikeriaz sartu zaizuen zenbait, aspaldidanik Liburu Santuak kondenatutzat emana, jende sinesgabea. Gure Jainkoaren onginahia jokabide biziotsurako aitzakiatzat hartzen dute eta Jesu Kristo, gure Jaun eta Jabe bakarra, ukatzen.
5. Hau guztia ongi baino hobeki dakizuen arren, berriro gogoratu nahi dizuet. Jaunak, Israel herria Egiptotik atera ondoren, galdu egin zituen sinetsi ez zutenak.
6. Aingeruak ere, beren maila gorde nahi ez eta zegokien tokitik alde egin zutenak, Jainkoak ilunpetan gorderik dauzka, katez betiko loturik, auzi-egun handiaren zain.
7. Sodomak eta Gomorrak eta inguruko hiriek ere, aingeruek bezala, lizunkeriara eta naturaren kontrako bizioetara emanak zeudelako, betiko suaren zigorra jasan zuten, eta hor gelditu dira guztien eskarmenturako.
8. Hala eta guztiz ere, zuen arteko horiek, beren ameskeriek liluraturik, beren gorputza kutsatzen dute, Jaunaren agintea gutxiesten eta maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien kontra.
9. Mikel goiaingeruak berak ere ez zuen horrelakorik egin: Moisesen gorpua nork eramango deabruarekin tirabiran zebilela, ez zen ausartu hari ezer iraingarririk esaten; «Jaunak zigor zaitzala» besterik ez zion esan.
10. Horiek, berriz, ezagutzen ez dutena ere iraindu egiten dute, eta arrazoi gabeko senez, animaliek bezala, ezagutzen dutena galbide gertatzen zaie.
11. Errukarriak horiek benetan! Kainen bidetik jo dute, diru-gosez Balaamen okerbidean sartu dira eta, Kore bezala, beren errebeldiagatik galdu.
12. Hori lotsa! Zuen elkarte-otorduetan jan-edanean jarduten dute lasai, beren buruak gizentzen. Haizeak daramatzan euri gabeko laino dira; udazkenean fruiturik ematen ez duten arbola, bi aldiz hilak, sustraitik atereak;
13. itsasoko olatu haserreak dira, beren lotsarien aparra botatzen dutenak; izar iheskorrak, betikotasun guztirako ilunpe beltzak zain dauzkatenak.
14. Horiei buruz iragarri zuen Henokek ere, Adamengandik hasi eta zazpigarren patriarkak, profezia hau: «Hara, Jauna bere milaka eta milaka santurekin dator
15. mundu guztia epaitzera eta gaizkile guztiak kondenatzera, egin dituzten gaiztakeria guztiengatik eta bekatari sinesgabeok Jainkoaren kontra esan dituzten irain guztiengatik».
16. Gaizki-esale dira, beti kexu, beren grinen arabera dabiltzanak; harrokeria besterik ez dute ahoan, eta beren probetxurako lausengatzen dute jendea.
17. Zuek, ene maiteok, gogoratu Jesu Kristo gure Jaunaren apostoluek aurrez iragarria:
18. «Azken garaietan gizon isekariak izango dira, beren grina zitalen arabera ibiliko direnak».
19. Zatiketak sortzen dituztenak dira horiek, giza mailan bakarrik bizi den jendea, Espirituak gidatu gabea.
20. Baina zuek, ene maiteok, jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen. Egin otoitz Espiritu Santuaren eraginez;
21. zaudete tinko Jainkoaren maitasunean, betiko bizitza emango dizuen Jesu Kristo gure Jaunaren errukiaren zain.
22. Erruki zaitezte zalantzan dabiltzanez;
23. salba itzazue, sutatik ateraz; gainerakoez izan erruki, baina kontu handiz, beren jokabide txarraz kutsatu duten jantzia bera ere gorrotatuz.
24. Bekatuan erortzetik gorde eta bere presentzia aintzatsuan akatsik gabe eta pozez beterik agerrarazi zaitzaketenari,
25. gure salbatzaile den Jainko bakarrari, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, aintza, handitasuna, ahalmena eta agintea betidanik, orain eta beti! Amen.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)