La Bible en un an Mars 19Nombres 35:1-341. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean:2. «Agindu israeldarrei jabetzan hartuko duten ondaretik lebitarrei zenbait hiri emateko, inguruko lurrekin batera, haietan bizi daitezen.3. Hiriak berak bizitzeko izango dituzte, eta herri-lurrak azienda eta abereentzat.4. Lebitarrei eman beharreko herri-lurrak harresietatik kilometro bateko erradioan hedatuko dira,5. hau da, mila metro neurtuko dituzte ekialde zein mendebaldera, hegoalde zein iparraldera, hiria erdian geldituko delarik. Horiek izango dira herri-lurrak.6. Lebitarrei emango dizkiete sei babes-hiriak, hau da, hiltzailearen ihesleku izateko ezarriko dituztenak; horiez gain beste berrogeita bi hiri emango dizkiete;7. berrogeita zortzi hiri, beraz, guztira, bakoitza bere herri-lurrekin.8. Israeldarren ondaretik lebitarrei hiriak ematerakoan, leinu bakoitzak egokitu zaion ondare-zatiaren arabera emango dizkie: ondare handiagoa jaso duenak hiri gehiago, txikiagoa jaso duenak gutxiago».9. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:10. «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean,11. babes-hiriak aukeratuko dituzue. Nahi gabe norbait hiltzen duenak han aurkituko du iheslekua.12. Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenaren eskuetatik ihes egin ahal izateko; horrela, hiltzailea ez da hilko, elkartearen aurrean auzitara agertu baino lehen.13. «Sei babes-hiri aukeratuko dituzue,14. hiru Jordanez ekialdera eta beste hiru Kanaan lurraldean.15. Sei hiriok babes-hiri izango dituzte, bai israeldarrek, bai etorkin nahiz israeldarren artean ostatuz dauden bidaiariek: nahi gabe hiltzen duen edonork, haietan aurkituko du iheslekua.16. «Burdinazko tresnaz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.17. Hiltzeko moduko harria jaurtiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.18. Hiltzeko moduko zurezko tresna jaurtiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.19. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.20. «Gorrotoz bultza eginez edo asmo txarrez zerbait jaurtiz21. edota amorraturik ukabilez joz, norbait hiltzen duena, heriotzara emango dute: hiltzaile da. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.22. «Baina gerta daiteke ustekabean eta amorrurik gabe bultza egin nahiz asmo txarrik gabe zerbait jaurti izatea;23. edota norbaitek hiltzeko moduko harria bota eta ikusi ez duen beste norbaiten gainera eroriz hil izatea, nahiz eta elkarren etsai ez izan eta kalte egiteko asmorik ez eduki.24. Halako kasuetan, inguruabar horiek kontuan harturik, elkarteak erabakiko du hiltzailearen eta mendeku-eskubidea duenaren arteko auzia.25. Elkarteak libratu egingo du hiltzailea mendekariaren eskuetatik, eta ihesleku izan duen babes-hirira itzularaziko berriro; hantxe biziko da, olio sakratuz gantzuturiko apaiz nagusia hil arte.26. Baina ihesleku duen babes-hiriaren mugetatik irteten bada,27. eta mendeku-eskubidea duenak, babes-hiriaren mugetatik kanpo aurkitu eta hiltzen badu, ez du hilketarik egiten.28. Hiltzailea, beraz, babes-hirian biziko da, apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke bere jabetzara.29. «Hori guztia lege izango duzue belaunez belaun, biziko zareten edonon.30. «Hilketarik denean, zenbait lekukoren aitorpenaz bakarrik eman ahal izango da hiltzailea heriotzara. Lekuko bakarra ez da aski inori heriotza-zigorra emateko.31. Heriotza-zigorra merezi duen hiltzailearen bizia ezin izango da ordaindu diruaren truke; heriotzara emango dute.32. Ez diozue dirurik onartuko babes-hiriren batean babestu denari ere, apaiz nagusia hil baino lehen bere lur-ondarera itzultzeko baimenaren truke.33. «Ez profanatu zaudeten lurraldea. Hilketak profanatu egiten du lurraldea, eta isuritako odoletik lurraldea garbi gelditzeko bide bakarra hiltzailearen odola da, heriotza-zigorra alegia.34. «Ez kutsatu bizi zareteneko lurraldea, neu ere bertan bizi bainaiz; izan ere, ni, Jauna, israeldarren artean bizi naiz».Nombres 36:1-131. Galaaden senitarteko arduradunek —Galaad Joseren ondorengoa zen, Makirren semea eta Manasesen iloba— Moises eta israeldar senitarteen arduradunengana joan2. eta esan zieten: «Jaunak zozketaz lurraldea israeldarrei banatzeko agindu dizu, baita gure senide Tzelofhaden ondarea beraren alabei emateko ere.3. Horiek horrela, alabak beste leinuren bateko gizonekin ezkonduko balira, beraien ondare-zatia, gure arbasoen ondaretik banandu eta senarren leinukoari erantsiko litzaioke. Horrela, zozketan egokitu zitzaigun ondarea murriztua gertatuko litzateke.4. Eta Jubileu Urtea iristean, Tzelofhaden alaben ondarea behin betiko erantsiko litzaioke senarren leinukoari eta gure arbasoen leinutik banandurik geldituko».5. Orduan, Jaunaren aginduz, argibide hauek eman zizkien Moisesek: «Arrazoia dute Joseren leinukoek.6. Hona, bada, Jaunak agintzen duena Tzelofhaden alabei buruzko auzian: Hauek nahi duten gizonekin ezkon daitezke, beraien aitaren leinuko senitartekoa izatekotan.7. Horrela, israeldarren artean ez da ondare-zatirik leinu batetik bestera aldatuko; israeldarrek nork bere aitaren ondareari atxikirik jarraituko dute.8. Israeldar leinu bateko ondare-zati bat herentzian hartzen duen emakumea ez daiteke ezkon bere aitaren leinuko ez den gizonarekin; horrela, israeldarrek nork bere aitaren ondareari eutsiko diote,9. eta ondarea ez da leinu batetik bestera aldatuko, baizik eta israeldar leinuek nork bere ondareari atxikirik jarraituko dute».10. Tzelofhaden alabek Jaunak Moisesi agindu bezala egin zuten.11. Mahla, Tirtza, Hogla, Milka eta Noa, Tzelofhaden alabak, lehengusuekin ezkondu ziren,12. Joseren seme Manasesen ondorengoen senitarteko gizonekin, beraz. Horrela, haien ondarea beren aitaren leinuko senitartean gelditu zen.13. Horiek dira Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, Jaunak Moisesen bidez israeldarrei eman zizkien agindu eta arauak.Psaumes 35:17-2817. Jauna, noiz arte egon behar duzu begira? Askatu nire bizia haien tranpetatik! Libra nazazu lehoi horiengandik!18. Eskerrak emango dizkizut batzar nagusian, jendetzaren aurrean zaitut goretsiko.19. Ez dezatela nire lepotik barre egin nire etsai maltzurrek! Ez dezatela begi-keinuka jardun arrazoirik gabe gorroto didatenek!20. Ez dute inoiz bakezko hitzik; lurraldeko jende baketsuaren aurka makurkeriak asmatzen dituzte.21. Nire aurka ahozabal, honela diote: «Hara, guk geuk ikusi dugu!»22. Ikusi duzu, Jauna! Ez isildu! Jauna, ez egon niregandik urrun!23. Esnatu eta zatoz nire eskubidearen alde, jokatu auzian nire alde, ene Jaun eta Jainko!24. Egidazu justizia zeure justiziari dagokionez, ene Jainko Jauna! Ez dezatela nire lepotik barre egin!25. Ez dezatela pentsa: «A zer gozamena! » Ez dezatela esan: «Horrenak egin ditugu!»26. Lotsa gorritan geldi bitez, denak batera, nire zoritxarraz pozten direnak! Lotsaz eta laidoz estali bitez nire aurka harro dabiltzanak!27. Alai bitez eta poz-oihuka ekin nire eskubideen alde daudenek! Behin eta berriz esan bezate: «Handia da Jauna! Bere morroiari zoriona opa izan dio».28. Eta nire mihiak zure justizia iragarriko du, egunero zu goratuko!Proverbes 12:3-33. Gaiztakeria ez da oinarri sendoa inorentzat; zintzoaren sustraia, ordea, iraunkorra.Marc 15:25-4725. Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean.26. Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea».27. Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.(28. ).29. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez: «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena!30. Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»31. Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez: «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin.32. Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun». Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.33. Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte.34. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani?» (Hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?» ).35. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten: «Eliasi deika ari duk».36. Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez: «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».37. Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.38. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.39. Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen: «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».40. Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome.41. Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.42. Ilunabarrean —larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna —,43. Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen.44. Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela.45. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri.46. Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen.47. Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden. Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso