La Bible en un an Mai 111 Samuel 24:1-221. David handik igo eta En-Gediko haitzarteetan gelditu zen.2. Filistearrak borrokatzetik itzultzean, esan zioten Sauli: «En-Gediko eremuan duzu David».3. Hartu zituen Saulek hiru mila gizon, Israel osoan aukeratuak, eta David eta honen gizonen bila joan zen Tzure-Jeelimera, hau da, «Basahuntzen Harkaitzetara».4. Bide ondoan zegoen ardi-eskorta batera heltzean, leize-zulo batean sartu zen Saul sabela hustera. Leize hartantxe zeuden, hain zuzen, barru-barruan gorderik, David eta beronen gizonak.5. Hauek esan zioten Davidi: —Gaur bete da Jaunak esan zizun hura: «Zure esku uzten dut zure etsaia; egiozu egokien iruditzen zaizuna». Jaiki zen David eta, isil-isilik, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuen.6. Bihotzeko harra sentitu zuen orduan, Saulen soingainekoaren ertza ebaki zuelako.7. Eta esan zien bere gizonei: —Ezta inola ere! Ezin diot halakorik egin ene jaunari, Jaunak gantzutu duenari. Ezin diot eskurik erantsi, Jaunaren gantzutua baita.8. Hitz hauez geldiarazi zituen Davidek bere gizonak eta debekatu egin zien Sauli erasotzea. Jaiki zen Saul, leize-zulotik atera eta bere bideari lotu zitzaion berriro.9. Ondoren, jaiki zen David ere, leizetik atera eta oihu egin zuen Saulen atzean: —Ene errege jauna! Saulek atzera begiratu zuen. David, lurreraino makurtuz, ahuspeztu egin zitzaion.10. Esan zion, orduan, Davidek Sauli: —Zergatik entzuten diozu David zu hondatu nahian dabilela diotsun jendeari?11. Une honetan zeure begiz ikus dezakezunez, nire esku utzi zaitu gaur Jaunak leize-zuloan. Zu hiltzeko esaten zidaten, baina errukitu egin natzaizu, neure buruari hau esanez: «Ez diot erantsiko eskurik nire jaunari, Jaunak gantzutua baita».12. Hona hemen, ene aita, hona zure soingainekoaren ertza nire eskuan. Soingainekoaren ertza ebaki, bai, baina zu ez zaitut hil. Ohar zaitez eta jakizu, ez dudala asmo txarrik, ez maltzurkeriarik, eta ez dizudala kalterik egin. Zu, aldiz, nire bila zabiltza bizia kentzeko.13. Izan bedi Jauna gu bion artean epaile! Mendeka nazala Jaunak zure bidez! Baina nik ez dizut eskurik erantsiko.14. Esaera zaharrak dioena: «Gaiztoek gaiztakeria». Nik, ordea, ez dizut eskurik erantsiko.15. Noren bila zabiltza, zu, Israelgo errege hori? Noren atzetik zoaz? Zakur akabatuaren atzetik? Arkakusoren baten atzetik?16. Izan bedi Jauna gu bion artean epaile, erabaki beza berak zure eta nire artean; azter eta zain beza nire auzia, eta aska nazala zure eskuetatik!17. Davidek hitz hauek bukatzean, esan zion Saulek: —Zure ahotsa al dut hori, David, ene seme? Eta oihuka, negarrari eman zion Saulek.18. Gero, esan zion Davidi: —Ni baino zuzenagoa zara. On baizik ez didazu egin; nik, berriz, gaitza itzuli dizut.19. Gaur bertan, agerian utzi duzu on baizik ez didazula egin, Jaunak zure esku utzi nauen arren, ez bainauzu hil.20. Gizon batek bere etsaia aurkitu eta utziko ote lioke bere bidetik joaten? Ordain diezazula Jaunak zuk gaur niri egindako ongia.21. Orain, badakit zu izanen zarela errege, eta Israelgo erregetzak zure eskuetan iraungo duela.22. Egidazu zin, Jaunaren izenean, ez dituzula nire ondorengoak suntsituko, ezta nire izena ezabatuko ere nire aitaren senitartetik.1 Samuel 25:1-441. Garai hartan, hil zen Samuel eta Israel osoa bildu zen hiletak egiteko. Ramako bere etxean ehortzi zuten. David Paran basamortura jaitsi zen.2. Bazen Maonen bere ondasunak Karmelen zituen gizon bat. Gizon oso aberatsa zen, hiru mila ardi eta mila ahuntzen jabe. Ardi-moztera joana zen Karmelera.3. Nabal deitzen zen gizon hura; Abigail zuen emaztea. Hau zentzuduna eta ederra zen; senarra, berriz, zakarra eta gaiztoa. Kaleben jatorrikoa zen.4. Basamortuan zebilelarik, entzun zuen Davidek Nabal ardi-mozten ari zela5. eta hamar mutil bidali zizkion, esanez: «Igo zaitezte Karmelera Nabalengana; egiozue nire izenean bake-agurra6. eta esan: “Izan ongi! Bakea zurekin, bakea etxekoekin, bakea zurean diren guztiekin!7. Ardi-mozten ari zarela entzun dut. Zure artzainak gurekin izan zirenean, ez genien inolako kalterik egin; Karmelen izan ziren bitarte guztian ez genien deus ere ukitu.8. Galdegiezu zeure morroiei eta esango dizute. Orain, beraz, har itzazu ongi mutil hauek, egun egokian baitatoz. Eman, otoi, zeure zerbitzarioi eta David zeure adiskideari eskura duzuna”».9. Daviden mutilek, heldu zirenean, hitz horiek esan zizkioten Nabali, Daviden izenean, eta zain gelditu ziren.10. Nabalek, ordea, erantzun zien Daviden mutilei: «Nor da David hori? Nor da Jeseren seme hori? Gaur egun esklabo asko dabil bere jabearengandik ihesi.11. Neure ogia, neure ura eta moztaileentzat hil ditudan abereen okela hartu eta nondik datorren ere ez dakidan jendeari eman behar al dizkiot?»12. Itzuli ziren, beraz, Daviden mutilak beren bidetik eta, heldu zirenean, hori guztia adierazi zioten Davidi.13. Honek, orduan, agindu zien bere mutilei: «Hartu nork bere ezpata gerrian!» Hartu zuen nork bere ezpata gerrian, eta Davidek ere bai berea. Laurehunen bat gizonek jarraitu zioten Davidi; beste berrehunak tresneria zaintzen gelditu ziren.14. Morroietarik batek adierazi zion Nabalen emazte Abigaili: «Hara, Davidek mandatariak igorri ditu basamortutik, gure nagusiari bake-agurra egitera. Honek, ordea, zakar erantzun die.15. Gizon haiek oso ongi jokatu zuten gurekin, ez ziguten inolako kalterik egin, eta ez ziguten deus ere ukitu larreetan haiekin ibili ginen bitartean.16. Babesle izan genituen, gau eta egun, beraien artean artzain ibili ginen bitarte guztian.17. Pentsa ezazu eta ikusi zer egin behar zenukeen; bestela, erabakia baitago gure nagusiaren eta beronen etxe osoaren hondamendia. Maltzur-gaizto horrekin ezin baitu inork hitzik ere egin».18. Abigailek, bizkor, hartu zituen berrehun ogi, bi zahagi ardo, bost ahari burruntzian erreak, bost arroa gari xigortu, ehun mahaspasa-mordo eta berrehun piku-opil eta astoen gainean ezarri zituen.19. Gero, esan zien bere morroiei: «Zoazte nire aurretik; ni atzetik joango naiz». Bere senar Nabali ez zion ezer ere esan.20. Asto baten gainean jarria, Abigail mendiko toki gordeetan behera zihoalarik, han non datorren beherantz David bere gizonekin emakumearen aldera. Bat-batean, aurrez aurre gertatu ziren.21. Davidek hizketa hau zekarren: «Alferrik ari izan naiz basamortuan haren ondasun guztiak zaintzen, harenak batere ukitu gabe, on egina orain gaizki ordaintzeko!22. Zigor dezala Jaunak gogor David, baldin eta horren etxekoen artean gizonezko bat ere bizirik uzten badut egunsentirako».23. Abigail, David ikusi orduko, asto gainetik bizkor jaitsi eta makurtu egin zen Daviden aitzinean, lurreraino ahuspeztuz.24. Oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Uztazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak.25. Arren, ez egin kasurik, ene jauna, Nabal maltzur-gaizto horri. Ongi emana du bere izena: zital deritza, eta zital hutsa da, izan ere. Nik ez nituen ikusi zuk bidalitako mutilak.26. Baina, Jauna badela eta zu hemen zaudela bezain egia da Jaunak berak galarazi dizula odola isurtzea eta mendekua zeure eskuz egitea. Gerta bekie Nabali gertatuko zaiona, zu hondatu nahian dabiltzan etsaiei ere.27. Har itzazu, ene jauna, ekarri dizkizudan esku-erakutsiak eta eman zeure mutilei.28. Barka, otoi, zeure mirabe honen errua. Ondorengotza sendoa emanen dizu Jaunak, Jaunaren gudua ari baitzara egiten, eta bizitza osoan ez da okerkeriarik aurkitu zuregan.29. Inoiz, norbaitek, zu hil nahian, erasotzen badizu, Jaunak, zure Jainkoak, ongi gordeko du zure bizia bere eskuetan. Zure etsaien biziak, aldiz, jaurti egingo ditu, harria habailaz bezala.30. Esandako on guztiak emango dizkizu Jaunak eta zu, ene jauna, Israelen buruzagi eginen zaitu.31. Ez dezazula orduan, ez kezkatu, ez damutu beharrik izan, odol errugabea isuri eta mendekua zeure eskuz egina duzulako. Jaunak ondasunez bete zaitzanean, oroit zaitez zeure mirabe honetaz».32. Davidek ihardetsi zion Abigaili: —Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, zu gaur nire bidera bidali zaituelako!33. Bedeinkatua zure zuhurtzia, bedeinkatua zeu ere, eragotzi egin baitidazu gaur odola isurtzea eta mendekua neure eskuz egitea.34. Baina, ala Jauna, Israelen Jainkoa, zuri kalte egitea galarazi didana! Zu nire bidera bizkor etorri ez bazina, ez zen Nabalenean gizonezkorik bizirik geldituko egunsentirako.35. Hartu zituen Davidek emakumeak ekarritakoak eta esan zion: —Igo bakean zeure etxera. Aditu dut zure ahotsa. Onartu dut zure eskaria.36. Abigail Nabalengana itzuli zen. Egundoko afaria egiten ari zen hau bere etxean, errege-otordua adinakoa. Alai-alai zegoen Nabal eta arrunt mozkortua. Abigailek ez zion hitzik esan biharamun goiza arte;37. argi-nabarrean, ordea, mozkorra joan zitzaionean, gertaturikoa jakinarazi zion Nabali. Bihotzekoak eman zion orduan Nabali, eta harria bezain gogor gelditu zen.38. Hamar egun ingururen buruan, heriotzaz jo zuen Jaunak Nabal eta hil egin zen.39. Nabal hila zela aditu zuelarik, esan zuen Davidek: «Bedeinkatua Jauna! Nire alde jokatu baitu Nabalek egin zidan irainaren aurrean. Okerra egitea galarazi dit; Nabali, berriz, gainera bota dio Jaunak bere gaiztakeria». Ondoren, mandatariak igorri zizkion Davidek Abigaili, emaztetzat hartu nahi zuela adieraziz.40. Heldu ziren, bada, Daviden mandatariak Karmelera Abigailengana eta honela mintzatu zitzaizkion: —Davidek bidali gaitu zuregana, emaztetzat hartu nahi zaituela eta.41. Jaiki zen emakumea, lurreraino ahuspeztu eta esan zien: —Daviden mirabe nauzue, prest nago jaunaren morroiei oinak garbitzeko.42. Abigail, berehala jaiki, asto gainean jarri eta bost neskatxa lagun hartuz, Daviden mandatarien ondoren joan eta Davidekin ezkondu zen.43. David Izreelgo Ahinoamekin ezkondua zegoen ordurako; horrela, biak zituen emazte.44. Izan ere, Saulek bere alaba Mikal, Daviden emazte izana, Galimgo Laixen seme Paltiri eman zion emazte.Psaumes 60:1-51. Koru-zuzendariarentzat. «Liliak» doinuan. Miktam. Davidena. Irakaspenerako.2. David Mesopotamiako eta Tzobako aramearren kontra borrokan ari izan zenekoa eta, itzultzean, Joabek Gatz haranean edomdarrak —hamabi mila gizon— garaitu zituenekoa.3. Baztertu egin gaituzu, oi Jainko, eta hautsi, haserreturik, aldendu egin zara guregandik.4. Lurraldea dardararazi duzu eta zartatu; konpondu haren pitzadurak, honda ez dadin!5. Gorriak ikusarazi dizkiozu zeure herriari, zorabiozko ardoa edanarazi diguzu.Proverbes 16:3-33. Utzi Jaunaren esku zeure eginbeharra eta bete egingo dira zure egitasmoak.Jean 1:29-5129. Biharamunean, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.30. Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.31. Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».32. Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.33. Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”.34. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».35. Hurrengo egunean, berriro ere bertan zegoen Joan bere bi ikaslerekin.36. Jesus handik igarotzen ikusirik, esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa».37. Bi ikasleek, hori entzutean, Jesusi jarraitu zioten.38. Jesusek, atzera begiratu eta ondoren zetozkiola ikusirik, galdetu zien: —Zeren bila zabiltzate? Haiek erantzun: —Rabbi, non bizi zara? (Rabbik «Maisu» esan nahi du).39. Jesusek esan zien: —Etorri eta ikusi. Joan, non bizi zen ikusi eta berarekin gelditu ziren egun hartan. Arratsaldeko laurak aldea zen.40. Joani entzun eta Jesusi jarraitu zioten bietariko bat Andres zen, Simon Pedroren anaia.41. Lehenik, bere anaia Simonekin egin zuen topo, eta esan zion: «Mesias aurkitu diagu» (Mesiasek «Kristo» —hau da, Gantzutu— esan nahi du).42. Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begira-begira jarririk, esan zion: «Simon zara zu, Joanen semea, baina aurrerantzean Kefas deituko zara» (Kefasek «Pedro» —hau da, Harkaitz— esan nahi du).43. Biharamunean, Jesusek Galilearantz joatea erabaki zuen. Felipe aurkitu eta esan zion: «Jarraitu niri».44. Felipe Betsaidakoa zen, Andres eta Pedroren herrikoa.45. Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion: —Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zuten hura aurkitu diagu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.46. Natanaelek esan zion: —Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik? Felipek erantzun zion: —Etorri eta ikusi.47. Ikusi zuen Jesusek Natanael zetorkiola, eta esan zuen: —Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea.48. Natanaelek galdetu zion: —Nondik ezagutzen nauzu? Jesusek erantzun: —Felipek deitu aurretik ikusi zintudan pikupean.49. Natanaelek esan zion: —Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.50. Jesusek ihardetsi zion: —Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu!51. Eta gaineratu zuen: —Bene-benetan diotsuet: Zerua irekia ikusiko duzue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean. Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso