La Bible en un an Juin 182 Rois 25:1-301. Sedekiasen erregealdiko bederatzigarren urtean, hamargarren hilaren hamarrean, Babiloniako errege Nabukodonosor Jerusalemen kontra etorri zen gudaroste osoarekin eta setiatu egin zuen, inguru guztian harresia eraikiz.2. Sedekias erregearen hamaikagarren urtea arte egon zen setiatua Jerusalem.3. Urte hartan janaria ahitu zen hirian eta jendearen gosea izugarria zen. Laugarren hilaren bederatzian,4. zuloa ireki zuten barrukoek harresian eta, gauez, hiriko gudari guztiek ihes egin zuten erregearen lorategi ondoan zegoen bi harresien arteko atetik, babiloniarrek setiaturik zeuden arren. Erregeak Araba aldera alde egin zuen.5. Babiloniar gudarosteak, ordea, erregearen ondoren joan eta Jerikoko lautadan harrapatu zuen, beronekin ziren gudariak sakabanatu zirelarik.6. Erregea atzeman ondoren, Riblara eraman zuten, Babiloniako erregearen aurrera. Honek epaia eman zion.7. Sedekiasen semeei lepoa moztu zieten aitaren aurrean eta bera, begiak leherrarazi ondoren, Babiloniara eraman zuten, katez loturik.8. Babiloniako Nabukodonosorren erregealdiko hemeretzigarren urtean, bosgarren hilaren zazpian, Nebuzaradan Babiloniako erregearen funtzionarioa eta guardiaburua etorri zen Jerusalemera.9. Su eman zien Jaunaren etxeari, jauregiari eta Jerusalemgo etxeei, handikienei batez ere.10. Eta guardiaburuarekin batera zetorren babiloniar gudarosteak Jerusalemgo harresia bota egin zuen.11. Ondoren, Nebuzaradan guardiaburuak erbesteratu egin zituen hirian geldituak ziren bizilagunak, baita Babiloniako erregearen alde jarri zirenak eta gainerako jendea ere.12. Herriko jende xehea baizik ez zuen utzi, alorrak eta mahastiak landu zitzaten.13. Babiloniarrek zatikatu egin zituzten Jaunaren etxean zeuden brontzezko zutabeak, orgak eta uraska handia, eta Babiloniara eraman zuten brontzea.14. Kulturako erabili ohi ziren brontzezko tresna guztiak ere hartu zituzten: eltzeak, palak, labanak, katiluak.15. Guardiaburuak, gainera, urre nahiz zilar hutsezko tresnak hartu zituen: intsentsu-ontziak eta isipu-ontziak.16. Ezin zen jakin zenbat pisatzen zuen Salomonek Jaunaren etxerako eginak ziren bi zutabeen, uraskaren eta orgen brontzeak.17. Bi zutabeak berdinak ziren: bederatzina metro zuten gora, gainean metro eta erdiko kapitel bana, brontzezkoak, kapitel bakoitza brontzezko sare eta granadaz inguratua zelarik. Bi zutabeen apaingarriak ere berdinak ziren.18. Guardiaburuak atxilotu egin zituen Seraias apaizburua, Sofonias apaiz laguntzailea eta hiru atezainak.19. Hirian, berriz, gudarien arduradun zen ofizial bat, erregearen zerbitzura zeuden bost gizon, gudarien izenak hartzen zituen guda-idazkari bat eta beste hirurogei handiki atxilotu zituen, denak Jerusalemen gertatu baitziren.20. Nebuzaradan guardiaburuak hartu eta Riblara eraman zituen, Babiloniako erregeagana,21. eta honek bertan hilarazi, Hamat eskualdean. Honela erbesteratu zuten Judako jendea bere lurraldetik urruti.22. Babiloniako errege Nabukodonosorrek utziak zituen jende batzuk Judan; Ahikamen seme eta Xafanen biloba zen Godalias ezarri zien gobernari.23. Judan gelditu ziren gudalburuak, Babiloniako erregeak Godalias gobernari ezarri zuela jakitean, honengana joan ziren Mitzpara beren gizon guztiekin. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan, Netofako Tanhumeten seme Seraias, eta Jaazanias, maakarra.24. Godaliasek zin-hitz hau egin zien haiei eta haien gizonei: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue».25. Zazpigarren hilean, ordea, Netaniasen seme eta Elixamaren biloba Ismael, errege-jatorrikoa bera, Mitzpara joan zen hamar gizonekin eta hil egin zuen bertan Godalias, baita honekin ziren judatarrak eta babiloniarrak ere.26. Orduan, jende guztia, txiki eta handi, eta gudalburuak Egiptora joan ziren ihesi, babiloniarren beldurrez.27. Judako errege Joiakin, hogeita zazpi urtez gatibu egon ondoren, Ebil-Merodakek askatu egin zuen giltzapetik, Babiloniako errege egin zen urte berean, hamabigarren hilaren hogeita zazpian.28. Onez hartu zuen Ebil-Merodakek Joiakin erregea eta Babilonian berekin zituen beste erregeak baino gorago jarri zuen.29. Presondegiko jantziak erantzi eta, aurrerantzean, erregearen mahaian jan zuen beti, bere bizitza guztian.30. Eguneroko janaria, beraz, erregeak eman zion bere bizitza guztian.Psaumes 75:1-101. Koru-zuzendariarentzat. «Ez suntsitu» doinuan. Asafen salmoa. Kanta.2. Eskerrak zuri, Jainkoa, eskerrak zuri, hain hurbil zaitugun horri! Zeruak zure egintza miragarriak ditu iragartzen.3. Hau dio Jainkoak: «Neuk erabakiko dudan unean, zuzenbidez epaituko dut mundua.4. Nahiz eta lurrak bizilagun guztiekin ikara egin, nik dauzkat tinko haren zutoinak».5. Hau diotset handiputzei: «Ez harrotu!» Eta gaiztoei: «Ez ibili indarrak erakusten!6. Ez ibili arrandiaz indarrak erakusten, ez hitz egin horrela buru-harro».7. Ez ekialdetik eta ez mendebaldetik, ez basamortutik ere, ez dator goraldia:8. Jainkoak bakarrik du boterea; nahi duena eraisten du, nahi duena goratzen.9. Eskuan du Jaunak kopa, ardo bizi nahastuz gainezka; bertatik isuriko die, eta lurreko gaizto guztiek edan beharko dute, hondar eta guzti zurrupatu beharko.10. Ni, ordea, betiko poztuko naiz, Jakoben Jainkoaren omenez kantari.Proverbes 19:4-54. Adiskide asko erakartzen du aberastasunak, behartsua lagunek ere bertan behera uzten.5. Ez da zigor gabe geratuko lekuko faltsua, gezurra dioenak ez du ihes egingo.Actes 3:1-261. Behin batean, Pedro eta Joan tenplura zihoazen bazkalondoko otoitzera.2. Tenpluko «Ate Eder » esaten zioten sarreran, jaiotzatik herrena zen gizon bat zegoen. Egunero ezarri ohi zuten han, tenplura sartzen zirenei limosna eskatzeko.3. Pedro eta Joan sartzen ikusirik, limosna eskatu zien.4. Haiek begira gelditu zitzaizkion, eta Pedrok esan zion: «Begira guri».5. Hura adi-adi jarri zitzaien, zerbait emango ziotelakoan.6. Orduan, Pedrok esan zion: «Ez dut ez urrerik, ez zilarrik, baina dudana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jaiki eta ibili!»7. Eta, eskuineko eskutik harturik, altxarazi egin zuen. Bat-batean, gizonaren oinak eta orpoak indartu egin ziren;8. salto batez zutitu eta ibiltzen hasi zen. Eta apostoluekin batera tenplura sartu zen bere kasa oinez, saltoka eta Jainkoari goraka.9. Herri osoak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goratzen,10. eta, Ate Eder ondoan eserita limosna eske egoten zena bera zela oharturik, denak zur eta lur gelditu ziren gertatutakoaz.11. Gizona oraindik Pedro eta Joanekin zegoela, jende guztia, harriturik, haiengana joan zen lasterka, Salomonen aterpera.12. Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala?13. « Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren.14. Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu;15. biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik; gu gara horren testigu.16. Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez.17. «Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, baita zuen agintariek ere.18. Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela.19. Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen;20. horrela iritsiko zaizue Jaunaren kontsolazio-garaia, eta hark berriro bidaliko dizue Jesus, zuentzat izendatua zeukan Mesias.21. Honek zeruan egon behar du oraindik, harik eta gauza guztiak eraberrituko diren garaia, Jainkoak antzinatik bere profeta santuen ahoz iragarria, iritsi arte.22. «Moisesek, hain zuzen, esan zuen: Ni bezalako profeta sorraraziko dizue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; onartu hark esango dizuen guztia.23. Profeta haren mezua onartuko ez duena herritik bota egingo dute.24. Eta Samuelek eta geroztik hitz egin duten profeta guztiek ere iragarri dituzte egun hauek.25. Zeuentzako dituzue profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin zuen ituna ere; hau esan baitzion Abrahami: Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut.26. Lehenik zuentzat sorrarazi eta piztu du Jainkoak Jesus bere zerbitzaria, eta zuei bedeinkazioa ematera bidali du, zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada». Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso