19. sustraiak uretaraino iristen zaizkion eta gauetan ihintza adarretan pausatzen zaion zuhaitzaren antzera.
20. Ez da nire aintza urrituko, ezta nire indarrek huts egingo ere ”.
21. «Adi-adi entzuten zidaten, isilik onartzen nire oharpenak.
22. Nik hitz egin ondoren, ez zuen inork erantzuten, banan-banan jausten zitzaizkien gainera nire hitzak.
23. Euriaren esperoan bezala egoten zitzaizkidan zain, udaberriko euria bezala edaten zituzten nire hitzak.
24. Irribarre egiten nienean, ia-ia ezin zuten sinetsi, nire aurpegi argiaren irrikaz zeuden.
25. Haien buru jarri eta bidea erabakitzen nien, erregeak bere gudarosteei bezala, atsekabetuei adorea ematen dienak bezala.
1. «Orain, ordea, barre egiten didate ni baino gazteagoek, nahiz eta berauen gurasoei ez nien gai iritziko neure ardi-txakurrekin nahasteko ere.
2. Ezertarako ez nituen haien besoak, zeharo ahulduak baitzeuden.
3. Ihartuta zeuzkaten goseak eta miseriak, marraska ibiltzen ziren eremuan, lur ilun idorretan.
4. Sasi artean basalandareak biltzen zituzten, isats-sustraiez elikatzen;
5. gizartetik kanporatuak ziren, deiadarka jazarriak lapurrak bailiran;
6. harkaitz artean bizi ziren, koba eta haitzuloetan,
7. lahar artean uluka, arantzapean kuzkurtuta.
8. Jende doilorra zen, izen gabeko jendea, herrialdetik makilaka jaurtia.
9. «Eta orain, koplak ateratzen dizkidate, berorien burlagarri bihurtu naiz.
10. Higuindu egiten naute, niregandik urrundu eta aurpegira txu egiten.
11. Jainkoak indargabetu eta apaldu egin nauenez, ez didate batere begirunerik.
12. Ondoan ditut denak batera, bideak prestatzen nire hondamenerako;
13. ihesbidea ixten didate, ni galtzen saiatzen dira, inoren laguntza-beharrik ez dutelarik.
14. Zirriztu zabaletik oldartzen zaizkit erasoka burrundaratsu gainera.
15. Izu-ikarak menpean hartzen nau, haizea bezala desagertzen nire duintasuna, hodeia bezala ezerezten nire ongizatea.
16. Orain, biziak ihes egiten dit, estu eta larri bizi naiz atsekabez.
17. Gauez, hezurretaraino zulatuta saminez, etengabeko oinazeak izaten ditut.
18. Nire larruazala erabat desitxuratua dago, gaitzez estalia tunikaz bezala.
19. Lokatzetan murgildua nago, hona hemen ni hauts eta errauts bihurtua.
20. «Nik deiadar egin eta zuk, Jainko, ez didazu erantzuten, aurrean jarri eta begirada zorrotza botatzen didazu.
21. Nire borrero bihurtu zara, gogor erasotzen didazu ukabilka.
22. Airean eramaten nauzu, haizeaz eta ekaitzaz astintzen.
23. Badakit heriotzara naramazuna, bizidun guztien elkartokira.
24. «Ez al du pertsonak eskua luzatzen hondatzear dagoenean, eta laguntza eske garrasi egiten?
25. Ez al dut, bada, negar egin zoritxarrekoarekin eta erruki izan behartsuari?
26. Zorionaren zain, eta zoritxarra etorri zait; argia itxaroten, eta iluntasuna iritsi.
27. Irakiten dut barrua, atsekabe-egunak heldu zaizkit.
28. Kopetilun nabil, eguzki-argitik urrun; batzarrean jaiki eta deiadar egiten dut.
29. Txakalen kideko bihurtu naiz, ostruken lagunarteko.
30. Belztu eta erori egiten zait larruazala, hezurrak ere bai sukarraz.
31. Nire zitara doluminez dago, txirula negarrez.
7. Lotsa dira idolozale guztiak, huskeria horiekin harro daudenak. Ahuspez Jaunaren aurrean beste jainko guztiak!
8. Entzutean, Sion poztu, Judako hiriak alaitu egiten dira zuk erabakiagatik, Jauna!
9. Izan ere, Jauna, goi-goikoa zara, lur osoaren gainetik gailen, jainko guztien gainetik garai.
10. Gaitzari gorroto diotenak maite ditu Jaunak, bere fededunen bizia zaintzen du: gaiztoen eskutik libratuko ditu!
11. Argia sortzen da zintzoaren barruan, poza bihotz zuzenekoengan.
12. Poz zaitezte Jaunarekin, zintzook, goretsi, santua dela gogoratuz!
15. Ene seme, zuhur bihurtzen bazara, ni bihotz-bihotzez poztuko naiz;
16. barru-barrutik alaituko naiz, zuzen mintzatzen zarela ikustean.
1. Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Sostenes anaiak
2. Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari idazten diogu. Jesu Kristok sagaratu zaituzte eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten dioten guztiekin batera, hauek eta guk Jaun bat bera onartzen baitugu.
3. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
4. Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jainkoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik.
5. Izan ere, Kristoren bitartez, gauza guztietan aberats egin zaituzte, bai hitz egiteko eta bai ezagutzeko.
6. Kristori buruz egiten dugun aitormena zuen artean sendo finkatu denez,
7. ez da zuek ez duzuen dohainik, Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den zain zaudeten bitartean.
8. Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino, inork zuen aurka zeresanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.
9. Leiala da Jainkoa, eta berak deitu zaituzte bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin elkarturik bizitzera.
10. Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean, arren eskatzen dizuet: bat etor zaitezte guztiok eta ez bedi izan zatiketarik zuen artean. Bizi elkar ongi harturik, ikuspegi eta iritzi bat bera duzuela.
11. Kloeren jendearengandik jakin dut, senideok, eztabaidak dituzuela zeuen artean.
12. Alegia, nork bere aldetik honela omen dio: «Ni Paulorena naiz», «Ni Apolorena», «Ni Pedrorena», «Ni Kristorena».
13. Zatitua ote dago, bada, Kristo? Paulo gurutziltzatu ote zuten zuengatik? Edo Pauloren izenean bataiatu ote zintuzteten?
14. Jainkoari eskerrak, ez dut nik zuetako inor bataiatu, Krispo eta Gaio izan ezik.
15. Horrela, inork ez dezake esan nire izenean bataiatua izan denik.
16. A bai, Estebanen etxekoak ere nik bataiatu nituen, baina ez dut uste beste inor bataiatu dudanik.
17. Izan ere, Kristok ez ninduen bataiatzera bidali, berri ona hots egitera baizik, eta hau ez giza jakinduriazko hitzez, Kristoren gurutzeak bere indarra gal ez dezan.
18. Kristoren gurutzeko heriotzaren mezua zorakeria da galtzen direnentzat; guretzat, ordea, salbamen-bidean garenontzat, Jainkoaren indarra da.
19. Liburu Santuak dio, izan ere: Hondatu egingo dut jakintsuen jakinduria, eta huts bihurtuko adituen adimena.
20. Zertan dira jakintsuak, ikasiak, mundu honetako gauzetan adituak? Jainkoak ez ote du zorakeria bihurtu mundu honetako jakinduria?
21. Begira, Jainkoak bere jakinduria agertu duenean, gizakiak ez dira gauza izan beren jakinduriaz Jainkoa ezagutzeko; horregatik, Jainkoak, guk hots egiten dugun zorakeriaren bitartez salbatu nahi izan ditu fededunak.
22. Juduak mirarizko seinale eske dabiltza, eta jentilak jakinduria bila;
23. guk, berriz, Kristo gurutziltzatua predikatzen dugu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zentzurik gabea dena;
24. baina Jainkoak deitu dituenentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakinduria da.
25. Zeren Jainkoarengan zorakeria dirudiena gizakiak baino jakintsuago baita, eta Jainkoarengan ahulezia dirudiena gizakiak baino indartsuago.
26. Begira bestela, senideok, zeintzuk zareten Jainkoak deitu zaituztenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ezta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere.
27. Aitzitik, munduak zorotzat duena aukeratu du Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat duena indartsuak lotsarazteko;
28. munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat duena, munduaren begitan ezerez dena, aukeratu du Jainkoak, zerbait direla uste dutenak ezerezteko;
29. horrela, ez du inork Jainkoaren aurrean harrotzerik.
30. Berari zor diozue izatea, Jesu Kristori esker. Berau egin du Jainkoak guretzat jakinduria, berorren bidez askatu gaitu bekatutik, salbatu eta bere egin.
31. Horrela betetzen da Liburu Santuak dioen hura: Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)