La Bible en un an Août 9Job 9:1-351. Jobek erantzun zuen:2. «Bai, badakit horrela dela, gizakiak ez duela arrazoi Jainkoaren kontra.3. Harekin eztabaidan hasi nahi badu, mila argudiori ezin izango dio bakar batez ere erantzun.4. Jakinduriaz edo indarraz hornitua izanda ere, nork egingo dio aurre eta kaltegabe gelditu?5. «Mendiak, ohartu gabe, lekuz aldatzen ditu berak, irauli egiten ditu bere haserrean;6. lurra bere oinarrietatik astintzen du, eusten dioten zutabeak dardararaziz.7. Haren aginduz eguzkia ez da ateratzen, izarrak ezkutuan uzten ditu.8. Berak bakarrik zabaltzen ditu zeruak eta oinpean hartzen itsasoko uhinak.9. Berak sortzen ditu konstelazio eta zeruko izar-multzo guztiak.10. Ulermena gainditzen duten mirariak egiten ditu, gauza harrigarriak, ezin konta ahala.11. Neure ondotik bera igaro eta ez dut ikusten, ondo-ondotik pasatu eta ez naiz konturatzen.12. Zerbait hartzen badu, nork esan itzultzeko? Nork esango berari: “Zertan zabiltza?”13. Jainkoak ez du bere suminean amore ematen, bere oinpean hartzen ditu Rahab-en indarrak.14. «Ni izango ote naiz, bada, erantzungo diona? Nik aurkituko ote argudioak beraren aurka?15. Arrazoia badut ere, ez diot erantzungo; neure salatzaileari erregutu behar ote?16. Nik dei egin eta hark erantzungo balit ere, ez dut uste nire erreguari jaramon egingo liokeenik.17. Berak bainau ekaitzaz zanpatu, berak dizkit arrazoirik gabe zauriak ugaldu,18. arnasa hartzen ere ez dit uzten eta saminez asebetetzen nau.19. Indarrera jo? Bera da indartsuena. Zuzenbidera? Nork egin nire alde testigantza?20. Zuzena banintz ere, haren ahoak kondenatu egingo ninduke; errugabea izanik ere, maltzur agerraraziko.21. Errugabea al naiz? Neuk ere ez dakit. Nazkatua nago bizitzaz!22. Dena berdin da! Sarritan esan izan dut: Errugabea nahiz erruduna suntsitzen ditu Jainkoak.23. Ezbeharrez bat-batean heriotza gertatzen bada, barre egiten du hark errugabearen zoritxarraz.24. Herrialde bat gobernari gaiztoen esku dagoenean, nork estaltzen ditu hango epaileen begiak, berak izan ezik?25. «Korrikalaria baino bizkorrago doaz nire egunak: zoriona ikusi gabe doaz ihesi,26. ihizko ontziak bezain arin, arranoa harrapakinaren gainera bezala.27. Neure buruari “Ahaztu atsekabea, alaitu aurpegi hori”, esaten badiot28. oinaze guztien beldur jartzen naiz, ongi baitakit ez nauela errugabetzat hartuko.29. Eta gaitzetsia izan behar badut, zertarako nekatu alferrik?30. Nahiz elur-uraz garbitu, nahiz eskuak lixibaz igurtzi,31. lokatzetan murgilduko ninduke eta neure jantziek ere nire nazka izango.32. «Jainkoa ez da ni bezala gizon, erantzun diezaiodan edota biok auzitara joateko.33. Gu bion artean auzia erabaki lezakeen artekaririk balego,34. Jainkoaren makila kenduko lidake gainetik eta harenganako izuak ez ninduke ikaratuko.35. Orduan, bai, beldurrik gabe hitz egingo nuke. Baina hori ez da horrela, eta neurez bakarrik behar dut baliatu.Job 10:1-221. «Nazkatua nago bizitzaz! Ez ditut gordeko neure kexak, bihotzeko samina isuriko dut.2. Esango diot Jainkoari: Ez nazazu erruduntzat har. Esadazu zertaz salatzen nauzun.3. Ongi iruditzen al zaizu ni gogor hartzea, zeure eskuen lana mespretxatu eta gaiztoen egitamua ederrestea?4. Haragizko begiak al dituzu eta gizakiek bezala ikusten?5. Zure egunak eta urteak gizakiarenak bezain laburrak ote,6. nire errua eta bekatua aztertzen ibiltzeko,7. nahiz eta jakin ez naizela errudun eta inork ez nazakeela zure eskutik libra?8. «Zure eskuek egin ninduten, beraiek moldatu ninduten alde guztietatik, eta, orain, suntsitu egiten nauzu!9. Gogoan izan buztina bezala eratu ninduzula, eta hautsetara itzularaziko nauzula berriro.10. Ez al ninduzun isuri esnea bezala eta gero gazta bezala gatzatu?11. Azalez eta haragiz jantzi ninduzun, hezurrez eta zainez ehundu;12. biziaren dohaina eman zenidan eta ardura osoz zaindu duzu ene arnasa.13. «Baina beste zerbait zenuen zeure barnean gordeta; badakit orain zein zen zure asmoa:14. nik noiz bekatu egingo zain egotea, nire erruen zigorra emateko.15. Errudun izanez gero, ai ene! Errugabe izanik ere, ezin izango dut bururik altxatu, lotsaz betea bainago, miseria beti begi aurrean.16. Altxatzen badut, berriz, lehoiak bezala harrapatuko nauzu, zure balentriak nire kontra berreginez,17. berriro ene aurka erasoz, nireganako are amorru handiagoz, etengabe zure gudarosteak nire kontra bidaliz.18. «Beraz, zergatik irtenarazi ninduzun sabeletik? Hil banintz, inork ez nindukeen ikusiko,19. izan ez banintz bezala, sabeletik hilobira eramana izango.20. Hain dira urriak nire egunak! Utz nazazu bakean, pozalditxo bat izan dezadan,21. itzulerarik gabe joan aurretik ilunpe eta herio-itzalen herrialdera,22. iluntasun eta nahas-mahas hutseko, argi-izpirik gabeko herrialdera ».Psaumes 93:1-51. Jauna errege da, ospez jantzia, Jauna indarrez inguratua! Sendo ezarria dago mundua, ez da kolokatuko.2. Betikoa zara zu, Jauna! Zure tronua betidanik sendo ezarria!3. Ozendu dute itsas urek, Jauna, ozendu itsas urek orroa, ozendu itsas urek olatu-burrunba!4. Baina itsas orroa baino bizkorrago, itsas uhinak baino ahaltsuago, ahaltsuago da Jauna zeru goietan.5. Zure erabakiak fidagarri dira, zure etxea santutasunez eder, Jauna, egun eta beti.Proverbes 22:22-2322. Ez ustiatu behartsua, behartsu dela eta, ez zanpatu gizagaixoa auzitegian,23. Jaunak defendatuko baitu haien auzia eta bizia kenduko haiei kentzen dienari.Romains 9:16-3316. Arazoaren gorabehera ez dago norberak nahi izatean edota norbera saiatzean, Jainkoak errukia izatean baizik.17. Honela esaten dio Jainkoak faraoiari Liburu Santuan: Honetarako utzi zaitut bizirik: nire ahalmena erakusteko eta mundu osoak nor naizen jakin dezan.18. Beraz, Jainkoak nahi duenari dio erruki eta nahi duena uzten du bihotz-gogortzen.19. Baina esango didazu: «Zergatik haserretzen da, hortaz, Jainkoa, inork ere ezin badio beraren nahiari aurre egin?»20. Baina nor zara zu, gizagaixo hori, Jainkoari kontuak eskatzeko? Buztinezko ontziak esango ote dio buztinlariari: «Zergatik egin nauzu honelakoa?»21. Buztina ez ote dago buztinlariaren esku, honek lur beretik ontzi baliotsuak nahiz ontzi arruntak egiteko?22. Jainkoak bere haserrea erakutsi eta indarra azal zezakeen, nahi izanez gero, baina eroapen handiz jasan zituen zigorra merezi zutenak eta hondatuak izateko zeudenak.23. Horrela erakutsi nahi izan zuen zein eskuzabal zen errukiz hartu zituenekin, bere aintza azaltzeko aukeratu zituenekin.24. Hauen artean gaude gu ere, Jainkoak juduen artetik ez ezik, jentilen artetik ere deituok.25. Hori da Oseasen liburuan esaten dena: «Ez-nire-herria»ri «Zu-nire-herria» esango diot; eta «Ez-maitea»ri «Maitea».26. Eta, «Zuek ez zarete nire herria» esan beharrean, «Jainko biziaren seme-alaba» deituko ditu Jainkoak.27. Isaiasek, berriz, hau dio Israeli buruz: Israeldarrak itsasoko hondarrak bezain ugariak izango balira ere, bakar batzuk besterik ez dira salbatuko.28. Beteko du erabakia Jaunak, oso-osorik eta luzapenik gabe bete ere lurrean.29. Baina Isaiasek beste hau ere esan zuen aurrez: Jaun ahalguztidunak gutariko batzuk bizirik utzi ez balitu, Sodomaren eta Gomorraren azkena izango genukeen guk ere.30. Eta zer dugu honen ondorio? Jentilek, Jainkoaren onespena bilatzen saiatu gabe, Jainkoaren onespena iritsi zutela, fedeaz iristen den onespena, alegia.31. Israelek, berriz, Jainkoaren onespena emango zion legea betetzen saiatu arren, ez zuen helburua iritsi.32. Eta hori zergatik? Fedean oinarritu beharrean, egintzetan oinarritu zirelako. Horrela, behaztopa-harrian egin zuten estropezu,33. Liburu Santuak dioen bezala: Hona nik Sionen behaztopa-harria ipini, erorarazteko harkaitza. Baina harengan sinesten duenak ez du huts egingo. Basque Bible 2008 Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso