Izan ere, Jainkoak eginak gara; Kristo Jesusengan sortu gaitu, on egiten saia gaitezen, Jainkoak guretzat aurrez erabakia zuen bezala.
Gogoan dut zuen alde erabakia dudan egitasmoa, zuen zorionerakoa eta ez zuen zoritxarrerakoa, itxaropenez beteriko etorkizuna emango baitizuet. Hala diot nik, Jaunak.
Emakumea, erditzerakoan, triste egoten da, ordua heldu zaiolako; haurra jaio ondoren, ordea, ahaztu egiten da larrialdiaz, mundura gizon bat ekarri duelako.
Zuhurtziari esker urte asko hartuko dituzu, bizitza oso luzatuko.
Bizirako bidea erakutsiko didazu: alaitasun betea zure aurrean, betiko zoriona zure ondoan.
Gogora bitza zure eskaintza guztiak eta onar atseginez zure erre-oparia!
[4] Gauza bakarra diot Jaunari eskatu, horixe bakarrik dut irrika: Jaunaren etxean bizi nadila bizitza guztian, Jaunaren edertasunari begira eta haren tenpluaren zaindari. [5] Bere aterpean gordeko nau zoritxar-garaian, bere etxolako txokoan ezkutatuko, bere harkaitz gainera jasoko. [6] Horrela, burua tente eramango dut inguratzen nauten etsaien aurrean. Sakrifizioak eskainiko ditut haren etxolan poz-irrintziz, kantatu eta soinua joko diot Jaunari. [7] Entzun, Jauna, dei degizut! Erruki nitaz eta erantzun!
Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten, jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
Bere aingeruei aginduko die zu nonahi ere zaintzeko.
Bizitza luze eta betea emango diot eta neure salbamena gozaraziko».
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna: alai gaitezen eta poztu berarengan!
Zure Jainko Jauna zurekin dago, salbatzeko ahaltsu! Pozik bai pozik dago zurekin. Bere maitasunez biziberritzen zaitu. Pozez jauzika eta kantari dago zuregatik».
[4] Izan bedi Jauna zure atsegina, eta berak emango dizu bihotzak eskatzen dizuna. [5] Utzi Jaunaren esku zeure zoria, izan konfiantza harengan: berak ekingo dio zure alde;
[22] Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu. [23] Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna!
[24] «Jaunak bedeinka eta gorde zaitzala; [25] Jaunak aurpegi argia erakutsi eta erruki dakizula. [26] Jaunak maitasunez begiratu eta bakea eman diezazula.
[1] Koru-zuzendariarentzat. Davidena. Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen: [2] badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen. Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak. [3] Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi. Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. [4] Oraindik ez dut hitza mihian eta zuk, Jauna, badakizu esango dudana. [5] Atze eta aurre, estu bildua naukazu, zeure eskua nire gain ezarrita. [6] Miragarria zure ezagutza, nitaz gaindikoa, nik atzemateko garaiegia. [7] Nora joan zure espiritutik urruti? Nora ihes egin zure aurretik? [8] Zerura igota ere, zu hantxe! Hildakoen Egoitzara jaitsita ere, zu bertan! [9] Nahiz argiaren sorlekurantz hegaldatu, nahiz mendebaldeko itsas mugetan kokatu, [10] han ere zure ezkerra gainean izango dut, zure eskuinak helduko dit. [11] Nahiz nik esan: «Ilunpeak estaliko ahal nau, egun-argia gau bihurtuko ahal zait inguruan!», [12] ilunpea ere ez da zuretzat ilun, gaua ere eguna bezain argi: ilunpea eta argia zuretzat berdin! [13] Zuk eratu didazu gorputza, zuk zaindu nauzu amaren sabeletik. [14] Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako, zeure egintza miragarrietan nabarmena! Barru-barruraino ezagutzen ninduzun, [15] nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu, isilpean eratzen ari nintzela, lurraren barruan ehunduz nindoala. [16] Zure begiek nire bizi-aroak ikusten zituzten, idatziak zeuden denak zure liburuan; eratuak zenituen nire egunak, bat bakarra ere izatera iritsi baino lehen. [17] Oi Jainko, bai paregabeak niretzat zure burutapenak, bai sakona haien barne-muina! [18] Kontatzen hasten banaiz, hondarra baino ugariago dira. Berpiztu nadila eta jarrai dezadala beti zurekin! [19] Oi Jainko, gaiztoak hilko bazenitu! Urrun niregandik, odolzaleok! [20] Maltzurkeriaz mintzo dira zutaz eta zure kontra alferrik altxatzen. [21] Gorroto dizutenei, Jauna, nola ez nik gorroto izan? Kontra altxatzen zaizkizunei nola ez higuin izan? [22] Gorroto biziz gorroto izan ditut, niretzat ere etsai bihurtu dira. [23] Oi Jainko, iker nazazu eta ezagutu nire bihotza, proba nazazu eta ezagutu nire ardurak. [24] Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)