Aitzitik, munduak zorotzat duena aukeratu du Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat duena indartsuak lotsarazteko;
«Ez da gurasorik seme-alaben erruarengatik heriotzara emango, ezta seme-alabarik ere gurasoenagatik: nor bere bekatuagatik hilko dute.
«Zeru-lurrak hartzen ditut lekuko gaur zuen kontra: bizia eta heriotza jartzen dizkizuet aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak.
[15-16] Baina Jainkoak, jaio baino lehen aukeratu eta bere onginahiaz dei egin zidanak, gogoko izan zuen bere Semea niri agertzea, beronen berri ona jentilei adieraz niezaien. Nik, orduan, ez nion hezur-mamizko inori aholkurik eskatu,
Nik, ordea, neure kabuz suntsitu nituen zure errebeldiak, ez nituen kontuan hartu zure erruak.
Hau dio Jaunak, zure askatzaileak, amaren sabelean eratu zintuenak: «Neu naiz Jauna, gauza guztien egilea; bakar-bakarrik hedatu nuen zerua, inoren laguntzarik gabe finkatu lurra.
Semeak bere heriotzaz askapena eta bekatuen barkamena lortu dizkigu, Jainkoaren eskuzabaltasun agorrezinaren erakusgarri;
Jaunak erantzun zion: —Nork eman dio mihia gizakiari? Nork egiten du gizakia mutu ala gor, itsu ala ikusle, nik, Jaun honek, izan ezik?
Ez zaitez, Jauna, gehiegi haserre, ez izan beti gogoan gure errua. Begira, zure herria gara guztiok!
«Amaren sabelean sortu aurretik aukeratu zintudan; sabeletik irten aurretik sagaratu zintudan eta profeta izendatu, nire mezua herriei iragartzeko».
Aitortu Jauna Jainko dela. Berak eginak eta bereak gaitu, bere herri eta berak larraturiko artalde.
[6] Belenen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta [7] lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik.
[3] Goretsia izan bedi Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, zeruan, Kristoren bitartez, Espirituaren ondasun oroz bedeinkatu gaituena! [4] Kristorengan aukeratu gintuen mundua mundu izan baino lehen, haren aurrean santu eta akats gabe izan gaitezen maitasunez.
[19] Ez al dakizue zuen gorputza Jainkoak eman dizuen eta zuengan bizi den Espiritu Santuaren tenplu dela? Beraz, ez zarete jadanik zeuenak, [20] garesti ordainduz eskuratu baitzaituzte Jainkoak. Goretsazue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.
[9] Zoritxarrekoa, lurrontzi hutsa izanik, bere egilearekin eztabaidan hasten den gizakia! Buztinak buztinlariari esango ote: «Zertan ari zara?», edota «Zure ontziak ez du heldulekurik»? [10] Zoritxarrekoa aitari esaten diona: «Zergatik sortu ninduzun?», eta amari: «Zergatik ekarri ninduzun mundura?» [11] Hau dio Jaunak, Israelen Jainko santuak, haren egileak: «Neure seme-alabengatik kontuak eskatuko ote dizkidazue, edo neure lanean aginduak emango ote?
[22] «Gizonezko bi haserre ari direla, emakume haurdun bat jo eta honek haurra galtzen badu, beste inolako okerrik gabe, errudunak haren senarrak ezarritako ordaina emango du, epaileen erabakiaren arabera. [23] Baina bestelako okerrik gertatzen bada, bizia eman beharko du biziaren ordain, [24] begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain, [25] erredura erreduraren ordain, zauria zauriaren ordain, kolpea kolpearen ordain.
[13] Zuk eratu didazu gorputza, zuk zaindu nauzu amaren sabeletik. [14] Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako, zeure egintza miragarrietan nabarmena! Barru-barruraino ezagutzen ninduzun, [15] nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu, isilpean eratzen ari nintzela, lurraren barruan ehunduz nindoala. [16] Zure begiek nire bizi-aroak ikusten zituzten, idatziak zeuden denak zure liburuan; eratuak zenituen nire egunak, bat bakarra ere izatera iritsi baino lehen.
[41] Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet, [42] eta goraki esan zuen: «Bedeinkatua zu emakume guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua! [43] Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? [44] Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, pozez punpaka hasi zait haurra sabelean.
[1] Jainkoak hitz hauek esan zituen: [2] «Neu nauzu Jauna, zeure Jainkoa, Egiptotik, esklabotzatik, atera zintuena. [3] «Ez izan ni beste jainkorik. [4] «Ez egin idolorik, ez irudirik, goian zeruan, behean lurrean nahiz lurpeko uretan dagoenetik. [5] Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz: gorroto didaten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dut hirugarren eta laugarren belaunaldiraino ere; [6] baina mila belaunaldiz agertzen diet onginahia maite nautenei eta nire aginduak betetzen dituztenei. [7] «Ez erabili alferrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, ez baitut hori egingo duenik zigorrik gabe utziko. [8] «Gogoan izan larunbata, Jaunari sagaratzeko. [9] Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko; [10] baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere. [11] Zeren sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak, itsasoa eta berorietan bizi den guztia, eta zazpigarren egunean atseden hartu baitzuen. Horregatik, larunbata bedeinkatu egin zuen Jaunak eta egun sakratutzat ezarri. [12] «Ohoratu aita-amak, luzaro bizi zaitezen, Jaunak, zeure Jainkoak, ematen dizun lurraldean. [13] «Ez hil inor.
Basque Bible 2008
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional)